Joxemari Iturraldek (Tolosa, 1951) Nafarroako artizarra kaleratu berri du, 1984an euskal literatura berrian esanguratsu izandako eleberria, eta oraindik ere irakurleen interesa pizten segitu nahi duena. Elkarrizketa egin diogu, eta izenburu hau aurkitu dugu erantzunetan: "Nobela historikoa esatea kontraesana da; edo nobela da, edo historia da"
Hogei urteren buruan zeure liburu zaharberritu batekin zatozkigu. Testuak berdintsu dirau baina, zertan aldatu da egilea?
Hogei urteren ostean pertsona guztiok aldatzen gara, batzuk besteak baino gehiago. Hogei urte hauetan liburu dezente kaleratu ditut eta beste egile askoren ehunka liburu irakurriko nituen. Suposatzen da horrek balio izan didala zertxobait gehiago ikasteko eta jakiteko ofizio honi buruz. Suposa daiteke, baita ere, orduan izan nuen freskotasun apur bat galduko nuela urte hauetan, baina ez dakit seguru.
Eta testuari urteek on egin diote, ala gehiegi antzematen zaizkio zimurrak, garai bateko kerak eta keriak?
Uste dut oraindik ere liburua oso fresko mantentzen dela, gustura irakurtzen dela eta erakargarria izan daitekeela. Baina hori, jakina, irakurleak esan beharko du.
Euskal literatura osoak urte hauetan egindako bilakaeraren lekuko moduko bat ere bada, ezta? Zer azpimarratuko zenuke alde horretatik?
Urte hauetan euskal literaturak izugarrizko aurrerakada egin du, bai kantitatean nola kalitatean ere. Nik Nafarroako artizarra publikatu nuenean literaturgintzan egiten zen guztia ezagutzen nuen, segitu eta irakurri egiten nuen. Gaur egun hori, zorionez, ezinezkoa litzateke. Orduan publikatzen ziren liburu onak, eta orain ere bai (gehiago orain, nik uste). Halaz ere, bi ataletan gabiltza oraindik nahiko gazki: ez dago kritiko literarioz osatutako taxuzko corpus edo multzo finko eta ezarririk. Eta garrantzizkoago dena, ez dago literatura-irakurle multzo handi eta ezarririk gure gizartean. Gazte jendeak irakurtzen du gehiago, baina behartuta eta eskola-zirkuituetan sartuta.
Kritikaz esan duzuna zehaztuko zenuke gehixeago?
Kritiko literarioak falta dira, eta, beraz, horien urtetako lanak osatuko lukeen corpus kritikorik ere ez dago: kritika estilo ezberdinak, kritika eskola diferenteak, ikuspuntu estilistiko ezberdinak, idazleon lanetara hurbiltzeko joera diferenteak... Idazleekin egin ohi den modura kritiko literarioekin ere posible izan beharko luke hauek sailaktzea era ezberdinetan beren lana egiteko estiloaren arabera: prestakuntza akademikoa, ideologia, esperientzia, irakurketa maila... Baina, tamalez, horretatik ez daukagu oraindik ere ezer.
**Gatozen Nafarroako Artizarrara. Itxuraz nobela historikoa, izatez ez hainbeste...**
Ondo pentsaturiko liburua da. Nobela historikoen gainean egindako hausnarketa literario bat da, baina ez teorikoa, fikziozkoa baizik. Nobela historiko esatea kontraesan handi bat esatea da. Edo nobela da, edo historia da, ez dago besterik. Liburu postmoderno bat da, duela 23 urte idatzitakoa, horrelakorik euskaraz ez zegoenean. Irakurleari garai historiko bat kontatzen zaio, baina aldi berean idazleak abisatu egiten dio irakurleari ez sinesteko dena, keinu bat luzatzen dio esanez bromatan ari dela. Kontuan hartuta garai hartan zer-nolako nobela historikoak zeuden modan gure artean (Joanak joan eta abar) berehalaxe uler daiteke zein izan nuen helburu liburu hau idaztean.
Erdi Aroko Lizarra kulturen arteko bizikidetasun-adibidetzat har liteke, eta baita Toledo ere, zure pertsonaia batek egiten duen bidaiaren bi muturrak aipatzearren. Giro haren nolabaiteko lilurak bizi zaitu?
Erdi Aroko urte askotan, urte luzetan, Lizarra, Tutera eta antzeko hiriak eredugarri izan ziren kultura eta bizikidetasun aldetik. Nik juxtu egoera horren urraketa, amaieraren hasiera kontatzen dut. Eta denbora eta espazioarekin jokatuz ia gaur egun arte ekartzen dut protagonistetako bat. Alegia, giro on eta aparteko hura orduan hasi zen izorratzen eta badirudi (esaten nuen duela hogei urte) gaur egun arte ailegatu zaigula orduan hasi zen biolentzia eta elkar ezin ikusi hura.
Liburuaren bigarren harian, pikaroaren figura daukagu, neurri batean, Damiano Txikilaurdenengan haragitua; abentura-generoarekiko zure zaletasunaren aitortza bat?
Bai: nobela pikareskotik asko du liburu honek. Baita Lazarillo, Buscon eta Quijoteren munduetatik ere. Omenaldi bat da zentzu horretan.
Abentura eta metaliteratura uztartu dituzu; dibertimendua eta jolas intelektuala elkartu litezkeela erakusteko edo?
Bai, dudarik gabe. Edota, hobeto adierazita, dibertimendua eta jolas intelektuala elkartu zitezkeela erakusteko, garai hartan eta gure hizkuntzan, hots, euskaraz. 1980ko hasierako urte haietan gure artean idazten zena errepasatuz ohar gaitezke ez zela alferrikako lana hori erakusten hastea.
Euskal geografian barrena egindako bidaia bat ere bada nobela hau. Esanahi edo arrazoi berezirik?
Modu triste batean apurtu eta hondatuko zen bizikidetasun eta elkar ikuste oneko giro aparteko hori ez zen gauza puntuala izan, soilik Lizarrakoa, euskaldun guztioi eta Euskal Herriko leku guztietan gertatuko zitzaigun zerbait baizik. Denboran eta espazioan zabaltzen joango zen maldizioa, Erdi Aroko beste izurrite baten modura.
Urte batzuk daramatzazu obra berririk plazaratu gabe. Sorkuntza-lanean, ala hausnarketa-aldian?
Denbora tarte dezentekoa uzten dut beti nik liburu batetik bestera. Nahita. Horrela, gutxienez, badut segurtasun bat, alegia, liburu berria nahiko diferente izango dela aurrekoarekin konparatzen badugu. Bost urte joan dira azkenekoa plazaratu nuenetik eta aurten kaleratuko dut berria. Azken ukituekin ari naiz denboraldi honetan.
Erantzun
Sartu