Teknologia albisteak

Joxemari Urteaga: “Protagonista irakurlearen parekoa da: ez daki zer gertatuko den, igarri egin nahi du, zantzuak bilatzen ditu”

Erabiltzailearen aurpegia
xme - Elkar/Paperjalearen dieta
2006-06-23 : 14:06

Joxemari Urteagak (Lazkao, 1961) “Diamantezko miraria” gazteentzako nobela kaleratu berri du, bidaia eta abentura lagun irakurlea entretenitzeko asmoa duena. Hori baino gehiago ere bada hala ere.

Bost urteren buruan, zure bigarren nobela. 2001ean atera zenuen "Ordaina zor nizun", thriller antzeko bat, eta orain, berriz, "Diamantezko miraria", nobela historikoa...

Begiratu batean ez dute, ez, zerikusi handirik. Baina bien helburua izan da irakurlea entretenitzea, istorioan sartu, apurka barneratu eta ondo pasaraztea. “Diamantezko miraria”n ere zantzuak eman dizkiot irakurleari, galderak egin ditzan, zer gerta litekeen igartzen saia dadin. Bidaiaren eta abenturaren erdian misterio ukituak zipriztintzen du “Diamantezko miraria”.

Honen berezitasuna, aurrekoaren aldean, publikoarena da: badirudi irakurle gaztea izan duzula batik bat buruan. Zer izan da: zure irakasle-lanbidearen ondorioa?

Agian, inkontzientean, ofizioak afizioa kutsatu du. Baina abokatu idazleak ez du zertan abokatuentzat idatzi. Badakit gazteek zer irakurtzen duten eta zer gustatzen zaien; kritiko onak daude ikasleen artean, zehatzak. Dena den, idazten hasi aurretik ere oso argi neukan zer nahi nuen eta norentzat. Bai, gazteentzat, 12tik 112ra artekoentzat. Nigan eragin handia izan dute abentura liburuek, irakurle bihurtu naute. Azken finean, abentura nobelaren zeregin nagusia entretenitzea da. Ez da gutxi hori lortuz gero.

Hirurehun urte atzera egin duzu; nekeza izan da dokumentazio-bilketa, ala gustura egiten duzun lana da?

Atzera egiteak, noski, dokumentazio lana eskatzen du, hanka sartze larregirik egin nahi ez bada. Egia esan, ez zait batere nekeza egin, gustatzen zaidan gaia zen eta gustuko lana izan da. Dokumentazio asko dago eta asko irakurri behar izan dut, azkenean lauzpabost pintzelkadarekin paisaia margotzeko. Abentura nobelan, idazlearen lana marinelarenaren antzekoa da: ahalik eta zehatzen lan egin behar du; ikusi dena eta ikusi nahi dena zehatz deskribatu, esaldiak zaindu, tripulazioak txaluparen kubierta zaintzen duen moduan. Baina ezin duzu ikasitako guztia erabili, datuak eman behar dituzu, lekuak eta gertakizunak kokatu, sinesgarritasuna eskaini irakurleari, irakurtzen ari den lekuan eta garaian ikusarazi bere burua. Eta hori guztia aspertu gabe.

Gainera, pertsonaia batzuk historikoak dira, amaieran argitzen duzunez...

Historikoak dira Martin Aldia, Bernat Elhuyar eta Batis Egurrola protagonista nagusiak. Historia bera, askotan, fikzioa da. Beraz, fikzioak ere historia darabil istorioen iturri.

Pertsonaia historiko horiei nortasuna asmatu diezu, eta Martin Aldiakoa protagonista mutiko bat da; hain zuzen, iniziazio-prozesu baten antzekoa bizi du nobela honetan: aita galdu, lan berri bat ikasi, hainbat proba eta arrisku, maitasuna deskubritu...

