Hizkuntz Eskubideen Behatokia, A Mesa pola Normalización Lingüística eta Observatori de la Llengua Catalana zenbait alderdi politikorekin bildu dira Diputatuen Kongresuan, estatuari Europako Itunaren bidez hartu zituen konpromisoak bete ditzala eskatzeko.
Bilerara BNG, EA, ERC, Na Bai, EAJ, PSC, CiU eta IC-V azaldu dira. Euskal, galiziar eta katalan hiztunen hizkuntza-eskubideak bermatzeaz arduratzen diren hiru erakunde hauen ordezkariek Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Itunaren gomendioak gogorarazi dituzte.
Euroituna Espainiak berretsitako Europako Kontseiluaren nazioarteko ituna da, eta 2001eko abuztutik dago indarrean. Europako Kontseiluaren ustetan beharrezkoa da Espainian hizkuntza trantsizioa gertatzea: indarrean dagoen gaztelaniazko elebakartasunaren nagusitasunean oinarritzen den eredutik eredu eleanitzera.
Rovira i Virgili Unibertsitateko Zientzia Juridikoen Fakultateko dekanoak, Santi Castellánek, Europako Itunaren balorazioari buruzko hitzaurrea egin du. Castellánen esanetan Europako Kontseiluaren Adituen Batzordearen txostenak nahiz erakunde beraren Ministro Kontseiluaren gomendioek argi erakusten dute Estatu espainiarrak ez duela adostutakoa bete. Dekanoak txostenaren amaieran gogorarazi duen bezala: Beharrezkoa da ahalegin handiagoa egitea biztanleriaren gehiengoa osatzen duten gaztelania hiztunak eta komunikabide nazionalak hezteko. Horrela, Espainiako ondarea osatzen duten eskualdeko nortasunen xehetasunengatik onespena eta errespetua bultzatzeko.
A Mesa pola Normalización Lingüística
Erakunde bakoitzaren ordezkariek euren egoera azaldu dute. Carlos Callónek, A Mesa pola Normalización Lingüística erakunde galiziarraren lehendakariak, Galiziako legediak irakaskuntzaren herena galizieraz izatea besterik ez duela bermatzen esplikatu du: baina neurri hori bera ere ez da betetzen. Callónek irakaskuntzako lehen urteetan ere ez dela eskubide hau betetzen salatu du. Honegatik, Europako Kontseiluak agintaritza eskudunei nagusiki galizieraz dauden hezkuntza ereduak garatzeko eskatu die. Funtsezko hizkuntza eskubideen urraketa hau ez litzateke onartu beharko.
A Mesako lehendakariaren arabera galiziera estatuko hizkuntza da eta gizartearentzat garrantzitsua izan arren, instituzioen aldetik ez du babesik jasotzen. Ondorioz, azken hogei urteetan hiztunen kopurua era kezkagarrian jaitsi da eta ez da joera hori aldatzeko ezer egin. Adituen Batzordeak galizieraren kasuan, katalanak eta euskarak dituzten arazoak jasateaz gain, irakaskuntzaren arazo larria azpimarratzen du gehitu du A Mesako lehendakariak.
Hizkuntz Eskubideen Behatokia
Paul Bilbao, Behatokiko zuzendaria, izan da Euskal Herriko hizkuntza-eskubideen izenean aritu dena. Zuzendariak Nafarroaren egoera berezia azpimarratu du. Administrazioak Nafarroa eskualdeka banatu izanak ez du logikarik, Bilbaok honekin Nafarroako eremu euskaldunaren, ez-euskaldunaren eta mistoaren antolamenduari egin die erreferentzia. Adituen Batzordearen txostenak nahiz Ministro Batzordearen gomendioek gai hau aipatzen dute, euskal hiztun gehien dauden eskualdean euskara ofiziala ez izatea ulergaitza dela aitortuz.
Europako Kontseiluak berretsi duen bezala, Espainiako Administrazio Orokorrean euskara dakiten langile gehiago egotea beharrezkoa dela gogorarazi du Paul Bilbaok. Azkenik, Behatokiaren zuzendariak justiziaren alorrean hartutako 13 konpromisoetatik administrazioak bi bakarrik bete dituela argitu du.
Observatori de La Llengua Catalana
Josep Romeuk, Observatori de la Llengua Catalanaren koordinatzaileak, hizkuntzaren katalanaren komunitatearen izenean hitz egin du. Romeuren hitzetan Europako Kontseiluko Adituen Batzordeak miresgarritzat jo du hizkuntza murgilketan eta ikasleen bereizketa ezan oinarritzen den Kataluniako hezkuntza sistema. Dena den, Valentziako eta Balearretako ereduek Europako Gutunaren maila baxuena ez dutela bermatzen ohartarazi du.
Observatoriren koordinatzaileak botere judizialari ere egin dio erreferentzia: Europako Kontseiluko Adituen Batzordearen ustetan estatu espainiarrak ez du Europako Gutuna betetzen, ez baitu hiritarrak katalana Justiziako administrazioan erabiltzeko duen eskubidea bermatzen. Adituen Batzordeak Botere Judizialaren Lege Organikoa berrikusteaz gainera, epaitegietako langileen hizkuntza gaitasunaren eskakizunaz hausnartzea ere gomendatzen du.
Erantzun
Sartu