Teknologia albisteak
3

Google barrutik ikusi dugu apur bat

Erabiltzailearen aurpegia
Luistxo Fernandez - Googleplex, Mountain View
2006-06-13 : 19:06

Gaur Googleren egoitzan izan gara Josu Azpillaga eta biok. Teknologiaren monstruoaren bihotzean egon gara, Silicon Valley ezagunean, Mountain View hirian. Enpresa guztiz atipikoa ezagutu, guztiz.

Duela 15 urte Silicon Graphics (SGI) izeneko enpresa batek sortu zuen eraikuntza multzo batean (kanpus batean), dago Google orain. SGI; berriz, aurten itxi egin dute, sekulakoa zenean 1990eko hamarkadaren lehen erdian. Eraikuntza politak dira, baina ez ezer berezia, hemen dagoen arkitektura maila ikusita.

Eraikuntza hauetan nola egiten duten lan da harritzekoa. Kirol jardueretarako aukera mordoa dute, boleibola hondarretan, igerileku txiki bat, fitnesseko tresnak, bilarrak pasiloetan... Erropa garbitzeko labanderia pare bat ere bai. Bazterrak egoteko, irakurtzeko, paseatzeko (eraikuntzatik eraikuntzara patinetean), eta batez ere, jana eta jana. Hemen jatea doan da. Bospasei jatetxe badaude, eguerdian nahi duzuna eta nahi beste hartzeko, eta, horrez gain, bazter askotan sukaldetxoak janari gehiagorekin eta edariekin, nahi duzuna hartzeko.

Jana, oso ona gainera. Nik ederto jan dut, nire erara prestatutako antxoa eta urdaiazpikoaren gainean, ozpin balsamikoa eta olioa bota dut... ederto geratu zait. Hasiera besterik ez da izan.

Hala dauzkate hemen lanean. Zertarako joango zara arratsalde erdian supermerkatuan kola egin eta gero etxean prestatzera, hemen doan askoz janari aukera hobea eta nahi bezalakoa duzunean? hala geratuko dira 10ak arte jo ta sua...

Baina lan egiteko ere badituzte, ikusten da, beste erraztasun batzuk. Lan estazio bakoitzak bi pantaila erraldoi ditu, 22 hatzbetekoak edo... eta bakoitzak nahi erara jartzen ditu: kodea idazten dutenen artean, bi pantaila elkarren ondoan bertikalean, edo angelu bat eginez, adibidez.

Eta jende honek, lan egiten du ingurune txukun batean, baina eman ere ematen du. Gaur ikusi ditugu produktu azalpen guztiak injineruek beraiek egiten dituzte. Hau ez da Euskal Herrian bezala, non aurrerapen teknologiko handi bat egiten denean aurkezlea Julen Ibarra den. Ez, hemen bakoitzak bere azaltzen du, eta galderei erantzun. Eta, kontxo, ondo egiten dute: argi dago komunikaziorako gaitasuna kontratazioaren eta formakuntzaren faktore inportante bat dira hemengo langileentzat.

Gero, giro gazte, itxura libreak, eta multinazionala, halaxe da hau. Jendea oso natural doa, eta ez dago, inondik ere, Malibu bateko itxurakeriarekik hemen. Jefeak ere hala doaz, praka bakero eta kamiseta arruntarekin, hala etorri zaizkigu Larry Page eta Sergei Brin berriketa labur batera... Haien presentzia testimoniala izan da, bai, baina Sergei jende artean ere ibili da incognito. Eta Eric Schmidt zuzendari nagusia (diru kontuen arduraduna) mapen kontua jarraitzen duten blogariekin egon da bazkaltzen, jende arrunt eta normalarekin.

Baina, tira, normaltasun horren azpian ere... dirua dago. Zenbat diru. Google Maps produktuaren inguruan aurkeztu dizkiguten garapenetan milioiak ari dira inbertitzen, baina ez dute oraindik txanponik ate horretatik sartzen ikusi. Hala ere, argi dago geolokalizazioaren inguruan negozio ikaragarria dakusatela. Eta diru horrekin gaur gonbidatuak nola tratatu gaituzten, limo-autobus beltz distiratsuak, jazz laukote bat zuzenean jotzen amaieran, prentsa gonbidatuentzat telebista estudio prestatua dena ingurune eder batean komunikatzeko...

Google barrutik ikusi dugu apur bat. Eta ia maitemindu gara.

Erantzunak

Goio Telletxea
2006-06-13 : 21:18

Interesgarri kronika txiki hau.

Zein urrun gauden egoera horretatik hemen, ezta? Alde batetik alienante xamarra dirudi bizitza han emateak, baina onartu behar da ongi zaintzen dituztenaren itxura ere baduela. Zure lana apur bat maitatzeko adina baldintzak jartzen dituzte bederen eta badakite enpresaren onurarako dela zuzenean. Beste zenbait enpresetan ere ikusten dira antzekoak... ez dut oroitzen URL-a baina Adobeko injinarien lantokiak ikusteaz gogoratzen naiz eta bikain zeuden baita. Agian idilikoegia suertatu daiteke, baina baita oso gatibua ere.

Esaten duzun bezala, inbertsio guzti hori "gero bueltan nolatan ekarri"... hori da gauza. Etorkizuneko ikuspegian konfidantza eta beste diru iturri batzuen ziurtasuna lagun izango dutela suposatzen dut.

Aitor
2006-06-14 : 10:25

Benetan interesgarria, Luistxo. Mesedez segi handik apunteak bidaltzen.



Oraintxe irakurtzen aritu naiz handik beste kronika bat, non Tagzania aipatzen dan:



http://radar.oreilly.com/archives/2006/06/where_20mikel_maron_on_georss.html

axis
2006-06-14 : 15:26

Ba al dago komentzatea donostialdeko argazkiak oso resoluzio baxuan daudela?. Ondo pasa eta asko ikasi.

Erantzun

Sartu