Teknologia albisteak
2

Euskarabidea: gatazkaren konponbidearen inguruko agiria

Erabiltzailearen aurpegia
Kontseilua - Kontseilua
2006-06-27 : 18:06

Bizitzen ari garen abadagune politikoaren aurrean, Kontseiluak hausnarketa zabaldu nahi izan du euskalgintzako jendearen artean. Izan ere, jorratu nahi den ibilbide politikoan Euskal Herriko jendarte osoak zer esan eta zer egin ere baduelakoan gaude.Alde horretatik euskalgintzak, herri honetako gizarte-sektore garrantzitsuenetako bat izanik, iritzia eman behar duela uste du baita dagozkion konpromisoak hartu ere.Honen emaitza da, momentuz, gaur Bilbon aurkeztu den dokumentua.

Kontseilutik abiatu zen ideia gaur euskalgintzara lotuta dagoen jende multzo anitz, handi eta esanguratsuaren adierazpen bilakatu da, alegia, gaur aurkeztutako “EUSKARABIDEA”:

Agiri hau sinatzen dugunok euskararen alde lan egiteak elkartu gaitu. Gure arteko aniztasun ideologikoa eta politikoa handia bada ere, euskararen normalizazioa lortu nahiak kezkatzen gaitu guztiok eta garbi ikusten dugu Euskal Herrian sortu den une politikoa oso garrantzitsua izango dela euskarak dagokion lekua jendartean eskura dezan.

Orain arte urte luzetan euskararen alde lan egin dugun bezala, abian den prozesuaren aurrean itxaropentsu agertu nahi dugu eta prozesu honek aurrera egin ahala hizkuntza eskubideak bermatzeko eta euskararen normalizazioa bultzatzeko neurriak ere adosteko aukera politikoak ikusirik, urratuko den bidean zehar geure baliabideen arabera ahaleginak egiteko prest gaudela aitortzen dugu.

Beraz, oraingo egoera honen aurrean jendarte osoaren konpromisoa beharrezkoa delarik, guk ere geure konpromisoa luzatu eta iritzia eman nahi dugu.

1.- Elkarrizketan eta giza eskubideetan oinarritutako prozesuaren aldeko ahaleginetan pausoak emateko dugun konpromiso trinkoa adierazi nahi dugu. Bilakabide honetan norbanakook eta gizarte eragileok dagokigun protagonismoa izan behar dugula uste dugu eta prest gaude gure esku dagoen guztia eskaintzeko.

2.- Gatazka gainditzeko konponbidea herri honen eskubide indibidual eta kolektiboetan oinarritu behar da. Horien artean dauden hizkuntza-eskubideak zutarrietako bat dira norbanakoaren eta hizkuntza komunitatearen bizimodu duina lortzeko ezinbestekoak baitira, eta prozesuan euskal herritarrok hartutako erabakiak onartu behar diren neurrian, euskararen normalizazioa Euskal Herri osoan kanpotiko esku-hartzerik gabe aurrera eramateko eskubidea ere onartu behar delako.

3.- Mendeetan zehar euskaldunok bizi izan dugun hizkuntza-gutxitzeari bukaera eman behar zaio. Egun euskararen normalizazioa oztopatzen duten legeriak gainditzeko unea iritsi dela uste dugu. Horregatik, prozesu politikoak euskararen normalizazioa ahalbidetzea ezinbestekoa du, eta guk guztiok horren alde lan egiteko konpromisoa hartzen dugu.

4.- Ardura denona da, guk geurea ez dugu saihestu nahi eta, neurri berean, prozesuaren une bakoitzean konponbidearen parte diren eragile bakoitzak dagokion erantzukizun mailari muzin egin gabe joka dezala eskatzen dugu.

Erantzunak

Anton Bilbao
2006-06-28 : 14:05

> Horrelako agerraldiek euskarari, edo euskalgintzari, bere osotasunean, mesederik egiten ote dieten zalantza sortzen zait ba.

Euskararen normalizazioa gatazkari lotzea, eta gatazkaren konponbidea euskararen normalizazioari lotzea, aukera bat da, baina normalizazioari baino gehiago, mesede egingo dio planteramendu politiko jakinen bati, nire ustez.

Lehenagotik ere, beste bide batzuetatik bada ere, euskara gatazkari lotzen ahalegintzen dira euskararen normalizazioaren aurka daudenak ba.

Euskararen normalizazioaz beste mahai batean, beste giro batean eta beste patxada batekin jardun beharko litzatekeela uste osoa daukat.

Aintzine Arregi
2006-06-28 : 16:30

Nire ustez, hitz jokuak erakusten duen modura, euskara konponpidearekin lotuta agertu da eta ez gatazkarekin. Eta konponbideak planteamendu politiko guztiei egingo die mesede eta baita euskarari berari ere.

Errealitatea eraldatzeari begira hainbat iritzi eman dira, emakume esanguratsu batzuek adibidez "Ahotsak" dokumentua kaleratu zuten eta horregatik inori etzaio gogotu emakumea gatazkarekin lotu dutenik esatea, aldiz konponbiderako beste laguntza bat bezala ulertu da. Berdin sindikatuekin...

Bestalde sinatzaileak nortzuk diren ikusita nik uste dut egunero egunero euskararen normalizazioaren alde ari direla, patxadaz eta bideak jorratuz.

Erantzun

Sartu