Testuliburuen doakotasunaren gaineko eztabaida ohikoa izan da gure herrian eta garai ezberdinetan planteatu izan da. Ikasturte honetan gaiak oihartzun aipagarria hartu du. Euskal Herriak Bere Eskolak ikuspegi berri bat eman nahi dio orain arteko eztabaidari.
Testuliburuen doakotasunaren gaineko eztabaida ohikoa izan da gure herrian eta garai ezberdinetan planteatu izan da. Ikasturte honetan gaiak oihartzun aipagarria hartu du, bereziki Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, hiru herrialde horietako Hezkuntza Sailak doakotasuna bermatzeko formula jakin bat plazaratu baitu: ikastetxe bakoitzak beharrezko testuliburuak erostea eta testuliburu horiek urtez urte berrerabiltzea.
Doakotasunaren aldekoek pozarren hartu dute berria, doakotasuna bermatzeko bidea ikusi baitute azkenean. Argitaletxeek, aldiz, beren kezka agertu dute, besteak beste testuliburuak era orokorrean berrerabiltzeak salmenten beherakada aipagarria eragingo lukeelako. Eta hori, esan du hainbatek, euskal liburugintzarako eta kulturgintzarako kaltegarria litzateke.
Euskal Herriak Bere Eskolak ikuspegi berri bat eman nahi dio orain arteko eztabaidari. Baina gure proposamen zehatza egin aurretik beharrezkoa da hainbat afera argitzea.
Gure hausnarketen abiapuntutzat, egun, Euskal Herriko ikastetxe gehienetan eta irakasgai gehienetan, testuliburuek duten nagusitasuna kokatzen dugu. Testuliburua da ikaste-irakaste prozesuan gehien erabiltzen den baliabide pedagogikoa, honek dakartzan ondorio negatibo guztiekin. Lehenik eta behin, kontuan hartu behar dugu testuliburu bat argitaratzeko, saltzeko edo irakaskuntzan erabiltzeko, administrazioaren baimena behar dela. Alegia, filtroa pasa beharra dago, subjektiboa den eta talde politiko hegemonikoek jarri duten filtroa, horrek suposatzen duenarekin. Beraz, testuliburuak tresna politiko gisa ulertu behar ditugu, hauen erabilpenaren ondorioz, ezagutza eta balore jakin batzuk ezagutza arrunt eta unibertsal bezala planteatu eta irakasten baitira. Edukien aukeraketak, adierazteko erak, kalitateak eta esanahiak izaki baten mundu-ikuskeran eragina duten faktoreak dira; faktore hauek mugatuko dute izaki horren mundua, hau da, nola ikusiko eta nola sentituko duen errealitate hori. Testuliburuetan eduki batzuk agertuz eta beste batzuk aipatu gabe utziz, ideologia transmititzen da; iragana ezagutzen da, orainaldi bat komunikatzen da eta etorkizunerako esperantza eraikitzen. Aipatu errealitate hori sortu ahal izateko, beste errealitateak desitxuratu behar dira estrategia ezberdinez baliatuz.
Gure ustez, testuliburuek duten nagusitasuna ez litzateke horrela izan behar; ez da horrela izan beti. Euskal Herrian, hezkuntza euskaldun eta askatzailea praktikan gauzatzeko helburuaz, esperientzia pedagogiko aberatsak garatu dira, baina kapital pedagogiko hori kinka larrian dago. Denboraren eta gehienbat inertziaren poderioz, aipatu esperientzia horiek guztiak zimeltzen joan dira, euskal pedagogi jarduera pobretzen joan da, hezkuntza prozesu osoa testuliburu bakar bat lantzera murriztuz. Baina irakasleriaren aldetik emandako utzikeria izan dela esan al daiteke? Izan ere, langileriaren lana kontrolatzeko era erraza da testuliburuak erabiltzea. Testuliburuak eredu estandar batera egokitzen diren neurrian, ikasleen lan-prozedurak estandarizatzeaz gain, irakasleen lan-prozedurak ere estandarizatzen dira. Honek guztiak dakarren deskualifikazio profesional eta laborala aipatzea ahaztu gabe. Testuliburuen erabilpen nagusiak, pertsonal espezializatuaren beharrizana gutxitzen du: ikasgeletan irakasleak irakasten du testuan datorrena. Espezializazio handiagorik ez da behar lan hori burutzeko. Beraz, argi eta garbi geratzen da aipatu testuliburuen gehiegizko erabilpenak irakasleriaren kasuan sortzen dituen kalteak ere alboraezinak direla.
