Eusko Jaurlaritzak datozen hilabeteetan Tokiko Telebista Digitalen esleipenak arautzeko dekretua kaleratuko du; azaroan dekretu horren zirriborroa plazaratu zuen. Euskarazko Komunikazio Taldeak (EKT) egin duen azterketaren arabera, dekretu zirriborroak ez ditu euskal hiztunen hizkuntza eskubideak bermatzen.
Izan ere, euskaldunen %79ak eta ia-euskaldunen %95ak nagusiki erdarazkoak diren tokiko telebistak soilik ikusiko dituzte. Horrenbestez, EKTk txosten bat igorriko dio Jaurlaritzari, egoera hori aldatzeko eskatuz.
Dekretu zirriborroroaren sarreran, honakoa aitortzen du Jaurlaritzak: "hiritar guztiek tokiko komunikabideetan eskaintza bere hizkuntzan izateko eskubidea". EKTek eginiko hausnarketaren arabera, ordea, euskarari dagokionez ondorengo lau gabezia nabarmen ditu testuak:
1.- Ez da euskara hutsezko katerik bermatzen:
Zirriborroak euskarazko kateek lehentasuna izango dutela esaten badu ere, ez du ziurtatzen eskualde bakoitzean euskara hutsezko katerik egongo denik. Hori esleipenera aurkezten diren enpresen borondatearen baitan egongo da lehenik (enpresaren batek horrelakoa aurkeztu nahi badu), eta epai mahaiaren eskutan bigarrenik (irizpide hori beste guztien gainetik hobesten badu).
Eusko Jaurlaritzako arduradunek diote erdara hutsezko kateei atea itxi zaiela. Hori egia izanik ere, dekretuak %85 eta %90ean erdarazkoak izango diren kateak egotea ahalbidetzen du; eta horiek, azken finean, erdal telebistak izango dira.
2.- Herritar ia euskaldunak ez dira aintzat hartzen:
Dekretuak demarkazio bakoitzeko euskaldunen kopurua hartzen du kontutan, eta horren araberako euskararen erabilera indizea ezartzen die telebistei. EKTren iritziko, ulertezina da ez hartzea aintzat ia-euskaldunak (euskara nekez edo gaizki hitz egiten dutenak, eta ulertu ondo edo nekez egiten dutenak), ikusle potentzialak baitira euskarazko telebistarako. Gainera, kontutan hartuta ia-euskaldunen kopurua (zenbait eskualdetan %20a inguru dira), agerian gelditzen da zein indize ezberdina aterako litzatekeen talde hau ere kontutan hartuz gero.
3.- Telebistek bete beharko duten euskararen erabilera indizeari %70aren betekizuna soilik ezartzen zaio hasieran:
Euskaldunak soilik kontuan hartzeaz gain, hortik ondorioztatzen den euskararen erabilera indizea bere horretan ezarri beharrean, 10 urteko epea ematen du dekretu zirriborroak indize hori betetzeko. Hasieran indize horren %70 baino ez da bete behar. Alegia, zerbitzu publikoa bete behar badute ere, enpresa pribatuoi gizartearen atzetik joatea onartuko zaie.
4.- Ez da bermatzen euskarazko programazioa prime-timen agertzea:
Jakina denez, prime-timea 20:00ak inguruan hasi eta gauerdia bitartean kokatzen da. Eusko Jaurlaritzaren dekretu zirriborroaren arabera, ordea, tokiko telebisten kasuan goizeko 7:00etan eta gauerdia arte irauten du. Hori bai, euskarazko programazio prime-timen eman behar dela arautzen du. Praktikotasunean, ordea, telebista kateak izango dira euskarazko edukiak noiz jarri erabakiko dutenak.
Horrenbestez, lau arazo larri horiei erreparatuz, EKTk ondorioztatzen du euskaldun eta ia-euskaldun gehienek, zonalde erdaldunetan bizi direnez, ez dutela euskaraz hutsezko telebistarik bermatuta izango. Are gehiago, nagusiki erdarazkoak diren tokiko telebistak izango dituzte ikusteko.
Ondorioz, EKTk honako eskari zehatzak egiten dizkio Eusko Jaurlaritzari:
1.Euskaldunen eta ia-euskaldunen ehunekoen baturaren proportzioan bermatzea euskara hutsezko kate kopurua demarkazio bakoitzean, eta gainerakoei kuotak ezartzea.
2.Ia-euskaldunak ere kontuan hartzea euskararen erabilera kuotak ezartzerakoan.
3.Ezartzen den euskararen kuota hasieratik bete behar izatea erdarazko kateek.
4.Prime-timea telebista orokorrek daukaten bera izatea eta hor ere legezko proportzioan izatea euskarak lekua.
Erantzun
Sartu