Teknologia albisteak
1

Software asteburu librea Zarautzen: Richard Stallman gaztetxean

Erabiltzailearen aurpegia
Putzuzulo Gaztetxea - Zarauztik
2006-06-05 : 10:06

Software librea gizarteratzea helburu duen software asteburu librea antolatu dugu ekainak 16-17-18-an Zarauzko Putzuzulo Gaztetxean.

Ekintza guztiak gaztetxean bertan burutuko dira eta jendartearen ezagutza maila guztietara egokitu nahi izan dugu, ikastaro praktikoak eta arlo guztietako hitzaldiak antolatuz.

Larunbatean eta igandean gaztetxean bertan bazkaldu ahal izango da, eta horretarako bonoak eskuratzeko aukera irekiko dugu. ‘software asteburu librea’-ri sarrera berezi bat eman asmoz, ikuskizun erakargarri bat antolatu dugu.

Ekainaren 16an, ostirala, gaueko 22:00etan, Bartzelonako Xavier de Blas-ek software librea malabar begiekin azalduko digu. Software librea, adimena eta ironia lotzen dituen ordubete pasako ikuskizun parte-hartzailea izango da. Ekainak 17 eta 18an egun osoko egitaraua antolatu dugu.

Goizez ikastaro praktikoak emango dira, eta arratsaldez hitzaldiak. Larunbatari dagokionean, goizean 2 ikastaro eskainiko dira: batetik, tresna arrunten ikastaro praktikoa 10:00etan eta 11:00etan [jende gehiagok parte hartzeko aukera izan dezan, ordubeteko bi ikastaro izango dira]; eta bestetik, segurtasun informatikoaren ingurukoa 12:00tan. Ikastaro hauek gaztetxeko Iraitz Gesalaga eta Mikel Olasagastik emango dituzte.

Bazkaldu ostean, ‘Software librea eta hizkuntza gutxiagotuak’ izenburupean 3 hitzaldi entzuteko aukera izango dugu. 16:30tan Librezale-ko Osoitz-ek gure errealitatean barneratuko gaitu, software libreak euskari eskaintzen dizkion aukerak azalduz. 17:30tan kataluinarren kasua azaltzera Toni Mirabete etorriko zaigu.

Irakaslea da eta Catix plataforma librearen sortzailea eta arduraduna da. Eta bukatzeko, 18:30tan, hizlari ezberdinak bilduko dituen mahai-inguru bat prestatu dugu ‘EH librea’ izenpean. Bertan, eta guztion artean, software librearen askatasun filosofia gure bizitzako arlo ezberdinetan zein neurritan aplikatzen dugun aztertuko dugu. Eta egunari bukaera emateko Musikherriako Gaztetxe birari amaiera emango dion kontzertua eskainiko digute Jonu, korumbà eta SKT Sekuentzia taldeek, gaueko 22:00etatik aurrera.

Gaztetxean bertan lo egiteko aukera ere egongo da. Igandeari dagokionean, goizeko ikastaroa multimedia tresnen inguruan izango da, Deustuko Unibertsitateko Mikel Madinaren eskutik.

Ikastaroan argazkiak, audioa eta bideoa prozesatzen eta kudeatzen irakatsiko digu.

Bazkaldu ostean, eta adin eta baldintza guztietako jendea erakarri asmoz, umeen txoko bat atonduko dugu arratsalde guztirako. Bitartean, 3 hitzaldi izango ditugu. Lehena, 16:30tan, Iñaki Alegriak emango du eta software libreaz eta hezkuntza sistemaz ariko da. Bigarrenean, 17:30tan, Codesyntax enpresako Garikoitz Araolaza eta Josu Azpillagak software libreak enpresa munduan bizi duen egoeraz eta irekitzen dituen aukerez hitz egingo digute. Eta azkenik, 18:30tan, Richard Stallman, GNU poriektuaren sortzaileak eta software librearen aldeko mugimenduaren erreferente esanguratsuenak ‘Copyright vs Comunidad, en la era de las redes de ordenadores hitzaldia eskainiko digu. Denok daukagu zer ikasia software librearen munduan.

Eta denok hasi behar dugu ikasten, pixkanaka. Batzuetan, gainera, desikastea ere beharrezkoa izaten da gero berriz ikasten hasteko. Asteburu osatu hau abiapuntua izan daiteke.

Han ikusi nahi zaitugu!

Ikus www.mundurat.net/e18

Erantzunak

rms
2006-06-13 : 13:43

Aipatu, astelehenean, ekainak 19, arratsaldeko 19:00etan, Koldo Mitxelena Kulturunean beste hitzaldi bat emango duela Richard Stallman-ek.



Hitzaldi hau EHUko SÁNCHEZ-MAZAS KATEDRAk eta Koldo Mitxelenak antolatu dute.



Sarrera dohainik izango da, eta hitzaldiaren izenburua ondorengoa izango da:



SOFTWARE LIBRE EN LA ÉTICA Y EN LA PRÁCTICA



Ekainak 19, astelehena, 19:00etan

KMK, Donostia



Gonbidaturik zaudete!

Erantzun

Sartu