Zeresanik ez egungo testuliburuek igortzen duten curriculuma aztertuz gero; Begoña Bilbaok berriki argitaratutako liburuan erakusten da euskal ikastetxeetan erabiltzen diren testuliburu gehientsuenek ez dutela Euskal Herria aintzat hartzen. Hutsune horiek ez dira soilik espainiar argitaletxeetara mugatzen, euskal argitaletxeetan ere aurki baitaitezke.
Kontuan hartzekoa den beste faktoreetako bat, testuliburuen kostu ekonomiko eta ekologikoa da. Hezkuntza prozesua testuliburuen erabilpenean oinarritzean, ezinbestean, ikaslea, edo hobe esanda honen gurasoak, testuliburua erostera derrigortzen ditu. Doako hezkuntza eskaintzen den honetan kontraesan nabaria aurki dezakegu, are gehiago irakasgai bakoitzak bere testuliburua eskatzen duenean eta hauen prezioa nahiko altua dela kontenplatuz. Gainera, ikasturtea amaitzearekin batera, testuliburuen biziraupena ere amaitutzat eman daiteke, hauek ez baitira edozein unetan eta edozeinen aldetik kontsultarako erabili daitezkeen baliabideak. Norbaitek kalkulatu ote du testuliburuen bidez zenbat tona paper eta bestelako produktu botatzen diren zaborretara urtero Euskal Herrian? Ingurumen heziketa lantzen den bitartean, ikasturtero 8-10 testuliburu botatzea ez al da nahiko kontraesankorra gure gazteentzat?
Beraz, hau guzia kontuan izanik, honakoa da plazaratu nahi dugun ikuspegia. Baliabide pedagogikoen erosketari bai. Testuliburuen monopolioari ez. Eta monopolioari diogu, ez baitugu ukatzen testuliburuek eta bereziki ongi egindakoek dituzten onurak. Baina hauen gehiegizko erabilpenak eragin kaltegarriak sortzen ditu hezkuntza prozesuan. Horregatik, ikastetxeak askotariko baliabide pedagogikoez (DVD, irakasleentzako gida-liburu, testuliburu
) hornitzea proposatzen dugu. Eusko Jaurlaritzak testuliburuak erosteko erabili asmo duen dirua askotariko baliabide pedagogikoak erosteko erabili dadin aldarrikatzen dugu. Eta modu horretan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxeen liburutegiak Europako inbidia izan daitezela.
Baliabide pedagogikoek euskal curriculuma garatzea ahalbidetu behar dute. Hau da ikastetxeetako baliabide pedagogikoen bilduma osatzeko orduan proposatzen dugun irizpidea: baliabide horiek Euskal Curriculuma garatzeko baliagarriak izan daitezela.
Eta azkenik, Baliabide pedagogikoak sortzeko diru-laguntzen kopurua hazi egin behar da. Euskal Curriculuma sortzen ari den honetan, berau garatzeko baliabideen falta nabaria da. Izan ere, behin Euskal Curriculuma definitu ostean, bere aplikazioa burutzeko estrategia nazionala antolatzea dugu hurrengo erronka. Estrategia horren baitan, baliabide pedagogikoen sorrera guztiz funtsezkoa da. Argitaletxeei baliabide horiek sortzeko diru-laguntza gehiago eman behar zaizkie. Gure proposamenaren arabera, testuliburu gutxiago saldu, baina baliabide pedagogikoak sortzeko diru-laguntza gehiago jasoko lukete.
Laburbilduz, testuliburuen doakotasuna mailegutzan oinarrituko den edo ez eztabaidagai dagoen une honetan, ikuspegi berri hau plazaratzeko beharra sentitu dugu. Batetik, euskal argitaletxeek euskal kulturari egiten dioten ekarpena aberasteko; jasoko dituzten diru-laguntzak euskal curriculumaren garapenean garrantzia izango duten izaera anitzeko baliabide pedagogikoak sortzera bideratuz eta ez testuliburu berdinaren milaka kopia argitaratzeko. Bestetik, doakotasunaren bidean, hezkuntza euskaldun eta askatzailea bultzatzeko. Gure herriko gaztetxoek, iraganaren ikuspegi ezberdinak ezagut ditzaten, orainaldi ugari bizi ditzaten, eta ezagutu eta bizi dutenaren arabera beraiek erabakitako etorkizuna eraiki dezaten.
Herenegun idatzi nuen gai honi buruz baina artikulu honekin ez naz gutxienez bakarrik sentitzen eta adierazten diren ideiekin gustiz bat nator.
Testuliburuen maileguak zelako irakaskuntza eredua dakar berarekin? Pentsatu eta argi ikusiko dugu eztabaida hau antzua dela eda behar dena berrikuntza dela.