Sustatu logoa Teknologia albisteak

Euskara jogurten etiketetan

Itxaso Ferreras - Kontseilua
2006-06-21 10:06

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak hizkuntza erabilerari buruzko azterketa berezituak egingo ditu. Lehenengoa jogurten etiketei buruzkoa izan da eta ‘Kontseilutik’ aldizkari berrian argitaratu du. “Gure umeek eta guk geuk kontsumitu ohi dugun produktua da eta Euskal Herrian etiketak euskaraz izateko eskubidea dugu”, adierazi du Kontseiluko idazkari nagusiak, Xabier Mendigurenek

Kontseiluak hegoaldean nahiz iparraldean salgai dauden 9 jogurt marka izan ditu aztergai: Mahala, Kaiku, Consumer, Nestlé, Yoplait, Central Lechera Asturiana, Danone, Le Petit Basque eta Pur Natur. Enpresa horien jogurten etiketak eta webguneak aztertu ditu euskararen tratamendua ebaluatzeko asmoz.

“Euskararen presentzia eskasa dela ondorioztatu dugu”, laburtu du Mendigurenek. Aztertutako marka guztien artean, bakarrak errespetatzen ditu osorik euskaldunen hizkuntza-eskubideak: Mahalak, hain zuzen ere. Euskal Herriko beste bi markak euskara erabiltzen duten arren, gaztelania nabarmentzen dute. Horiek Kaiku eta Consumer dira. Consumerrek ez du webgunea euskaraz eskaintzen, izen bereko aldizkaria euskaraz dagoen arren, eta Kaikuk ez du erabiltzen euskararik jogurten kanpoko zorroetan. “Dei egiten diegu euskarari behar duen garrantzia emateko”, zuzendu die Kontseiluko idazkari nagusiak.

Gainerako marken artean, bi mota bereizten dira: hizkuntza bakarra erabiltzen dutenak alde batetik, eta hizkuntza ugariz baliatzen direnak bestetik. Danonek eta Le Petit Basquek lehenengo taldea osatzen dute. Danoneren jarrera da horietan aipagarriena. Euskal Herrian euskara erabili ez arren, Québecen, esaterako, frantsesa eta ingelesa erabiltzen ditu, nahiz eta azken hori hizkuntza ofiziala ez izan.

Marka eleanitzei helduta, Pur Natur da hizkuntza gehien eskaintzen dituena, 6 osotara. Dena dela, euskara ez da zerrendan ageri. Interesgarria da Nestléren jarrera ere. Herrialde batzuetan, Eslovenian kasu, 9 hizkuntza eskaintzen dituen arren, Euskal Herrian gaztelania bakarrik erabiltzen du. Katalunian, berriz, katalana ere badarabilte. Central Lechera Asturianak, aldiz, estatu espainiarrekoa izan arren, ez du gaztelaniaz gainera katalana erabiltzen, portugesa baizik. Yoplaiten kasuan, nederlandera da frantsesaz gainera hautatu duen hizkuntza.

Hizkuntza-eskubideen deklarazio unibertsalaren 50. artikuluaren arabera, “Hizkuntz komunitate propioaren lurraldeetako gizaki orok eskubidea dauka bere hizkuntzan informazio osoa izateko, idatzia zein ahozkoa, lurraldean finkatutako merkataritza-establezimenduek eskaintzen dituzten produktu eta zerbitzuez, hala nola erabiltze-jarraibideak, etiketak, osagai-zerrendak, publizitatea, bermeak eta gainerakoak”, gogorarazi dute.

Euskal Autonomia Erkidegoaren araudiaren arabera, kontsumitzaileei eta erabiltzaileei eskaintzen zaien informazio guztia (etiketak, ontziak, argibideak, etab.) “euskaraz nahiz gaztelaniaz eman ahal izango da” . “Legearen desegokitasuna agerikoa da, ez baititu enpresak euskaraz etiketatzera behartzen”, salatu dute Kontseiluko kideek. Nafarroan eta Iparraldean egoera are ‘okerragoa’ da, ez baitago inolako babes legalik etiketak euskaraz egotea ahalbidetuko duenik.

Kontseiluaren aburuz, Euskal Herri osoan gaur egun, salbuespenak salbuespen, euskal kontsumitzaileon hizkuntza-eskubideak sistematikoki urratzen dira. “Izan ere, kontsumitzaileok ez dugu babestuko gaituen tresna juridikorik”, aditzera eman du Mendigurenek. Horregatik guztiagatik, beharrezkoa deritzote euskal gizarteak enpresei dei egitea horiek euskara normalizatzen has daitezen, beren produktuen etiketetan euskararen presentzia bermatzeko.

‘Kontseilutik’ aldizkaria

Azterketa bereziak argitaratuko ditu Kontseiluak aldizkari berri honen bidez. “Honen bidez, bezero euskaldunen aukerak aztertuko ditugu, eta bide batez, enpresei euskarak produktuei ematen dien balio erantsia gogoraraziko diegu”, azaldu du idazkari nagusiak.

Aldizkaria gizarte eragileek, enpresa aztertuek, Kontseiluko laguntzaileek, norbanakoen konpromisoak hartu dutenek eta bazkideek jasoko dute, besteak beste. “Gainera webgunean herritarren esku jarriko dugu helbide honetan: www.kontseilua.org”.

Gai diferenteak jorratuko dituzte ‘Kontseilutik’ argitalpenaren bidez. “Azterketez gainera, Kontseiluak egiten dituen bestelako proiektuen berri emango dugu”, argitu dute. Era berean, hurrengo aleetan beste gai batzuei buruzko azterketak egingo dituzte. “Helburua euskararen normalizazioa arlo guztietan lortzea da, kontsumo produktuetan, zerbitzuetan eta bestelakoetan ere bai”, esan dute azkenik.



Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu