Sustatu logoa Teknologia albisteak

Danobatek bere web orrian jarri ditu makina erremintako hiztegi eta eskuliburu teknikoa

Elgoibarko Danobat Koop. E.ak makina erremintako Hiztegi Teknikoa eta Tailerreko Eskuliburu Teknikoa jarri ditu bere web orrian nahi duenarentzako eskuragarri (www.danobat.com euskarazko bertsioa)

Enpresan 1998 bukaeratik hona martxan dugun euskara planaren haritik 2003an langile batzuen ekimenez hiztegi tekniko bat prestatu genuen langile eta hurbilenekoen artean banatzeko, gure arteko harremanak euskaraz izateko ahalegin batean.

Euskaraz lan egiteko zailtasunik handiena hiztegia dela entzun izan dugu beti, ez dakigula nola esan broca, ranura en T … eta horrexetarako sortu genuen hiztegi hau, eguneroko hitz teknikoak nola diren jakiteko.

Ez da Danobatek argitaratu duen lehenengo hiztegia, Sarreran aipatzen den bezala 1976an oraindik jende askok eskuartean erabiltzen duen Danobateko “Tekniko Industrial Hiztegia” argitaratu baitzuen.

Hitz asko faltako dira, baina lehenengo pausoa eman da, hemendik aurrera erabili eta falta diren hitzen bilketa egitea izango da hurrengo pausoa. Hortaz, denon esku dago hau osatu eta eguneratzea, erabiltzea eta ikastea.

Eskuliburu teknikoa

Bestalde, hori ez zenez nahikoa eta 50. urteurrena aprobetxatuz lan sakon eta mardulago bati ekin genion 2004an.

Mekanika arloan oso ezaguna eta erabilia den liburu txiki bat erabiltzen zen orain urte batzuk tailerretan. Liburu hori gaztelania hutsean zegoen, eta gaur egun ordenagailuak hasi direnetik zaharkituta geratu zela dirudi. Baina guretzat inspirazio iturri izan zela esan dezakegu ideia hartan oinarrituta eguneratutako eta geurera moldatutako bertsio bat prestatu baitugu EUSKARAZ.

Lehenengo materiala bildu, sailkatu, zer sartu erabaki… ondoren material hori orraztu eta informatizatu (denak batetik eta bestetik ateratako kopiak baitziren), ondoren euskaratu, maketatu, zuzendu… urte eta erdiko lana, baina merezitako lana oso txukun geratu baita.

Zer jasotzen du eskuliburu honek?

Muntatzaile, diseinatzaile eta mekanizatzaileentzako erabilgarria den materiala: trigonometria, neurrien konbertsioak, arauak, marrazketako arauak, materialei buruzko informazioa, oinarrizko kalkuluak nola egin… eta berezitasun nagusia EUSKARA HUTSEAN dagoela. Modu aparta terminologia landu eta ikasteko!

Banaketa edo zabalkundeari dagokionean hasiera batean liburu formatuan zabaldu genien bertako langileak, bezeroak, hornitzaileak, eskoletara, liburutegietara... eta eskatzen zuen guztiari. Eta orain aurrerapauso bat eman dugu Danobaten web orrian jarri baititugu biak nahi duenak eskuragarri izan ditzan. Hona hemen helbidea:

www.danobat.com (euskarako bertsioa)

Euskararen erabileraren alde aurrerapausotxo batzuk emateko bide luze honetan gure ekarpena egin dugulakoan eta erabilgarri izango zaiolakoan jendeari lanean jarraitzeko asmoz aurrera begira egiten ditugun lanen berri ere izango duzuelakoan gure leloarekin emango diogu bukaera idatzi honi: “Euskara Bat, Danok Bat”

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu