Sustatu logoa Teknologia albisteak

Hegazti-gripea, horixe, bada: hegaztien gaitza

Asaldatuta gauzkate egunkari eta telebistek, badatorrela eta badatorrela. Eta berez behar bezain gaiztoa ez bada ere, egingo dugu guk geuk gaizto. Baina, orangoz, behintzat, ez da otsorik, ez gaitzik, ez bada oilasko eta ahateentzat. Gaiari buruz lau lerro xumeren bidez zerbait agertzearren, komeni da oinarrizkoena jakitea: hegaztiei eragiten dien gaitza dela.

Hegazti-gripearen azken aldaera hilgarria duela bederatzi bat urte hauteman zen Asiako hego-ekialdean. Hainbat mila etxe-hegaztiri (oilo-oilasko, ahate eta antzarri, batik bat) eragin dio, eta haiekin batera, haien ekonomiaren euskarrietako bat hegazti-hazkuntza duten milioika familia pobreri. Asiako zenbait herritan, gainera, zenbait gizaki kutsatu eta hil da gaitzak jota. Dena dela, Asiatik kanpo, oraingoz orain, arazoa animalien osasunaren alorrekoa da eta ez giza osasunaren alorrekoa.

Komunikabideen papera ez da batere lagungarria izan gauzak diren bezala deskribatzeko; aldiz, nahasmen ikaragarria piztu dute, informazio okerrak zabalduz eta birusaren leinuak eta leinuen aldaerak burugabe nahastuz beren berrietan.

Basa-hegaztiak gaitza zabaltzen?

MOEtik eta zenbait sektore instituzionaletatik zabaldu da basa-hegaztiak ari direla gaitza zabaltzen, baina egiaztatutako gertaerak ez datoz inondik ere hipotesi horrekin bat. Izan den agerraldi masibo bakarra (Txinako Qinghai lakukoa, hain zuzen) bertan iraungi da, jarraitzeko moduko inongo arrastorik utzi gabe. Indotxinatik iparralderantz eta hegoalderantz luzatzen diren migrazio-bideetan ere ez da kasurik hauteman, ez Asiako nahiz Iparramerikako Artikoan, ezta Indonesia edo Australiako hegaztien artean ere. Ez eta Iparramerikako mendebaldeko kostan ere. Aitzitik, agerraldiak anarkikoki piztu dira, han-hemenka, hegazti basatien ibilbide migratorioekin inongo zerikusirik agertu gabe.

Nabarmentzekoa da askoz ere kasu gehiago hauteman dela etxaldeetako eta esplotazioetako hegaztien artean basatien artean baino, eta piztu diren ia kasu guztiak hegaztien trafiko komertzialarekin lotutakoak izan direla beti. Gauzak horrela, ez da harritzekoa sektoreak bere ardura gainetik kentzen saiatzea eta jarduera ekonomikoak albait luzeen iraunarazten saiatzea.

Goi-kargu batzuen jarrera arduragabea

Horregatik guztiagatik, naturaren eta hegazti basatien kontserbazioarekiko ardura duten erakunde eta partikularrek erabat arduragabetzat jo dute ez bakarrik krisiaren hasieran Europako Batasuneko goi-karguek zabaldutako informazio funtsik gabeak, baita azken asteotan Juan Jose Badiola doktoreak (Espainiako Estatuko Kontseilari eta Espainiako Albaitari-Elkargoen Kontseilu Orokorreko Lehendakariak) eta beste zenbaitek eginiko adierazpenak. Ez da ahaztu behar albaitarien ekonomiaren zati handi bat, Espainian, hegazti-produkzio industrialari lotuta dagoela. Eta beste hainbeste EBn ere.

Lotura interesgarriak:

Hone hemen gaiaren inguruko informazio gehiago ematen duten helbideak:


Rafa Saiz Elizondo
Ornitologoa

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu