Teknologia albisteak
2

Larunbatean abiatuko da Musikaire Elorrion

Erabiltzailearen aurpegia
Joxe Aranzabal - Musikaire
2006-06-14 : 13:06

Elorriok 650 urte bete dituela-eta, programazio berezia izango du Musikairek. Cesc Gelabert eta Lila Downs Elorrion izango dira uda honetan, Benito Lertxundirekin batera

Aurtengo egitaraua.

Aurtengo egitaraua.

Aurten 15 ekitaldi antolatu ditu Musikairek, zazpi asteburutan banatuta eta aire zabalean, aprobetxaturik Elorriok dituen paraje eta eraikinak: baselizak (Gazeta, Argiñeta, Lourdesko koba eta San Jose), jauregiak (Kasajara eta Tola), elizak (San Agustin eta Sortzez Garbiaren parrokia), herriko plaza eta elizpea. Hamabost jaialdi horietan denetik apur bat izango da, mazedonia gozoa: hainbat musika mota, antzerkia, gaur egungo dantza, kale animazioa…, eta dena doan, nahiz eta Musikairek 115.000 euroko aurrekontua izango duen aurten.

Aipatzekoa da Cesc Gelabert egile katalanaren dantza konpainiak eskainiko duen emanaldia, gaur egungo dantzaren adibide goi mailakoa. Baita Lila Downs mexikar-amerikarrak ekarriko dituen erritmo biziak, mestizaje aberats baten adibide. Euskaldunek ere izango dute ordezkaritza nabarmena aurtengo aldian: Benito Lertxundik berrogei urteko ibilbidea ospatuko du Elorrion; Aintzina folk talde sortu berriak bigarren kontzertua eskainiko du hemen; Balen Lopez de Munain musikari bilbotarrak etxean joko du bere taldearekin batera, Italian sortua; baita Euskal Kantu Liriko Berriak ere; Makala DJk, bestalde, banda indartsua ekarriko du. Euskaldunekin batera, The Clientele musika taldea izango dugu Elorrion, La Barraca de Colón antzerkia, Los Zarabela argentinar taldea, El Negro y el Flaco, Saint Petersburg Cello Ensemble eta La Galera Encantada antzerki taldea.

Bederatzi urteko esperientzia

Elorrioko Uda Jaialdiak orain bederatzi urte hasi ziren, Arriola Kultur Elkarteak bultzaturik. Hasieran esperimentu hutsa izan zen, bihozkada batean oinarritua: zergatik ez aprobetxatu Elorriok dituen paraje zoragarriak musikaz gozatzeko? Urtea joan eta urtea etorri, esperientzia indartu egin da, eta gero eta arrakasta handiagoa izan du. Antolatzaile taldea zabaldu egin da, musika motak ireki eta jendea ugaritu.

Erantzunak

maite
2006-06-14 : 14:54

Joxe, ba al dakazu egitaraua eskura?

Joxe Aranzabal
2006-06-14 : 22:35

Hementxe duzue, Maite eta Elorriora etorri nahi duzuen guztiek, aurtengo egitaraua:


  • Ekainak 17, larunbata: The Clientele. Argiñeta auzoan. (22:30)

  • Ekainak 24, larunbata: Euskal kantu liriko berria. Elizan. (22:30)

  • Ekainak 30, ostirala: Gelabert Psitt Psitt. Parkinean. (22:30)

  • Uztailak 1, larunbata: Corsario-La barraca de Colón. Parkinean. (22:30)

  • Uztailak 2, igandea: Benito Lertxundi. Parkinean. (22:30)

  • Uztailak 7, ostirala: Racalmuto. Tola etxeko lorategian. (22:00)

  • Uztailak 8, larunbata: Aintzina. Gazeta auzoan. (22:30)

  • Uztailak 9, igandea: Los Zarabella-Patas pa arriba. (19:00)

  • Uztailak 14, ostirala: Makala band. San Jose ermitan. (22:30)

  • Uztailak 15, larunbata: Balen Lopez de Munain. Lourdes ikastetxean. (22:30)

  • Uztailak 16, igandea: El negro y el flaco. Frontoian. (19:00)

  • Uztailak 21, ostirala: Mac-Lari Increible. (22:30)

  • Uztailak 22, larunbata: San Petersburg Cello Ensemble. San Agustin elizan. (22:30)

  • Uztailak 23, igandea: La galera encantada-Pidopincho. Frontoian. (19:00)

  • Uztailak 28, ostirala: Lila Downs. Plazan. (22:30)

Erantzun

Sartu