Antxeta Irratiak Hendaiako hiri erdian, De Gaulle Generaleko Bulebarrean duen egoitza erabat kaltetua suertatu zen aurreko igandean, apirilak 16, gauean. Goiko solairuan hutsik zegoen etxebizitzan ur-berogailu bat hormatik erori eta uraz hornitzen zuen hodieriatik ur guztia atera eta behean dagoen Antxeta Irratiako lokalera izuri baitzen.
Ezbeharraren berri izan zuen hortik gutxira lokalaren jabeak, eta erreakzio azkar bati ezker uraren horniketa moztu zuen. Aitzitik ura ordu batez atera zen eta estudioetan sartu zen uholde bat sortuz. Urak, goitik erori zenez, estudioa inguratzen duen aislantea kaltetu du eta egoitzan obra egitea aurreikusten da.
Egoera honen aurrean, etxearen jabeak muxutruk utziko du goiko solairuko lokala Antxeta Irratiako langileek gaurtik aurrera lanean jarraitu daitezen. Nahiz eta arazoa hor sortu zen ez du ia kalterik jaso.
Egoera honen aurrean tokiz aldaketa eta egokitzapenak burutzen diren bitartean emisioa eten egingo da eta ahalik eta azkarren berriz airean izatea espero dugu.
Bidasoamedia.info astekari digitala lokal beretik abiatzen da eta material kalteak direla eta arazoak suertatu daitezken orria eguneratzeko orain arte egin den maiztasunarekin.
Antxeta Irratiatik dei zabal bat luzatzen diegu Bidasoa-Txingudi eskualdean dauden, elkarte, eragile eta bereziki euskalgintzako eragileei, ahal duten neurrian une zail hauetan egitasmo hauek lagundu eta babes ditzaten, bereziki gogoratzen diegu aurreko urtean ospatu zen Antxeta Irratiaren aldeko jaian, "Bidasoan Euskaraz" aurten ere ospatu egingo dela maiatzaren 19tik 21era, eta egoera tamalgarri honetan zentzu berezia hartuko du.
2001eko otsailaren 14an sortu zuten Baionako Entzun Ikus eta Irungo Pausu elkarteek, Irun, Hondarribia, Hendaia, Pausu eta Biriatuk osatzen duten Behe Bidasoa Txingudi eskualderako Antxeta Irratia. Hasiera batean Antxeta Irratia Gure Irratiaren azpi irratia bazen ere, hortik gutxira bere egituratik bereiztu zuen bere burua eta aurreko urrian Gure Irratiak, Irulegiko Irratiak eta Xiberoko Botzak osatzen duten Euskal Irratiak Federazioan sartu zen eta bere programazioan parte hartzen du egunero hiru deskonexioak eginez tokiko aktualitatea emanez. Antxeta Irratian entzun daitezke Bertsoak Punttuan bertsolaritzari buruzko emanaldia eta Antxetamina Gazte magazina ere. Beste aldetik, aurreko urteko bukaeran pausumedia elkartea sortu zuten irratiako laguntzaileek euskara hutsezko komunikabideak Txingudi Bidasoa bailaran sortu eta sustatzeko asmoarekin, garai horretan aurkeztu zen bidasoamedia.info astekari digitala.
Laister Antxeta Irratiak abian jarriko du kanpaina bat kalteei aurre egiteko eta bereziki Bidasoan Euskaraz jai arrakastatsua antolatzeko.
Antxeta Irratia
Kontaktuetarako: Juan Etxenike (00 34) 685 705395
xaresd@gmail.com
Erantzun
Sartu