Euskarazko hedabideen eta Interneten kontsumoa euskaldunen artean
Euskaldunek euskarazko hedabideen zer nolako kontsumoa egiten dugun aztertu du HPSk inkesta handi samar batekin. Gaur aurkeztu dute emaitza hedabideetako eta inguruetako zenbait lagunen artean, eta datuak ez zabaltzeko eskatu diguten arren, Sustatu.com-i dagokion apurren bat filtratzera ausartuko naiz, sumarioaren sekretua bortxatuz.
Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak aginduta egin zen inkesta 2005eko abenduan. 4.000 inkesta telefoniko egin ziren Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban. Euskararen eremu guztia ez da kontuan hartu, beraz.
Hori bai, euskaldunen unibertsoa da laginerako kontuan hartu dena, eta emaitzak neurtzen du euskaldunok zein medio euskaldun kontsumitzen dugun. Idatzizkoan, direla egunkariak, aldizkari orokorrak edo herri-prentsa; telebista, irratia eta on-line argitalpenak.
Emaitza Kultura sailburuak, Miren Azkaratek, eta HPSko buruak, Patxi Baztarrikak aurkeztu dituzte. Bertaratu garenei txosten batean eman dizkigute, eta ez zabaltzeko eskatu digute. Hedabideetako jendea zegoen, eta akaso hedabide ez garen beste batzuk: CodeSyntax deitu zuten, Sustatu eta Interneteko kontuengatik, suposatzen dut, eta neure ondoan egon da UEUko Xabier Isasi (beno, hauek Uztaro kaleratzen dute).
Sumarioaren sekretua apur bat larregikoa iruditzen zait. Egia esan, emaitzak ez dira gehiegi harritzekoak, edo, nire iritzi xumean, inor kezkatzeko moduko datu beltzegiak. Baina, tira, izan gaitezen diskretoak. Hala ere, Internet eta Sustaturen inguruan, lau datu esateko lizentzia emango diogu geure buruari... eta oker bagaude, ba, zigor gaitzatela!
Interneteko datuak
Euskaldunek ez dute Internet apenas kontsumitzen. Laginak errepresentatzen duen hiru probintzietako 613.000 euskalduneko unibertsoan, bisitaturiko web orri (sic) euskaldunen inguruan galdetutakoan, 571.500 lagunek ez dute bat ere ez ematen.
Web orri euskaldunik bai, baina izenik gabe, 11.100 lagunek aipatu dute. Eta hortik bera, 20 bat webguneren inguruko datuak daude. Diskretoak izanez, esan dezagun lehena Berria on line dela: 13.100 bisitari (noizbehinkakoak edo), eta 7.200 erabiltzaile ohiko (astero bizpahiru bider doazenak) ditu.
Gainerako erantzunek, nahiko datu eskasak ematen dituzte. Sailkapenean 8. dago Sustatu, 1.000 bisitari eta 400 erabiltzaile ohiko. Gure estatistika publikoen alderatuta, horrek zer esan nahi duen, ba... ez dakit.
Hortik behera, oraindik kopuru txikiagoekin agertzen dira izenak. Adibidez, "sei eta bat" izeneko zerbait, 400 bisitari, 100 erabiltzaile ohiko. Baina sei eta bat zer den Interneten... ba, hori ere ez dakit.
Inkestak jatorria, euskararen erabilera pautak, adina, sexua eta beste faktore batzuk ere alderatu ditu medioen kontsumoarekin, eta hortik ere datu interesgarriak atera daitezke.
Eman dizkiguten tauletan, medio desberdinen arteko datu pertsonalen araberako alderaketa bat ere eman digute. Web orrien alorrean Berria bakarrik agertzen da alderaketa horretan, baina datu esanguratsu batzuk ikus daitezke. Egunkari, irrati, aldizkari eta telebista nagusiekin alderatuta, konparaketan agertzen den Interneteko ale bakarrak, Berria.info-k hain zuzen, dauka:
- Audientzia maskulinoena (%67). Internet, mutilen kontua nonbait.
- Audientzia gazteena (%67, 16 eta 34 urte artean), Euskadi Gaztearen kasua salbu (%74). 50 urtetik gora, %7 bakarrik (Euskadi Gazteak %6).
- Audientzia jasoena: %70 goi-mailako ikasketen jabe.
Berria.info-ko datuak gainerako medio digitaletan errepikatuko ote dira? Zaila da jakitea, beste medioetarako hain audientzia murritzak izanda, baina, tira, akaso Internet medioaren berezitasuna adierazten du honek, gainerako medioetako kontsumoarekin hain desberdinak izanik Berria.info-ren datuak.
Erantzunak kargatzen...