Sustatu logoa Teknologia albisteak

Komunikazio estrategiak eta gazteen hizkuntza jokaerak

Soziolinguistika Klusterrak Pasaiako gazteen hizkuntza jokaerak ikerketa zabaltzeko materialak osatu zituen, Pasaiako Udalaren ekimenez eta Urtxintxa Eskolaren laguntzaz. Otsailaren 24an, material hauei buruzko jardunaldia antolatu zuen, Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean. Bertan, material honen berri ematea eta datu soziolinguistikoak komunikatzearen inguruko hausnarketa eta iritzi-trukea bultzatzea izan zen helburu.

Orain, bertatik ateratako ondorio nagusiak eta proiektutik sortutako materiala den Irakasleen Liburuxka bere webgunean denontzat ikusgai jarri dituela jakinarazi nahi du.

Gune horretako atal zehatzean, ondorioen artean, horra komunikazioaren inguruan zaindu beharreko batzuk.

  • Komunikazioak euskararen alde asko egin dezake. Komunikazioaren gizartean bizi gara, baina euskararekin mugatuak gaude, ez dugu saltoa ematen. (...) Estrategia bat landu behar da.
  • Komunikazio estrategiak lantzeko horretan profesionala den jendea behar dugu. Komunikazio estrategiak ongi gauzatzeko komunikazio euskalduna egingo duen jende espezializatua falta da. Komunikazioan aditu den norbaitek sortu dezakeen eraginaren froga dugu J. Kamio, Bertsozale Elkartera sartu eta Txapelketaren finalak lortu duen oihartzuna. Eredugarria da.

Komunikazio estrategia on bat sortzeko beharrezkoak:

  • Konbentzitu nahi duenak pentsatu behar du nondik eragin diezaiokeen helburu duen hari. Zein da pertsona-talde hori “deskolokatuko” duen argumentua, adibidea, mezua? Zerk eragingo dio? (adibidez, beti erre duen aita bati, bila eta bila, azkenean “behin bere alabari emandako hitza”-k balio izan digu bere jokaera zalantzan jar dezan);
  • Horretarako, xede-taldea ongi ezagutu behar da (merkatu-analisia egin), elkarrizketak egin, berari entzun (bere mundua ezagutu): xede talde bakoitzari, eragingo dion argumentua ematen ahalegindu behar da.
  • Behin xede taldeari zein gaik “eragin” diezaioketen esku artean dugunean, komunikazio estrategia landu behar da: “eseri” eta somen-lana egin: ideiak landu, argumentuak, adibideak...

Euskara zer den esan beharrean demostratu egin behar da. Sinesgarritasuna emateko, euskara gozagarria eta modernoa dela ez da hainbeste esan behar, hori frogatzen duten adibide onak behar ditugu esparru ezberdinetan.

Euskararen gaian, mezu asko zabaldu dira ideariotik edo erraietatik, gure nahietatik, ez komunikazio estrategia baten arabera eragin nahi zen publikoan nola eragin pentsatuz.

  • Ez dugu agindu behar (imagina daiteke... Mercedes eta kitto!?). Eraginkorrak izateko seduzitu, konbentzitu, limurtu egin behar dugu. Ez da informazio kontua, persuasio kontua da, erakartzea.
  • Mezu ezkorrak ez erabili. Mezuan etekina egon behar du, jasoleak “zerbait atera” behar du horretatik, etekin bat. “Euskara erabili, bestela hil eginen da” erabiltzen dugu, baina “Erosi kotxea, bestela itxi eginen dut” bezalako esaldiak grazia egiten digu.
  • Mezu arrazionalak ere behar dira, arrazionalak “ere” bagarelako, eragiten diguten kontu horiek argumentatzeko, osatzeko.
  • Sormena behar da, eta landu egin behar da.
  • Mezuen hartzaileen nahiak eta egoera kontuan hartzeaz gain, emaileen ezaugarriak eta mugak ere kontuan hartu behar dira. Egoera batzuetan eragiteko emaile batzuk legitimazio eta indar gutxi dute, beraz, aztertu behar da jasole bakoitzarentzat nor den mezu-emaile egokia.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu