Teknologia albisteak

Gure ekonomia ikertzen eskolan teknologia berrien bidez

Erabiltzailearen aurpegia
Iñaki Orbegozo - Pasaia-Lezo Lizeoa
2006-01-11 : 09:01

Karmele Alzueta Sariko Ohorezko Aipamena Pasaia-Lezo Lizeoko proiektu batentzat: Gure ekonomia ikertzen teknologia berrien bidez. Proiektuaren xedea Batxilergoko ekonomia internet erabiliaz irakastea da eta, horretarako, unitate didaktikoak sortzen ari gara.

Lizeoko Batxilergoan hainbat proiektu berritzaile burutzen ari gara teknologia berrien aplikazioaren inguruan. Horietako bat Batxilergoko Ekonomia Mintegiko bi irakasleok, Nagore Salterain eta Iñaki Orbegozo, azkeneko hiru urtetan aurrera eramaten ari gara “Gure ekonomia ikertzen” izenburuarekin, hain zuzen ere, 2004-05 Karmele Altzueta Sariaren Ohorezko Aipamena lortu duena. Proiektuaren xedea Batxilergoko ekonomia internet erabiliaz irakastea da eta, horretarako, unitate didaktikoak sortzen ari gara. Aldez aurretik adierazi nahi dugu gure proiektua zertan datzan jakiteko biderik onena Lizeoaren web orriari bisita bat egitea dela. Ikus hemen.

Bertan, orain arte egindako hiru unitate didaktikoak ikus daitezke: “LAN MERKATUA”, “NAZIOARTEKO MERKATARITZA” eta “FINANTZA SISTEMA”. Urtez urte unitate didaktikoak eransten ari gara gure web orrian, Batxilergo 1eko ekonomia gai osoa burutu arte.

Esan bezala, proiektua teknologia berrien ezarpenaren ildotik doa. Baina, irakaskuntza berritzeko proiektu bati ekiteko garaian geure buruari egin diogun galdera hauxe izan da: Informazio eta ezagutzaren gizartean zer esan nahi du ikasteak? Behin eta berriro entzuten ari gara etorkizuneko gizartean etengabeko formazioa beharrezkoa izango dela. Baina, horretarako norberak bere informazio iturriak bilatzen eta selekzionatzen jakin behar du eta hau ez da ikasten hainbat ikastetxetako metodo klasikoarekin. Alderantziz, gure ohiko sisteman irakasleak informazio guztia transmititzen du eta berak zuzentzen du informazioaren trataera.

Guk, berriz, prozedura hori irauli nahi dugu, ikasleak bere kabuz aurkitu beharko ditu datu ekonomikoak interneten. Horrela, ikaslea da protagonista ikaste prozesuan eta irakaslea gidari eta aholkularia da, ikasleak motibatu eta pentsarazten dituena. Teknologia Berriek mundu berri baten ateak ireki dituzte, ikasteko egoera sortzaileak planteatuz eta harreman berriak eraikiz irakasle-ikaslearen artean. Garai honetan, jakintza eta trebeziak azkar zaharkitzen dira, derrigorrezkoa da, beraz, etengabeko formazioaren bidez berritzea eta eguneratzea. Azken finean, aldatu gabe bizitzan zehar iraun behar duen trebezi bakarra trebetasun berriak ikasi eta barneratzeko gaitasuna da.

Gure metodoak zientifikoa eta aktiboa izan nahi du, errealitatearen azterketatik ondorioak ateratzen dituena eta ez memorian oinarritutakoa. Hartara, jarduerak dira unitatearen ardatza, ikasleari bidea markatzen diotena. Gure jarduera guztiak enpresa nahiz erakunde publikoen web orriekin lotuta daude, besteak beste, EUSTAT, INE, EUROSTAT, KUTXA, PASAIAKO PORTUA, .... dira gure aztergaiak. Unitate Didaktiko guztietan ikasgaia, jarduerak eta ebaluazioa txertatuak daude. Ikasleak, web orriaren atal desberdinak jarraituz, ikasgaia bere kabuz egin dezake. Eduki kontzeptualak bertan ditu azalduta, jarduerak beste web orriekin lotuak daude eta bilaketa egokien bidez burutu behar ditu. Azkenik, autoebaluazioa ere egin dezake unitatearen amaieran kokatua baitago.

Beste aldetik, gure ikasleen motibazioa suspertu nahi dugu eta motibazio faltaren azpian, besteak beste, testua eta irudiaren erabilpena egon daitekeela uste dugu. Gure ikasleak irudiaren gizarteko umeak dira. Batez beste hiru orduz telebista ikusten dute eta, bertan, kalitatezko diseinua duen publizitatea da nagusi. Beraz, teknologia digitalean oinarritutako metodo didaktiko bat eskaintzen badiegu, erakargarriagoa izango zaielakoan gaude. Kontua ez da testu idatzia baztertzea, zoritxar-igarle batzuek oihukatzen duten bezala, izan ere, gure web orrietan testu ugari dago. Gauza da, testuak ikasleengana hurbiltzea, horretarako beraiengandik gertuago dagoen hizkuntza bat erabiliaz erakargarriagoa izan dadin. Gainera, gure lanak ikasleak ikasi beharrekoa eta bere bizitza eta inguruko gizartea uztartzea bilatu du: Pasaiako Portua, inguruko bankuak, lan merkatua, ....

Azkenik, testu liburu berri bati buruz ari gara hizketan: e-testu liburua. Gure liburu hau ez dago paper euskarrian baizik gure ikastolaren web orrian eta edonork kontsulta eta jaitsi dezake. Gure ikasleek musika gordetzen duten MP3 berberean apunteak ere gorde ditzakete. Hala ere, berrikuntza nagusia ez da euskarriaren aldaketa edota eskuragarritasun hori librea izatea edonorentzat, baizik eta proposatzen dituen jarduerak ikasleek internetek eskaintzen dituen informazio eguneratuarekin burutu behar izatea.

Aipatu ildotik egin beharreko lana itzela da, baina gure ustez irakaskuntzaren etorkizuna hortik doa. Gure lana ez da izango eduki asko dakien pertsona formatzea, baizik eta bere garaiko teknologia erabiliaz arazoen konponbidea bilatzen dakiena.

Erantzun

Sartu