EHZ elkarteak urtero-urtero antolatzen duen Euskal Herria Zuzenean jaialdiak hamaika urte beteko ditu aurten. Jaialdia ekainaren 30etik uztailaren 2ra arte egingo da, Idauze-Mendin (Zuberoan). Aurreko edizioetan bezalaxe, aurten ere Topaguneak bat egin du ekimenarekin, eta jaialdia antolatzeko ezinbestekoak diren laguntzaileak biltzeko ahalegin berezia egingo du.
Herrien Eurocka World Companyren kontra
Euskal Herria Zuzenean ekimena 1992. urtean sortu zen, hainbat kultur eragileren eskutik. Bere helburu nagusia euskal kultura ezagutaraztea da, batez ere gazteen eta musikaren bitartez. Gainera, gazte jendea sentiberatu nahi du elkarteak, begirunean eta dinamika baikorrean oinarritutako jendartea eraikitzen joateko asmoz.
Helburu hori betetzeko, EHZ elkarteak Euskal Herria Zuzenean jaialdia antolatzen du urtero 1995etik. Jaialdian musikak berezko garrantzia badu ere, bestelako protagonistak ere badira bertan: euskara eta euskal kultura, internazionalismoa, arrazakeria ingurumena, osasuna
Milaka ikusle
Kopuruak oso hotzak direla jakinda ere, ekimenaren tamainaren eta arrakastaren adierazgarri izan daitezke: lehenengo edizioan, 1995ean, 7.000 ikusle bildu zituen jaialdiak. Handik aurrera gero eta oihartzun handiagoa lortuz joan da, 30.000 ikusle lortu arte.
Baina bada hori baino adierazgarriagoa izan daitekeen beste kopuru bat: aipatu dugun bezalaxe, jaialdiaren filosofiaren ardatzetako bat gazte jendea eta haren dinamika da. EHZk izandako arrakastaren gakoetako bat gazteen parte hartze zuzena izan da: sortu zen une beretik, borondatezko laguntzaileek pisu handia izan dute jaialdiaren antolakuntzan, eta, gainera, euren kopurua etengabe hasi da, 1995eko edizioak 500 laguntzaile izan bazituen, iazkoan 1.000 lagun hurbildu ziren jaialdian lan egitera.
Topagunea, laguntzaile
Jaialdia sortu zenetik bertatik, bat baino gehiago izan dira ekimenarekin bat egin duten Euskara Elkarteak. Izan ere, Euskal Herria Zuzenean jaialdian laguntzea aukera paregabea da Iparraldeko gazteek eta Hegoladekoek elkar ezagutzeko, harremanetan jartzeko, eta lan molde eta esperientzia berriak elkarrekin trukatzeko. Horretan lagunduz, Topaguneak bere helburu nagusia betetzea lortzen du, euskararen erabileran eragitea hain zuzen ere, eta, bide batez, gazteen heziketa eta kulturarekin lotutako beste alor batzuk lantzen ditu:
Euskal Herri osoko gazteen arteko elkarlana.
Euskal kultura eta beste kultura minorizatu batzuk garatzeko lana bideratzea.
Ipar eta Hego Euskal Herriko komunitateek dituzten berdintasun eta ezberdintasunak ezagutzea eta norbera aberasteko aprobetxatzea.
Hainbat balore garatzea: nazioarteko elkartasuna, laborantza mundua suspertzea, ingurumena zaintzea, ohitura ekologikoak suspertzea, droga mendetasunen aurkako prebentzioa
Euskara eta euskal kultura gazte eta dinamikoa ere badela adieraztea, gazteen gustuko jaialdia antolatuz.
Euskal Herria Zuzenean jaialdiak duen oihartzuna hedatzea eta areagotzea.
Topaguneak 2001ean hartu zuen parte lehenengo aldiz jaialdiaren laguntzaile gisa, eta orduan 22 lagun bidali zituen jaialdian laguntzera. Kopuruak etengabe egin du gora harez geroztik, iazko 103ra iritsi arte. Topaguneak orain arte lortutako laguntzaile gehienak bizkaitarrak eta gipuzkoarrak izan direnez, aurten ahalegin berezia egingo da Nafarroako eta Arabako gazteak ere animatu eta iazko kopurua txiki uzteko aurtengoaren aldean.
Laguntzaile izatearen abantailak
Bistan denez, jaialdian laguntzaile aritzea oso esperientzia aberasgarria da, ikasteko, lagun berriak egiteko eta esperientzia berriak bizitzeko aukera paregabea. Baina bestelako abantailak ere baditu: izan ere, laguntzaileek dohainik dute jaialdirako hiru eguneko sarrera, jaialdi osoaz gozatu ahal izateko, eta gainera, otorduak ere dohainik, laguntzaileen txokoan. Laguntzaile izateko beste arrazoi on bat, beraz.
Izen ematea eta informazioa
Izena emateko zein laguntzaile fitxa betetzeko, ondoko leku hauetako batera jotzea besterik ez dago:
Herrietako Euskara Elkarteak
Topagunearen Gazte Saila. (Amaia)
o Tel.: 94 621 51 16 / 618 61 52 88.
o E-maila: gazteak2@topagunea.com
Internet
o www.festival-ehz.com
o www.topagunea.org
Erantzun
Sartu