Asteburua Kukutza gaztetxean eman dugu. Kontrainformatu.info topaketak burutu dira han, berbaz, eztabaidan eta elkarlanerako proiektuak hedatu, sortu eta amestu ditugu. Oso giro onean, tokiko medioak zein sarean aritzen direnen arteko loturak egin ditugu. Eta aurrerantzean jarduteko irizpide berriak ere baditugu orain. Patxi Gaztelumendik bere blogean argitaratua eta hona haren lizentziari esker ekarria.
Posta zerrenda
Eta bertan bildutako medioen artean, posta zerrenda bat sortu genuen. Kontrainformatu. Han bertan sortu zuten mundurat.net atariko lagunek. Software librearekin eta euskaraz, zerrendara harpidetu ginen guztiok, eta egun pare batean bizi bizi dago. Eztabaidak jarraitzen du, lanabes berriak planteatzen dira eta aurrerantzean wiki bat ere sortuko da, egin beharreko lanak zehaztu eta datozen erronkei aurre egiteko. Posta zerrendan auzolana kordinatuko da, bilera etengabe bilakatuko da gure jarduna, eta proiektu berrietarako mintzaleku izango da.
Kontrainformatu.info
Topaketetarako blog izan zena, orain tresna bezala hartu dugu. Kontrainformazioaren inguruko albiste, iragarpen edota jakingarriak batuko dira bertan. Topaketa hauetan ikusi dugu, tresna berriak ezagutu eta jakinarazi behar ditugula gure artean. Gazte mugimenduan zein tokian tokiko komunikabideetan beharrezko diren informazio, jardunaldi, tresna, software guzti hoien berri eman nahi dugu. Eta gune bizia izatea da asmoa. Bakoitzak berea dauka, baina kontrainformatu.info horretan denok elkarrekin arituko gara. Hau ere euskaraz eta software librearekin garatua dago.
Gaztetxe martxa
Esperientzia praktikoa izango da. Apirilaren 21ean Maulen hasi eta maiatzaren 7an Iruñean amaituko den Gaztetxe martxan komunikabide guztion elkarlana eta koordinazioa bermatu gura da. Egunez egun, irrati libre, aldizkari, webgune eta gainontzekook eman beharreko informazioa, argazkiak, audio artxiboak tartekatu, iragarri eta hedatzeko tresnak jarriko dira.
Gaztetxeen koordinadorak ere, lan itzela egiten dihardu eta guztion artean emaitza hobeak lortzea da helburua. Azken egunean, Iruñean media center bat sortzea da asmoetako bat.
Gazte hizkera eta hizkuntza irizpideak
Eztabaida polita sortu zen larunbat iluntzean, Xirikako lagunek Gazte hizkeraren inguruan piztu gura duten eztabaida-lana-irizpideak direla eta. Hizkuntzak aurrera egiteko, komunikabideetako lana garrantzitsua dela iritzita, eta beraiek gazte egunkaria osorik euskaraz egiten dutela eta, urrats bat gehiago emateko prest agertu dira. Eta gazte hizkera lantzeko lantalde bat sortzen ari dira, laborategia ere erabili genuen Kukutzan txantxa artean. Apirilaren 1etik aurrera, hizkeraren inguruan indarrak batu eta sormena landu gura dute, apurka apurka gazteen artean argot berria bultzatzeko. Orain arte lanean ibili direnen ereduak aintzat hartuko dituzte, eta Interneten ere ekimen ugari egingo dituztela aurreikusi zuten.
Eta euskarak gure medioetan bizi duen egoera ere aztertu genuen. Erronda batean, medioz medio aritu ginen euskararen presentzia ikusten. Egoera soziolinguistikoen gainetik, gazteak modu alternatiboan ari diren medioetan, euskara da nagusi. Eta gero eta gehiago, euskararen presentzia oso garrantzitsua da. Soilik euskaraz aritzen diren medioak dira nagusi gainera. Eta hor aurrerakada handia eman duela begitandu zitzaigun. Adibide bitxirik ere izan zen gazte mugimendutik sortzen den materialaren gainean; gaztelaniara bikoizten eta itzultzen egoten dira toki batzuetan, jende gehiagorengana heltzeko.
Kukutza gaztetxean
Asteburua beraz, emankorra izan da. Kukutza gaztetxeak baliabide ugari eta txukunak eskaini dizkigu. Gaztetxe handia da Kukutzakoa. Solairu ezberdinetan banatuta, toki aproposak eta txukunak ditu edozer antolatzeko. Tailerrak, bideo proiekzioak, antzerki emanaldiak, lo egiteko lekua…. eta jantoki eder bat. Kukutzako jantoki begetarianoa itzela da. Topaketa hauetan, Euskal Herriko baserritar gazteen ekoizpen ekologikoak izan ditugu mahai gainean, eta gure sukaldariek ederto asko prestatu dituzte.
Erantzun
Sartu