Koldo Izagirreren Sua nahi, Mr. Churchill?i buruz ikertzen aritu da Zapiain oporretan, Trintxerpen, Interneten eta Apaiztegietan. Hona emaitza.
Izagirreren liburuak irakurle sentibera txunditurik atxikiko du hurrengo mendeetan, are iraganikoetan. Ipuin zoragarrion inguruko luzarorako jirabirari hasiera emateko, gabonetako oporraldian zenbait pasadizoren jatorria argitzen ahalegindu naiz, batzuk gertatuak baitira, beste batzuk ez. Jakinmina nuen zein bai zein ez bereizteko. Egia da telefono aurkibideak Izagirrerena dakarrela eta dei diezaiokegula, baina uste dut ez dugula sortzaile handiei denbora kentzeko eskubiderik, nik behintzat ez.
Nire kasa ibili naiz hortaz ikerlari.
Anarkistek garrantzi berezia dute liburuan, indartsu baitzebilen CNT Trintxerpen hogeita hamarreko hamarraldian. Avance marino izena zuen CNTko arrantzaleen sindikatuak. Hemen duzu sindikatu horren historia interesgarri bat
Trintxerpen bertan ere ikertu dut, ribeiro bat hartua naiz Arrandegi karrikako Alai tabernan. Bertan kontatuko diote zenbait ipuinetan ageri den idazle izengabeari (Josebe Errasti total ederraren neba txikia) oski-ziratzaile edo zapata-garbitzaile baten fusilamendua eta ondoriozko mendeku gogoangarria. Oroimenaren matxetea izena du narrazioak.
Ikerketaren emaitza bat: benetan gertatua da Euskadi Etorbidean kontaturikoa, bolo-bolo dabil oraindik Trintxerpen: makinista arrantzara abiatu, ustekabean itzuli, emaztea auzoarekin ohean aurkitu eta emaztea biluzik dandarrez eraman zuen, adatsetik oratuta, Euskadi Etorbidea karrikan barrena, tabernaz taberna, begira puta zahar honek zer egin didan...
Azkeneko ipuinean, Francisco Franco gure herrian, bada pasarte bat tiranizidio surrealisten antologietan behar lukeena: etorri da Franco Trintxerpera eta gotzain frankistak harrera goxoa egiten dion bitartean Serapio apaiz antifrankistari diktadorea mezetan hiltzea otuko zaio, ostia sakratua pozoituz.
Behiala EGIren batzarretan zein Elizaren Oinarrizko Komunitateetan sarritan pizten zen zalantza, hots, bortxakeria gaitzetsita ere oro har, ez ote da zilegi tiranoa akabatzea?, Izagirrek zeru goienera jaso eta auzi teologiko interesgarri bilakatu du: zer pentsatuko luke Jainkoak bere gorputza pozoituko bagenu tirano bat hiltzeko?: hara Serapio solidarioaren kezka.
Galdetu dut Trintxerpen, arakatu hainbat artxibo eta internet, apaizekin mintzatu, tiranizidioaren historia seriosak irakurri (besteak beste, eta kontuan hartuta oso aspaldiko garaiak bakarrik, Konfuziok, Teofrastok, Senekak, Quintilianok eta Luzianok zuritu zuten), literatura gogoratu, baina deus ez, ez dut eragilerik aurkitu, badirudi Izagirrek berak goitik beheiti asmatu duela makal samar dabilen Askapenaren Teologiari ekintza bide berri bat iradokitzen dion paragrafoa.
Lotura jartzea ahaztu zaio idatzi duenari. Hemen dago:
http://www.eibar.org/blogak/zapiain/134