Teknologia albisteak
2

Nafar poesiaren bestaz

Erabiltzailearen aurpegia
Juankar LOPEZ-MUGARTZA - HARBELEX TALDEA
2006-05-16 : 10:05

Ekainaren 3rako Nafarroako erdal olerkari batzuek poesiaren inguruko kongresu bat antolatu nahi dute eta guri euskaldunoi leku bat egin nahi digute haien kongresuan.

NAFARROAKO ERDAL OLERKARIEN KONGRESUAN EUSKALDUNAK GONBIDATUTA

Nafarroako olerkari, talde poetiko eta aldizkari poetiko guztiak gonbidatuta daude. Euskararen kasuan, euskaldun guztiok gara neurri batean edo bestean nafarrak, historiak, literaturak, Euskal Herriak berak nafar egiten baikaitu. Beraz, euskal idazle guztiak daude gonbidatuta eta, horregatik, euskal aldizkari poetiko guztiak ere bai.

ERDAL OLERKARIEN KONGRESUAN EUSKALDUNOK ZABALKUNDE LANA

Hasierako programa pixka bat aldatu duten arren erdara/euskara ratioa ez dago batere orekaturik baina ulertu behar da haiek antolatu dutela kongresua, haiena dela, eta batzuek ez dutela ezta ideiarik ere gure munduaz, olerkaririk ote dagoen ere ez. Gu, euskaldunok, ikusezinak gara gure etxean. Horregatik, garrantzi handikoa da, behingoz, haiek gutaz oroitu eta lekutxo bat guretzat utzi izana. Hau da, zabalkunde lana egitera joango dira bere aldizkari, talde poetiko edo olerkiak aurkeztera hurbilduko diren euskaldunak. Erdaldunek jakin nahi dute nor garen eta zer nolako gauzak egiten ditugun. Baten batek lan hori egiteko gogoa badu, orain du aukera.

ERDALDUN EUSKALTZALEEI EUSKAL MUNDUAREKIN ZUBIAK ZABALTZEN

Apirilean, benetako "NAFAR POESIAREN BESTA" egin genuen Senperen HATSAren POESIAren egunean, Oxtikenean. Hori da gure benetako besta. Besterik ez dago. Erdal munduak proposatzen digun hau zubi txikirik baizik ez da. Baina eskertzekoa. Beti bizkar emanda bizi diren bi komunitateok egun batez elkar hartzeko eta aditzeko aukera. Haiek kongresua orekatuta dagoela uste dute, euskarari tarte handia utzi diotela. Guk ere, egunen batean, beste jai bat antolatuko dugu, eta haiek gonbidatu ere. Eta utziko diegu guri utzi diguten tarte zabal berbera. Agian, orduan, oraindik ulertzen ez dituzten gauza asko hasiko dira ulertzen. Bizitzaren gauza asko ez baitira ikasten, bat bederak jasaten ez dituen arte. Euskarari ez zaio tarte bat utzi behar, euskarak bere tartea bete behar du. Gauzak batera egin behar dira. Programak eztabaidatu eta adostu. Euskal idazleen elkarteen iritzia eskatu behar da. Euskal poeten ideiak entzun. Gonbidatuak izan beharrean gu ere izan gintezke kongresu horren antolatzaileak, sustatzaileak, bultzatzaileak. Orain, berriz, gonbidatuak gara eta eskertzen dugu gonbidapena. Halere, ulergarria da, hein berean, batzuek gonbidapenari uko egitea. Baina, halaber, interesgarria da eskeintzen zaigun abaguneaz baliatzea erdaldunen aurrean euskararen alde mintzatzeko eta erdaldun euskaltzaleei euskararen mundura daraman zubia erakusteko.

ANTOLAKETA

Antolatzaileek kongresua antolatu duten moduan, hobe da denok hainbat taldetan banatuta egotea, denok hitz egiteko aukera izan dezagun. Banaka etorriz gero bakarrik olerkiak irakurtzeko aukera egongo da, baina izena garaiz ematen baduzue talde poetikoen eta aldizkarien tartean sartu ahal izanen zarete, eta poesiari buruz hitz egin ahal izanen duzue, edo euskarari buruz, horretarako taldeak egingo baititugu propio. Gogora ezazue, ordea, entzule gehienak erdaldunak izanen direla eta ez legokeela gaizki esaten duzuena erdaraz ere aditzera ematea, llabur-llabur bada ere.

IZEN EMATEA

Kongresua ekainaren 3an egingo dute, Nafarroako Artxiboan, eta etortzeko interesa duenak NANaren zenbakia eman behar du izen emate bezala mezu honi erantzunez edo helbide elektroniko honetara mail bat bidaliz: .

Erantzunak

Josu Jimenez Maia
2006-05-17 : 13:00

Zein da helbide hori?

Juankar LOPEZ-MUGARTZA
2006-05-22 : 15:42

> Ekainaren 3rako Nafarroako erdal olerkari batzuek poesiaren inguruko kongresu bat antolatu nahi dute eta guri euskaldunoi leku bat egin nahi digute haien kongresuan.

> Zein da helbide hori?

>



Barkatu arazo batengatik helbidea ez zen agertu. Helbidea hauxe da:



harbelex@euskalerria.org



Ongi izan

Erantzun

Sartu