Sarara, 34 urteko Karlos Aizpuruaren eskuetara joan da aurten XIV. Amodiozko Gutunen Berrigara Lehiaketako 450 euroko sari nagusia. Gutuna idazten dio, Itsaso deitutako neska batek Andoni Egaña bertsolariari. Neska, Egañak egindako bertso saioaz maiteminduta dago. Gutuna ere irakur dezakezu.
Epaimahaiak, oro har, parte-hartze handia azpimarratu du eta saritutako lanen zein finalisten maila altua. Erabat maiteminduta dagoen jendeak idatzitako gutunak izan direla gehitu dute, eta maiteminduen arteko distantziak konstante bat izan direla.
Itsaso deitutako neska batek Andoni Egaña bertsolariari idazten dio gutuna. BECeko saio ostean izan zuten maitasun saioa ezin du burutik kendu. Horixe da Karlos Aizpurua irabazleak gutunerako aukeratutako argumentua. Epaimahaiak nabarmendu ditu gutunaren gaurkotasuna eta erabilitako elementu guztien freskotasuna. Horrekin batera gehitu du: "Ondo burututako joko-ariketa bat da, hitz-jokuz beteta. Esaldi bakoitzak bi edo hiru esanahi dauzka; oso iradokitzailea da. Arin-arin irakurtzen da, abiada batean, hitz guztiak primeran lotuta daude, hizkuntza oso ondo menderatuz. Sentimendu karga handia dauka. Andoni Egañak eginiko bertso saioaz maiteminduta dagoen batek idatzitakoa da".
Bigarren saria (240 euro) 22 urteko Nagore Etxabe zarauztarrak jaso du. Epaimahaiaren esanetan gutun oso orijinala eta detallista da, "arruntasunari idazten dio, egunerokotasunari. Arrunta dena eta berezia dena bat egiten ditu. San Valentin da Nagoreren gutunaren abiapuntu. Egunaren arruntasuna aldarrikatuz joko bat proposatzen dio bere pottoka maiteari: herriko leku jakin batzuetatik abiatzeko agintzen dio, bide batez elkarrekin bizi izandako pasadizoak gogoratuz, eta azkenean sorpresa bat eskainiko dio, hondartzaren azken muturrean elkartuz.
Laugarren edizioa bete du SMS bidezko maitasun mezuen lehiaketak. Eider Andres 19 urteko portugaletearrak irabazi du, honako mezuarekin: "Ene pentsamenduak betetzen dituzulako, zure alboan berezi sentitzen naizelako, gauero zugaz amesten dudalako, ohean ondo baino hobeto pasatzen dugulako, MAITE ZAITUT".
Amodiozko gutunen sari ematea San Valentin egunean egingo dute, otsailaren 14an. Bergaran izango da eta irabazleek gutuna jendaurrean irakurriko dute.
Seguru asko kultura etxean egingo dute sari ematea erabat zehazteke dago, 19:00etan, eta bukaeran luntxa egongo da.
Bilbon, 2005eko abenduaren 23an
Zelan Andoni?
Zu ondo, ta ni? edo holako zerbait botako zenuen honezkero. Kafe Antzokiko barran ere, aitaren batean erantzun zenidan puntu alu hura. Zer esanik ez komuneko puntu suspensiboak!
Oraindino ez zait erabat sikatu komuneko saioa. Kartzelako saioa ere, bi malkoena, oso-osorik gogoratzen dut. Kartzelakoan hartu ninduten preso zure bertsoek; komunekoan zure besoek. Baita ere zure beste besoek, muxuek, alegia. Ejem! Ejem! Bueno baleee. Bai, badakit azken hitz-joko hori ez dela zureen mailakoa. Hitz-joko diglosikoa esango lukete bertsolaritzan aditu usteko horiek. Zer daki, baina, soziolinguistikak maitasunaz?
Gaur goizean pisu kide bati kontatu diot gure sekretutxoa. Eta mongi larregi ez ote dudan jaten galdetu dit. Ez dit piperrik sinetsi. Egia esan, nik ere ez nuke sinetsiko, egunero-egunero zure txapela nire etxean ikusiko ez banu. Zuk lagata legez dago hortxe, logelako aulkian, nire kulero zikinen gainean.
Lokartzeko irrikaz nago, ea atzoko amets gaixtoa egiten dudan. Lo nintzela bizitu nuen berriro Kafe Antzokian gertatutakoa. Akordatzen? Atzoko ametsean, final ostean legez, komunetako atarian egin genuen topo. Eta gure desiretan poto. Barrura sartu ginenean, iturria ireki, eta finaleko saioa errepasatzen hasi nintzen. Errepasoa, baina, zuk eman zenidana izan zen. Zelakoa gainera! Beti iruditu zait binakako lanetan hobea zarela bakarkako beharretan baino. Orain ez dut zalantzarik. Ohartzerako, titi-buruak josi zenizkidan mihi puta punta zorrotzez. Uauuu! Aitor Mendiluzek ere ez ditu puntu motzak hain ederto lotzen. Gogoak zipriztinduta nuen ezpain oro, iturriko ur-xirripak aska nola. Belaunikatu egin nintzen. Eta irri bihurria ezpainetan, ahoa zabaldu nuen. Aho zabalik, ordea, Calvin Kleinak jaitsi nizkizunean gelditu nintzen. Une horretan ulertu nuen bertso luzeak bete-bete eginda botatzeko duzun dotorezia. Akojonatu egin zinen, tamalez, nire hortzetako aparatuari erreparatu zenionean. Eta rolak trukatu genituen. Iturriko ur-xirripa eten zen une berean hasi zinen niretik edaten. Gazian gozo; irribarre bertikalean horizontala. Ederra zure ahozkotasuna! Ezin esan, baina, mingainean ilerik barik aritu zinela. Ejem! Ejem! Baaai, irudi diglosikoa hori ere. Zer daki, baina, soziolinguistikak sexu oralaz?
BECen ez bezala, saioa amaitu aurretik jantzi zenuen txapeltxoa. Imanol Lazkanoren esku beroak baino gehiago preziatu zenituen nire atzamar hotzak. Hats kidetasunak salatu zigun esan bako hitzen hoskidetasuna: gertu geunden azken buruz burukoa jokatzeko. Akordatzen nola aritu nintzaizun? Zure ipurmasailen kontra, esku biez txaloka, komo una loka, joka eta joka eta joka. Jon Maiaren habanera erritmo mantsoan hasi genuena, Amets Arzallusen puntukako abiadura frenetikoan bukatu genuen. Uuufa! Finaleko egunean dena eman zenuen, hustu egin zinen, bai. Ez, ordea, BECen.
Kafe Antzokiko komunean bezain umela nengoen atzoko ametsaren ostean. Ametsak, baina, ez zaizkit aski. Lo hartu barik egin gura dut amets berriro. Buruz-burukoan nire plazara kantatzera itzuliko zinela agindu zenidan. Eta agindua zor da. Nik ez dizut poto-lapsusik barkatuko, zu txapelduna izanagatik ere. Aparatuak aparatu, zure mikrofonotik kantatu gura dut, edo bestela, niretzat izango da txapela. Zer galdu gura duzu, txapela edo burua?
Kafe Antzokiko lamia
Itsaso