Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariak Bizkaiko Justizia Jauregian euskaraz hitz egiteko eskubidea baliatzeagatik atxilotu eta zakarki tratatu zuten herritarrarekin agertu da, epailearen aurrean deklaratu aurretik, babesa helarazteko. Behatokiak herritarren hizkuntza-eskubideak babestu behar ditu, aditzera eman du zuzendariak Jusitizia Jauregiaren atarian.
Behatokiko zuzendariak salatu du herritar baten ofiziala den hizkuntza bat erabiltzeko eskubidea urratu egin dutela. Euskaldunok gure hizkuntza erabiltzeko eskubidea daukagu, herritarrak eskubide hori baliatu nahi izan du eta ez diote utzi, adierazi du zuzendariak, Paul Bilbaok. Epaitutako herritarrak euskara erabili nahi izan du eta euskarazko zerbitzua ez jasotzeaz gain, gaizkileen moduan tratatu eta delitu bat leporatzen diotela azaldu du Bilbaok. Euskaraz egitea al da delitua?.
Otsailaren 18an herritarrak Bilboko Alde Zaharreko metro geltokian ertzain batzuei euskaraz egiteko eskatu zien, handik bi minutura atxilotuta zegoela jakinarazi zioten. Halaber, ez zizkioten eskubideak euskaraz irakurri. Bere aldetik, herritarra euskaraz artatua izateko eskubidea baliatzeko eskatu arren, ez zioten inolako kasurik egin.
Gertaera horren guztiaren ondorioz, herritarrak epaitegian deklaratu behar du gaur. Behatokiak jakin arazi du herritarrari ertzain etxean luzatu zitzaizkion dokumentu guztiak gaztelania hutsean zeudela: zitazioa, gorputz miaketaren diligentzia, askatasun zedula
Dokumentu horiek ez diote erreparatzen egun dagoen ordenamendu juridikoari, legea ez betetzeaz gain herritarrak administrazioarekin euskara erabiltzeko duen eskubidearen alde pasiboa ere urratu da, aditzera eman du Bilbaok.
Behatokiak duela hilabete eskas Ertzaintzan zabaldutako lan deialdiaren iritzia emateko agerraldian adierazitakoa gogorarazi du Bilbaok: Azken urteotan hainbat kasu larri bideratu behar izan ditugu herritarrek euskara erabiltzeko eskubidea baliatu nahi izan dutelako; gaur, berriz ere, horrelako baten aurrean gaude.
Adierazpenen amaieran, Bilbaok deia luzatu nahi izan dio Herrizaingo sailari: Ezinbestekoa da Ertzaintzan herritarren hizkuntza-eskubideak bermatuko dituen plan eraginkor bati ekitea eta, beharrezkoa da, protokolo bat ezartzea. Era berean, Behatokiak gogorarazi du orain dela 25 urte euskarari ofizialtasun izaera aitortu zitzaiola, eta horren ondorioz herritarrei bermatu beharreko eskubideak urratzen jarraitzen direla, honekin batera euskararen erabilera bera zigortzen da.
Erantzun
Sartu