Robotek bai euskarari?
2006-02-06 15:02
Bada aste batzuk blog batean idazten dudala --zeina azken aldian abandonaturik daukadan, egia osoa esan dezadan--, eta bi "post" oso arrakastatsu izan ditut. Dozenatik gora erantzun jaso dituzte. Ez dira, baina, irakurle arrunten erantzunak, erantzunak zabor-mezuak dira.
Lehenengoarekin susmoa hasi zitzaidan eta horren inguruan ere idatzi nuen nik erantzunen batean. Kontua zen jaso nituen erantzun guztiak botika eskaintzak zirela, eta iruditu zitzaidan gehienak botika lasaigarriak zirela: valium, diazepam, soma... Hogeitaka mezu jaso ditut, eite berekoak (hydrocone, adipex, alprazolam....), asko errepikatuak, eta beti ere botikak eskaintzen (ez naiz botiken ezaugarrien ikertzen hasi). Kontua da "Ezin lasaitu, bada" zela mezuaren titulua, eta zalantza sortu zitzaidan "lasaitu" hitza irakurri ote zuen makina edo roboten batek, eta ezagutu, eta hortik etorri ote zen erasoa. Makinek, xede penaggari horretaz bada ere, euskara ezagutzea pozgarri egin zitzaidan lehen kolpe batean, baina, bloga bezala, ideia abandonatu nuen, gehitxo izan baitzitekeen (beste mezurik idatzi dut hitz hori tituluan daukala, eta ez du makinen erasorik jaso).
Handik ez askora, ordea, "Diruarena bai" mezua idatzi nuen, eta horrek ere jaso du bonbardaketa. Dozenatik gora mezu. Baina ez botikak, ezta zakila luzateko gonbitak ere.... jokoaren inguruko propaganda baizik! Casino, gambling, poker, betting... titulu horiekin iritsi zaizkit erantzunak mezu horretan, eta berriro duda: "dirua" hitza ezagutu dute makinek?
Egongo da beste ezplikaziorik eta pentsatzekoa da, beraz, gure internet-kapitainetako batek azalpen prosaikoagorik eman ahalko duela. Baina bitartean, pentsa dezagun robotek euskara ezagutzen dutela eta hortik aurrera norberak atera ditzala nahi dituen ondorioak: ona dela, pozgarria, penagarria euskara horretarako soilik ezagutzea...
Nik amua jarri dut, ea inork jo nahi dion.
(Azken oharra: beste upel bateko sagardoa da, eta beraz hori nire kontu, neure blogera zabor mezuak sar ez daitezen egin beharrekoak egitea.)
Erantzunak kargatzen...