Teknologia albisteak

Eskolak euskaldundu sokatik tiraka

Erabiltzailearen aurpegia
Ibai Redondo eta Edurne Larrañaga - Euskal Herriak Bere Eskola
2006-01-16 : 11:01

Euskalduntze prozesuak azken urte hauetan oso emaitza onak eman ditu»; «El euskera no se puede imponer»; «Lehenengo euskalduntze plana egingo dugu alderdian»; «Los niños tienen que aprender euskera, yo ya estoy viejo para eso»; «Arazoa erabileran eta kalitatean dago, dakitenek erabiltzea da erronka»,... bla, bla, bla... Ikasleen %31.8 euskalduntzen du eskolak Euskal Herrian, hori da errealitate gordina.

Atzera begira

Atzera begira

Denboran atzera begiratuz gero, bi estatuek eskola Euskal Herria erdalduntzeko erabili dutela konturatuko gara. Errege katolikoen garaian, edo Frantziako Iraultza egin zutenean, euskara desagerrarazteko lan horretan mugarri berriak inposatu zizkiguten. Horretarako, gainera, eskura izan duten guztia erabili dute euskal ikasle, irakasle, guraso eta herritarren aurka: bortizkeria fisikoa ( makilakadak, kanikaren jokoa) eta psikologikoa ikasleei; isun eta kaleratzeak euskaraz irakatsi nahi zuten irakasleen aurka; errepresioa eta kartzela guraso eta herritar konprometituenentzat; eta beste mila adibide.

Hala ere, euskaldunok inposaketaren aurrean sokatira planteatu izan diegu estatuei, gure hizkuntza hez- kuntzaren bitartez berreskuratzeko lan horretan: Frankismo garairik gogorrenetan Ikastolak sortzeko auzolan herrikoia (64-65 ikasturtean 596 ikasle izatetik 81-82an 69.935 izatera pasa ziren), adibide gisa.

Gaur egun

Franko hil ostean lege berriak onartu ziren hegoaldeko lurraldeetan (gaur egun indarrean daudenak).

Nafarroan. Vascuencearen Legea onartu eta hezkuntzan A, B, D eta G ereduak aplikatu zituzten. Lege horrek Nafarroa hiru zatitan banatu eta hegoaldean euskaraz ikastea debekatu zuen; gainontzeko lurraldeetan, ereduen politikaren bitartez ikasleek euskara zein gaztelania ezagutu behar dutela dio legeak.

EAEn Euskararen Legearen bidez A, B eta D ereduak ezarri zituzten ikastetxeetan; horien bidez, ikasle guztiek euskara zein gaztelania jakin beharko lukete. Hasieratik bertatik, euskalgintzako hainbat sektorek lege horrek euskalduntzea ez duela bermatzen esan izan du, horregatik haiek galantak entzun behar izan dituzte administrazioko buruen ahotik. EAEko Gobernuak 25 urtetan herritarrei iruzur eta prebarikazio delitua egin dutelakoan gaude (legeak esaten duena bete ez jakinaren gainean egonik ere).

Ipar Euskal Herrian, berriz, euskara desagerrarazteko politikarekin jarraitu du Frantziako Gobernuak, eta Seaska edota Hirusareta bezalako plataformen bitartez herritarrek genozidioa gelditzeko saiakera egin dute. Egoera honek hasieran aipatutako emaitza ematen du, Eusko Jaurlaritzaren datuei kasu eginez gero, derrigorrezko hezkuntza bukatzean ikasleen %31.8 euskalduntzen du eskolak (A eta G ereduek inor; B ereduak 3tik 1; eta D ereduak 3tik 2). Horrek 25 urteko iruzurra esan nahi du, eta Patxi Baztarrika bezalako politikariek kudeaketa hau defendatu eta ongi goazela esateko moduko aurpegia dute. Eskerrak, instituzioetatik kanpo egunero gogor lan egin duen milaka euskaltzale egon dela!

Aurrera begira zer?

Egoera berezia bizi dugu gaur egun. Sokatira saio guztietan bezala, bi aldeetako batek beherakada izan ohi du eta beherakada horren zantzu nabarmenak ageri dira.

Ipar Euskal Herrian egoera gogorra baldin bada ere, hango eragileak batu eta egoerari buelta emateko saiakera egiten ari dira, Hirusareta bezalako plataformen bitartez.

Nafarroan, nahiz eta lurralde batzuetan eskola publikoan euskaraz irakastea debekatua egon, Ikastoletako matrikulazioek gora egin dute. Era berean, lurralde osoan D ereduan matrikulatutakoen kopurua gora egiten ari da. Beraz, herritarren gogoa hor nabari da, euskaraz ikasteko oztopoen gainetik seme-alaba euskaldunak izan nahi dituen herritarren kopurua gora doa. Ez hori bakarrik, eskubideen zapalketari aurre egiteko ekimenak ere ugariak dira: Sortzen Ikasbatuazen eskutik D ereduko eskola publiko eta kalitatedunen aldekoak; edota, zenbait ikastolen egoera latza salatzeko lana.

EAEn, aurreko lurraldeetan bezala, 25 urteko lege iruzurra ez da merke atera; hiru probintzietan ikasleen gehiengoa euskaldundu gabe jarraitzen du eskolak. Hala ere, hizkuntz ereduen politika defendatu izan dutenek, azkenean herritarren presioari eutsi ezin, eta ereduen politikak porrot egin duela onartu dute. Ez hori bakarrik, Gasteizko Parlamentuak orain egun gutxi erabaki du 2007rako lege berria egingo duela. Datu hori guztiz pozgarria da euskaltzale guztiontzat, gure presioaren ondorioz, ereduen politika aldatu eta lege berria egitera bultzatu ditugu.

Aukerak eta arriskuak

Aukera itzela dugu ,orain epe motzean, EAEn euskaldunduko duen hizkuntz ereduen politika lortzeko. Era berean, gainontzeko euskal lurraldeetan, EAEkoak eredu gisa balio dezake, lurralde hauetan ere, instituzioen gainean presioa gogortu eta epe ertainean lege berriak izateko borroka fronte zabala irekitzen jarraitu behar dugulakoan gaude.

Arriskuak. Ezin dugu lo hartu, gaur egun egoera oso larrian dago euskara eskoletan eta Euskal Herri osoan. EAEko horman pitzadura zabala sortu dugu (eta besteetan ere zabaltzeko aukerak hor dirau), hala ere, partxe bat jarri eta behar dugun lege berria beharrean iruzur berria egin eta egoerak bere horretan irauteko arriskua ere hor dago.

Euskal Herri osoa barne hartuko duen borroka fronte zabala ireki beharra dago, eta horretan ari gara EHBEko kideak Eskolak Euskaldundu plataformaren baitan. Borroka fronte zabal horren bitartez, boterea duten instituzioak presionatu eta ahalik eta azkarren euskaldunduko duen eredua ikastetxeetan aplikatzera behartu behar ditugu.

Ezin dugu beste 25 urte itxaron, euskaldunduko duen hezkuntza sistema ezinbestekoa da euskara berreskuratzeko. Euskarak behar du eta egingo dugu, indarrak batuz eta norabide onean tira eginez, sokatira saioa irabaziko dugu! Egin apustu. -

Erantzun

Sartu