Apirilaren 24tik maiatzaren 5era aurre matrikulazio garaia izanik Arrasateko Euskalgintzak kanpaina bat martxan jarri du. Kanpainaren helburua DBH 4. mailako eta Batxilergoko 2. mailako ikasleek euskaraz ikasten jarrai dezaten animatzea da.
Arrasateko Euskalgintzak martxan jarri duen kanpainak, DBH 4.maila eta Batxilergo 2. maila bukatzen duten ikasleak D ereduan matrikulatzeak dituen abantailez informatu eta kontzientziatzea helburu du. Horretarako, 600 diptiko informatzaile argitaratu dira ikasle horiei banatzeko. Honez gain, ikasle hauen gurasoei sentsibilizazio gutunak bidali zaizkie ikastetxeen bidez beraien seme alabak euskaraz ikasten jarraitzera anima dezaten.
2002-2003an Erdi eta Goi mailako Heziketa zikloetan 422 (%39) ikasle D ereduan ari ziren eta 272 (%61) A ereduan. Gaur egungo egoera honelakoa da: 349 ikasle (%78) D ereduan eta 99 (%22) A ereduan. Batxilergoan, aldiz, 2002-2003an 528 (%90) D ereduan eta 59 (%10) A ereduan matrikulatu ziren. 2005-2006 ikasturtean D ereduko batxilergoko ikasleak 478 (%89) izan dira eta A ereduan 57 (%11).
D ereduko datuen bilakaera positiboa izan arren, Arrasateko Euskalgintzak oraindik ere beharrezko ikusten du euskarazko irakaskuntzaren aldeko sentsibilizazio eta motibazio kanpaina hau antolatzea. Apirilaren 24tik maiatzaren 5era bitartean izango da Heziketa ziklo eta Batxilergoen 2006-2007 ikasturteko aurre matrikulazioa garaia, beraz kanpaina hau aurre matrikulazioak iraun arte indarrean egongo da.
Arrasateko Euskalgintza 2002an sortu zen eta entitate hauek osatzen dute: AED elkartea, Arizmendi Ikastola, Arrasate Institutua, Arrasateko Herri Eskola, Arrasateko Udala, Euskal Herrian Euskaraz, Ekin Emakumeak, EMUN Koop. E., Erdu AEK euskaltegia, Euskalan elkartea, Goiena komunikazio zerbitzuak, Mesedeetako Andra Maria ikastetxea, Mondragon Goi Eskola Politeknikoa eta Txatxilipurdi.
Erantzun
Sartu