Protagonistak gertakizunak nola bizi dituen da garrantzitsua, nola amesten dituen, eta nola kontatzen dizkion irakurleari. Protagonista irakurlearen parekoa da kasu honetan. Ez daki zer gertatuko den, zer gertatuko zaion; igarri egin nahi du, zantzuak bilatzen ditu, barne mundua eraikitzen du, eta erantzunak aurkitzen saiatzen da. Gauza bera gertatuko zaio irakurleari, protagonistei zer gerta dakiekeen igartzen saiatuko da, ematen zaizkion zantzuak lotzen dituen bitartean. Zerbaiten bila bezala, zerbait gertatzeko zain bidaiatzen du. Baina garrantzitsua bitartekoa da, bidaia da beti garrantzitsua. Nobela iniziatikoa da alde horretatik.

Donejakue, misterioa

Ondarroa ez da zure sorlekua baina bai bizilekua, eta hango kontuak oso bizi ageri dira zure idazlanetan, bai aurreko eleberrian bai oraingoan...

“Ordaina zor nizun” nobela Ondarroan kokatua zegoen, baina ez zen Ondarroaz hitz egiten, abiapuntu bat zen; Ondarroako lekuak ageri ziren, baina egon zitekeen beste nonbaiten, eta ez dakit irakurle guztiek kokatu zuten. Oraingoan ere abiapuntu izan dut, antzinako Ondarroa, baleketen garaikoa. Abiapuntu garrantzitsua, hori bai. Baina itsaso inguruko guztiak ez dira izan itsastarrak, ikusiko denez. Eta herria aipatzearena, niri ere kresala zainetan sartu zaidalako izango da, agian. Auskalo! (Barkatuko ahal didate lazkaotarrek!).

Hala ere, lokaletik gutxi du nobela honek, bidaiak toki handia hartzen baitu: gaur hain modan dagoen Donejakue bidea, nahiz eta zure lanean erromes-kontu askorik aipatu ez.

Bidaia da abenturaren ardatza. Leku urrunera, ezezagunera. Eta honek egiten du bidaia arriskutsua. “Bidaia batek, betirako ez denean, bi bide izaten ditu: joanekoa eta etorrerakoa. Eta jakin ez zein den arriskutsuagoa”, hala dio liburuko pasarte batek. Eta garai hartan, Galizia aldera joateko bide garrantzitsua Donejakue bidea zen, arriskuz betetako bidea. Erromesak, ostatuak, lapurretak, “fede-tratuak”... bidaiari kolorea jartzen dioten pintzelkadak dira. Orduan eta gaur.

Galegozko esaldiak ere sartu dituzu tarteka...

Oso argi neukan hori. Galiziarako bidaia da, galegoak ere protagonista dira, eta eurek galegoz egiten dute; euren hizkuntzak agertu beharra zeukan. Esaldi txikiak jarri ditut, hala ere, gaztelania apur bat dakienak ondo ulertzeko modukoak. Bidaiariek beti ikasi dituzte hizkuntzak, eta garai hartan ere baziren berea ez beste hizkuntzak ulertzen zituztenak. “Diamantezko miraria”n, gainera, euskaraz eta galegoz egiten dute hemengo eta hango zenbait pertsonaiak. Baina horren zergatia nobela irakurtzean jakiten da.

Liburuan badira, sakondu ez arren, gai interesgarri askoak: erlijio-jazarpena, alkimistak...

Oso gai interesgarriak iruditzen zaizkit jaunen arteko gatazkak, handinahia, botere borroka. Abentura nobelan misterioa ere ezinbestekoa da. Alkimia bezalako gaia, esaterako, misterioaren behe-lainoak ezkutatu izan du beti. Ba zen alkimia arabiarra, baita alkimia judua ere; datu historikoak hor daude. Lotu horri juduek jasandako erlijio-jazarpena. Pertsonaiaren baten izaera misteriotsua osatzeko nahikoa material. Eta zer esan maitasunaren gaiaz...

Eta hurrena zer?

Badira buruan darabilzkidan pare bat ideia. Batetik, helduagoentzat izan daitekeen zerbaiten inguruko datuen bilketan nabil. Bestetik, pozik geratu naiz egindako lanarekin, eta jarraitzeko nahiko gai egon liteke; egia esan, abentura bat izan da abentura-nobela idaztea. Joseph Conrad-ek zioen bezala “Abentura nobelan, abenturarik handiena idaztea da”. Baina erditu ondoren gorputzak atsedena eskatzen du. Sartuko zaio, berriz ere, harra sagarrari.

Erantzun

Sartu