Teknologia albisteak
2

Tokiko telebista guztiak gaztelaniaz izango dira Jaurlaritzaren dekretua onartzen bada

Erabiltzailearen aurpegia
Marijo Deogracias
2006-03-30 : 11:03

Jaurlaritza gertatzen ari den proiektuak euskarazko emisioei lehentasuna emango diela jasotzen duen arren, joan zen martxoaren 17an Eusko Legebiltzarrean egindako osoko bilkuran atzera bota zuten dekretua hobetzera zetorren egitasmoa. Era horretan hirukoak uko egin zion barruti bakoitzean euskara hutsezko tokiko telebista bana izateari.

Eztabaida Aralarren ekimenez egin zen Legebiltzarrean. Baina, talde horren parlamentariak adierazi zuenez, “Euskaldun erkidego handienetan tokiko telebistak nagusiki gaztelaniaz izango dira Jaurlaritza egiten ari den dekretua bere horretan onartzen baldin bada. Horrela izango da Donostian programazioaren laurdena bakarrik euskaraz izango delako, Bilbon %12 baino ez da izango euskaraz eta Gasteizen programazioaren %10”. Euskaldun erkidego handienak euskarazko tokiko telebista gabe geratuko dira, dekretuak ez baitu ziurtatzen hori horrela izango ez denik.

Martxoaren 17ko osoko bilkuran gainera, tokiko telebistentzako estrategikoa den arlo baten kontra ere jo zen: finantzazioari dagokion dirulaguntzei, hain justu. 2006ko aurrekontuetan jasoriko diru partida datozen urteetako aurrekontuetan mantendu eta handitzeko konpromisoa hartzea eskatu zen Legebiltzarrean, baina hori ere bertan behera geratu zen hirukoak, PP-k eta PSOE-k kontra bozkatu zutelako.

Segidan jaso ditugu Aralarrek Legebiltzarrean aurkeztu zuen bost puntuko legez besteko proposamena, Eusko Jaurlaritzari dei eginez:

1- Hizkuntz normalizazioaren bidean aurrera egiten jarraitzeko, tresna ezin hobea dira tokiko telebistak: hori dela eta, euskarak behar eta merezi duen garrantzia izango du esleipen guztietan.

2- Barruti bakoitzean esleipen bat gordeko da, euskara hutsean emitituko duten telebistek eskuratu ahal izan dezaten.

3- Euskaraz emititzen duten tokiko telebistek laguntzak izango dituzte jarri beharreko fidantzak jarri ahal izan ditzaten.

4- Dagoeneko emititzen ari diren euskara hutsezko tokiko telebistek laguntza jasoko dute, ekoitzi beharreko programazio-orduetara iristea izan dezaten eta digitalizazio-prozesua egin ahal izan dezaten.

5- 2006ko aurrekontuetan jasoriko diru partida datozen urteetako aurrekontuetan mantendu eta handitzeko konpromisoa hartzen da.

Hori izan zen eskaria, baina bozketaren orduan, eta EHAK-k alde bozkatu zuen arren, Aralarrek aurkeztutako legez besteko proposamena bertan behera geratu zen eta hirukoaren osoko zuzenketa onartu zen, talde sozialistaren aldeko botoarekin. Hirukoaren proposamenak zera jasotzen zuen:

1- Tokiko telebista digitalak tresna egokiak dira komunikazioaren gunea eratzeko, gure izaera sozial, kultural eta linguistikoa kontuan izanik.

2- Hizkuntza normalizazioaren bidean aurrera egiten jarraitzeko, tresna ezin hobea dira tokiko telebistak, hori dela eta, euskarak behar eta merezi duen garrantzia izango du esleipen guztietan, inguruko gizartearen errealitateari egokituaz.

3- Tokiko telebisten euskararen erabilera sustatzeko orain arte emandako dirulaguntzen azterketa eta ebaluazioa egitea. Azterketa honen ondorioak kontuan hartuko dira etorkizuneko dirulaguntzen irizpideak zehazterakoan, Legez besteko Proposamen honen lehen eta bigarren puntuetan aipatzen denaren haritik.

Erantzunak

metaltrainer
2006-03-30 : 17:30

Oso kuriosoa. Aldiz InternetEuskadi irakurtzen badugu, hauxe diote:


El Parlamento Vasco apuesta por la presencia del euskera en la TDT


Josu Orbe
2006-03-30 : 18:49

Gai honi buruz idatzi nuen nire blog xumenan (http://jorbe.blogsome.com/2006/03/20/tokiko-telebistak-eta-euskara/)
eta pozten nahiz nire asteroide honetan bakarik ez nagoela ikusterakoan.


Baina dena den uste dut ez dela bakarrik gai hau, ez bagara espabilatzen Teknologia berrien munduan euskarak ez du izango aukerarik eta horretarako gaude bai euskaldunok eta baita erakunde publikoak eta pribatuak ere


Erantzun

Sartu