Sustatu logoa Teknologia albisteak

.cat domeinua aurrera doa, baina ez izan esperantzarik .eus domeinuetan

Sustatu
2006-02-15 11:02

.cat domeinu izenaren errejistroak hasi dira katalanezko webguneentzat. Euskal Herrian, nork ez du ezer egin .eus domeinu balizko baten alde, baina saiakera egitekotan ere, aukera gutxitxo omen.

InternetEuskadi blogean irakurri dugunez, .eus domeinuaren aldeko ekimena, aukera gutxi lituzke aurrera egiteko domeinuak banatzen dituen Icann erakundearen aurrean.

Interneteko kultura-ikerketara dedikatzen den First Monday agerkari elektronikoan agertu da artikulua, Peter Gerrand-ek idatzi du: Cultural diversity in cyberspace: The Catalan campaign to win the new .cat top level domain

Kataluniako ekimenaren historia aztertzen du, eta ICANN erakundeak zergatik eman dion baietza. Bere ondorioen artean zehazten duenez, hizkuntza-taldeentzako domeinu errejistroen bidea irekita geratu den arren, milioi bat hiztunera iristen ez direnek zaila izango dute, ICANNek .cat onartzeko ezarri dituen irizpide berrien arabera.

Bestalde, Gerrand-ek euskararen Interneteko agerpen estatistikoaren datu batzuk kaleratzen ditu. 2002. urtekoak dira, eta euskara ondo ageri, da Interneteko hizkuntza rankingaren 28. lekuan. Baina dagoeneko datu zaharrak dira horiek, AllTheWeb bilatzaileak euskara detektatzen zuen garai batekoak dira. Gaur egunean, ez AllTheWeb-ek ez beste inongo bilatzailek ez du euskarazko orriak zehazteko algoritmorik. Hau da, "jakin nahiko nuke" bilatzen baduzu, logikoki euskarazko orriak azalduko zaizkizu Googlen edo edonon, baina Linux terminoa bilaturik, ez dago, bere horretan, euskarazko emaitzetara mugatzerik bilaketa (ez baduzu euskarazko deklinabide markekin edo beste berba batekin konbinatzen).

.cat domeinuetara itzulita, errejistro prozedura Mutilmedia blogean gogoratzen digute

  • herenegun hasi zen errejistroa, kultura eta hizkuntza katalana bultzatzen duten erakundeentzat.
  • otsailaren 20tik aurrera, webgunea katalanez duten enpresa eta elkarteentzako izango da, eta baita .cat domeinuaren alde sortu zen proiektuari atxikitu ziren 68.000 pertsona, entitate eta enpresentzako ere.
  • Eta azkenik, apirilaren 23an irekiko da erregistrorako aukera jende guztiarentzako.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu