Ametsek bezala, kilkerrek ere lotura estua izango dute Soinujolearen semean heriotzarekin.
Oro har, ETAren sorreraren kausa nagusietakotzat gerra zibila jo duten euskal idazleen artean, kilkerrak oso garrantzitsuak izan dira.
Joseba Sarrionandiaren Kolosala izango dan kilkerren bidez egingo du protagonistak bere bidaia iniziatikoa: ume izatetik heldu izatera, gerra erreala jolasean sartzetik, gerra gehiago nahi izatetik, jolasa eta irudimena gerra errealetik ihes egiteko erabiltzera.
Bestalde, honela amaituko da Edorta Jimenezen Kilkerren hotsak:
Artean gau aro ederra zegoen, ilargiaren adar biak elkar ukitu nahirik bezala ikusten ahal ziren, eta hantxe lotu nintzen. Luzaz. Kilkerrei adi, 1937ko maiatzean Sollube mendian aditu beharko ziratekeenak, urte bereko ekainean Gasteizko apaiztegian edo irailean Derioko kanposantuan legez, haiexek zirelako. Kilkerren hotsak.
Soinujolearen semean, alde batetik, euskarak egiten ditu kilkerren hotsak. Davidek Mary Anni diotso osaba Juan eta bera bi kilker bakarti direla Amerikako lur zabalean, eta kilkerren soinu hori hegoak astintzean egiten dutela. Begira ez zaudenean, hegoak atera eta k eta r horiekin hasten gara. (19 or.)
Bestetik, amaieran ere agertuko dira kilkerrak. Davidi hil ala biziko ebakuntzaren aurreko izuak eta ezinegonak sentiaraziko dizkio sabelean kilkerrak.
Iraun nahiak oztopoak sentitzen dituenean hasten dira kilkerrak kantari: euskara, ebakuntza larria. Bizitzaren aienea da, heriotzaren mehatxuaren aurrean. Euskal hitzek, hala ere, badute oraindik irtenbide bat Stonehamen: gordelekuetan, hilobietan, ezkutatu, Don Pedro eta David bezala. Behin gizakiak babesteko balio izan zuen Iruaingo zuloa desagertu ostean, Davidek poliziari haren berri eman baitzion, Davidek berak Stonehamen zulotxo babesleak egiten ditu, baina oraingoan euskararen kilker-hitzak gorde eta iraunarazteko.
Halaber, kilkerrek errealitatearen krudela adierazten dute, edozein kontakizunak edertu egiten duen errealitatearena, heriotzarantz garamatzana.
Hiru ametsek bezalaxe. Kilkerrek Soinujolearen semean erakusten dutena kontuan hartuz, beren eginkizuna, beren uztardura heriotzarekin, bete-betean esan liteke Soinujolearen semeako ametsak kilkerren hotsak direla: hiru amets, hiru kilker.
Kilkerrarena, beste aldetik, Juan Kruz Igerabidek idatzitako Begi-niniaren poemetako bat da, liburutto gogoangarri horretako lehenengoa, hain zuzen:
Kilkerrarena
Etorri da aurten ere kilkerra
nire etxe ondora;
ez dut lorik egin bart:
Pixa egingo diot zulora.
Poema llabur zoragarri askoa, ganberro xamarra, aukeran, Igerabide irakasleak idatzitakoa.
Gaztigatu zigun Atxagak berak, bai, Soinujolaeran semean bertan: "irakasleok jendeak uste baino fantasia gehiago dugu." (46. or.)
Hala bedi.