Teknologia albisteak
1

Hiru.com webgunea berritu da

Erabiltzailearen aurpegia
Hiru.com - Etengabeko Ikaskuntza - Hezkuntza Saila, Eusko Jaurlaritza
2006-02-24 : 08:02

Hiru.com ataria, Eusko Jaurlaritzak Etengabeko Ikaskuntzari eskainitako webgunea, erabat berritu da azken egunotan. Eduki berriak, ariketak, informazio gehiagarria, multimedia... Hizkuntzak online ikasteko aukera ere ematen du.

Hiru.com ataria, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak sortutako webgunea da. Bere helburua, etengabeko ikaskuntza sustatzea, eta herritarrei hezkuntzako zerbitzu publikoak internetetik ematea, edukiak doan eskainiz. Atari honen asmoen artean daude, besteak beste, euskal hiritarren prestakuntzarako erreferente bilakatzea eta hiritarrei laguntzea euren jarrera aktiboa eta parte-hartzailea sendotzen.

Atari hau sekuentzia logiko baten lehenengo urratsa da. Izan ere, eukal hiritarren eguneroko bizitzan IKTak integratzeko asmoz, 1999an Eusko Jaurlaritzak Euskadi 2000Hiru egitasmoari ekin zitzaionetik, aurrera eramaten ari den ekintzen artean kokatu beharra dago.

Diseinu eta egitura berria

Webgunea orain dela hiru urte kaleratu zen, eta oraingoan egitura berrituta azaldu da. Batetik, diseinua berritu zaio, aurrekoarekin erabat hautsi gabe, baina itxura berri eta modernoagoa emanez. Bigarrenik, alderdi teknikoan ere lan handia egin da, duela lau urte egindakoa Interneteko garai berrietara egokitzeko, betiere irisgarritasuna eta erabilgarritasuna iparrorratz izanik. Azkenik, egindako hobekuntzak aprobetxatuz, eduki gehiago ere gehitu da atarira.

Aldaketak aldaketa, orain ere atalik garrantzitsuenen artean daude hizkuntza ikastaroak. Edozein herritarrek, 45 euroren truke, ingelesa, frantsesa, alemaniera eta italiera ikasteko aukera du.

Edukiak

Une honetan, hiru.com webguneak ondorengo edukiak biltzen ditu, 25 atal ezberdinetan antolatuta:

  • 3000 artikulu inguru, hainbat jakintza-alorreko informazio teoriko eta praktikoarekin. Hiru atal nagusitan antolatuta: Gaiak (Literatura, Matematika, Teknologia berriak, Euskara...); Hobeto Bizi (Osasuna, Hezkuntza, Ingurugiroa...); Aisialdia (Musika, Zinea, Bidaiak...).
  • beste 2000 fitxa informazio gehigarriarekin
  • Hizkuntza ikastaroak
  • 5 hiztegi eta entziklopedia kontsultagai.
  • 10.000 iruditik gora, 500 taula eta grafiko, 350 flash animazio, audio eta bideo,
  • 700 test eta ariketa; gurutzegramak, glosarioak, eta abar
  • albistegiak, erreportaiak, ibilbideak...

Edukien sindikazioa egiteko aukera dauka, euskaraz zein gaztelaniaz, hainbat azpiatalen XML-RSS jarioaren bidez.

Estatistika orokorrak

Erabiltzaileen kopurua etengabe igo da azken hiru urteotan. Azken urtean zehar, webguneak 4000 bisitari baino gehiago jasotzen ditu eguneko, eta hilero milioi bat orrialde erakusten dira.

Une honetan, Euskal Herrian gai kulturalak jorratzen dituen webgunerik bisitatuenetarikoa da.

Erantzunak

iratxe
2006-02-24 : 11:50

Asmoa ez da txarra, baina edukiak zaindu beharko lituzkete pittin bat.

Kasurako, euskaraz sartuta, aisialdiaren atalean hauxe kontatzen zaigu: "Perito Moreno, argentinar Ponpanko glaziarra. Planeta osoan dagoen glaziarrik garrantzitsuenetakoa da Perito Moreno izenekoa, argentinar Ponpan kokatuta dagoena, ..."



"Ponpa" beharko litzateke, bai, baten bati garunak edo ganora puzteko.

Erantzun

Sartu