Berrian Igor Urrutikoetxea adiskidearen iritzi artikulua irakurri eta espetxe barruko solasaldiaz pentsatzen geratu naiz autobusean. Ondo izartu barik nengoen oraindik. Ordenadore aurrean gero, Imanol Muruaren pasartea irakurri dut. Euskaldunak Jerikon. Gu beti, bisitan. Beti kartzelan.
Ahdmen Saadaten bahiketa idatzi du Igor Urrutikoetxea lezamarrak Berrian. Eta interes haundiz irakurtzen hasi naiz. Bera metalgintzako arduraduna da LAB sindikatuan, eta gehienetan txapa ederrak idazten ditu; baina gaur ordea, Askapenako brigadista bezala bizitakoa kontatu digu. Polita izan da, zinez. Eta Ahdmen Saadaten kartzelako berbak gogoratu ditu, oraindik entzungo balitu bezala, matematika irakaslearen esanak ekarri ditu gogora, Euskal Herriaren egoerari buruzko kezkak. Eta artikulu interesgarria egin du.
Gaztea da Urruti, ondo jantzia du armarioa. Xabier Arzallusekin ere eztabaida eta ikamika gogorrak izan zituen Zuzenbidea ikasten zuenean. Baina hagatik, oso nota onak atera zituen karrera osoan zehar. Aspaldion gero eta gehiago idazten du prentsan, idazten du LABeko Iraultzen aldizkarian, baina Palestinako kontu hau hunkitzekoa da. Gaiaren laztasunagatik ez balitz.
Imanol Murua Uria duela 9 urte izan zen Palestinan. Kronikak idazten zituen Euskaldunon Egunkarirako. Eta gerora kronika liburua idatzi zuen: Palestina zauritua . Lehenago idatzia zuen Suetena Belfasten Hunberto Unzuetagaz batera.
Imanol, kazetari blogaria ere bada. Eta gaurkoan bere blogean kontatzen du Jerikoko espetxeko berri. Bisitatu -eta elkarrizketatu- zituen presoen izena ematen du, eta espetxean egondako momentuen kronika egiten Isatsaren preso kapituluan. Liburua osorik dago Interneten, eta Palestinari buruz apur bat gehiago jakin eta irakurtzeko aproposa da.
Eta gero, Joseba Tapiaren Hain zuzen diskoa hartu dut. Kantu izugarri polita idatzi zuen Koldo Izagirrek Palestinan sua bihotz ondoan jarritako lehen emakumearen gainean. Eta une batez, Euskal Herritik Palestinara egin du nire irudimenak, edo buruak, edo ez dakit zerk..
Beti nahi izan du harriak eskuaren askatasuna
eta herriek askatasuna, eskuz esku
han bezala hemen
harri eta herri
Erantzun
Sartu