HUHEZIk master bat sortu du, kulturartekotasunaz
Masterrak izena du XXI. Mendeko hezkuntza: kulturartekotasuna eta eleaniztasuna eta bertan landuko dira eskola inklusiboa, hizkuntza normalkuntza eta eleaniztasuna eta euskal dimentsioa/europar dimentsioa, denak ere Hezkuntza Sailak aurreikusitako esparruak hezkuntza berriztatzeko.
Nori zuzendua
Master berria zuzendurik dago unibertsitate tituludunei, honako alorretan lan egiten dutenei bereziki: hizkuntzak (irakaskuntzan, materialgintzan, hizkuntzen kudeaketan, normalizazioan ), eleaniztasuna eta etorkinak, besteak beste.
Jatorri akademikoari dagokionez, karrera hauetako edozein ikasi dutenak onartuko dira: Irakasle ikasketak, Psikologia, Pedagogia, Euskal filologia, Gizarte Hezkuntza, Zuzenbidea, Kazetaritza, Soziologia, Filosofia, Antropologia, etab.
Helburuak
Ikasleek hainbat gaitasun landuko dituzte master honetan, hala nola, gizarteak gaur egun duen behar zehatz bati erantzutekoa, nola eragin modu baikorrean kulturartekotasuna garatzeko, nola ase irakasleen prestakuntza beharrak kulturartekotasunari eta eleaniztasunari dagokienez, nola aztertu kulturartekotasuna eta eleaniztasuna definitzen duten faktoreak, nola diseinatu hizkuntza curriculum bat, etab.
Printzipioak eta metodologia
Masterrak kasu errealak izango ditu beti abiapuntu, izan ere, oinarrizko printzipio bat izango du errealitatean eragitea eta berau eraldatzea, ahal dela. Bide horretan, ezinbesteko baldintza bat izango da inputak landa lanetik ere jasotzea, alegia, elkarrizketa eta bisitetatik.
Ekintzailetasuna eta talde lana landuko dira ikastaroan. Ikaslearen lana ebaluatzeko orduan, berriz, bi lan izango dira kontuan: bata taldekakoa (proiektua) eta bestea banakakoa (portfolioa). Ikasleek 60 kreditu egingo dituzte ikasturte bakar batean, ECTS kredituak.
Bestelako ezaugarriak
Master berriak honako ezaugarriak izango ditu, goian esandakoez gain:
- Iraupena: ikasturte bat.
- Modalitatea: presentziala eta on line.
- Non: Eskoriatzan (Gipuzkoa).
- Hasi: 2006ko urrian.
- Amaitu: 2007ko ekainean.
- Matrikulak: uztailaren 7a arte. Irailean berriro irekiko da.
- Hizkuntzak: euskara eta gaztelania.
- Gutxieneko taldea: 10.
- Gehieneko taldea: 30.
Informazio gehiago nahi duenak, deitu dezala 943 71 41 57 telefonora.
Erantzunak kargatzen...