XX. mendeko azken 40 urteotan euskal herri musikak sortutako 230 kanta-doinuko aukera bildu duen proiektu honen webgunea bisita daiteke dagoeneko. ahobetekanta.arteola.com webgunean pieza bakoitza letra, partitura, argazki eta informazio laburpen batekin eskaintzen da. Hiru hizkuntzatan (euskara-gaztelania-frantsesa) dagoen argitalpen honetan, besteak beste, Itoiz, Oskorri, Fermin Muguruza, Benito Lertxundi, Michel Labegerie eta euskal herri musika garaikidearen beste hainbat erreferentzia aurki ditzakegu.
Gainera, DVD-ROMean doinu bakoitza MIDI formatoan digitalizatuta eskaintzen da, jatorrizko doinuaren audio lagin batekin. Lau urtean orotara 1.000 bat erreferentzia bildu nahi dituen proiektu zabalago baten lehenengo emanaldia da hau, berauek, beharrizan didaktikoetara egokituta, musika irakaskuntza ez arautuan sartzeko xedez.
Apirilaren 4an aurkeztu zen DVD-ROMa duen liburua jendaurrean Bilboko Kafe Antzokian eta hurrengo astean Euskalduna Jauregian, Euskal Herriko Musika Eskolen Elkartearen 2. Nazioarteko Biltzarrean liburua eskoletan banatzekoa baita. Baina webguneari esker ez da beharrezkoa izango liburua eskuratzea bertako informazioak eta partiturak (pdf formatoan) eskuratzeko.
Euskal Herriko Musika Eskolen elkartearekin lankidetzan eta Eusko Jaurlaritzaren finantzazioarekin Arteolak koordinatutako lana erronka garrantzitsua izan da, 230 pieza horiek aukeratzea eta musika eskolen hezkuntza eta curriculum beharrizanetara egokitzea. 40 laguneko lan-talde anitzak (irakasleak, abeslariak, musikariak, moldatzaileak, informatikariak, kazetariak ). Lanaren atal bakoitzeko erredakzioaren arduradunak, hurrenez hurren, Juan Carlos Perez, Aitor Amezaga, Bingen Mendizabal, Fermin Muguruza, Juan Antonio Urbeltz, Trikitixa Elkartea, Bixente Martinez, Anton Latxa eta Iñaki Salvador izan dira. Abesti edo doinu bakoitza bere inguruko datuekin dator, haren egilea, azalpen idatzia eta jatorrizko grabaketa, eta beharrizan pedagogiko-akademikoetara egokitu da. Horrez gain, koordinazioa, edizioa eta eskubideen kudeaketa lan handia egon da ekoizpen honen atzean.
Musika eskoletako ikasle eta irakasleentzat oso ekoizpen erabilgarriak izango dira liburua, DVDa eta webgunea. Gizarte osoarentzat ere urrats garrantzitsua da herri musikaren ondare horren biziberritzeko eta duintzeko bidean. Haren inguruko harreman sarea berreraikitzen lagundu dute hemen esku hartu dutenek, elkar ezagutuz eta onartuz, herri musikan eta haren sustapenean interesa duten askok. Arteolako kide Josu Zabala musikariaren esanetan "Ondare hau gizarteratuz, gure asmoa, hasieran musika eskolen bidez, gizartea aberastea eta egituratzea da, bere burua ezagutu dezan, herri musikaren bidez etengabe sortzen eta birsortzen ari delako".
Aho bete kanta liburu eta DVD-ROMaren inguruko zenbait jakingarri
Erantzun
Sartu