Albiste ona, ARCOtik
2005-12-21 08:12
LOURDES FERNANDEZ (LF) donostiarra izango da, datorren urtetik aurrera ARCO Arte Garaikidearen Azokako zuzendari berria eta SUSTATUn nabarmentzeko moduko albistea dela iruditzen zait hori, izan ere, gutxi baitira Euskal Herriko artegintza berak beste ezagutzen duenik. Eta euskalduna, euskal hiztuna, gainera.
LFren formazioa ere ez da txantxetakoa, Florentzian egindako museistika eta arte ikasketak nabarmendu dituzte hedabideek, baina Musée D'Orsay-n lanean ari zela ezagutu genuek guk duela urte gehiegi. Gero ikusi dugu lanean hemengo artistekin: Muniategiandikoetxea, Maider López, Amondarain, Peral, Grazenea eta beste hainbatekin.
Egia da, bestalde, oso egoera zailean hartuko duela ARCOko zuzendaritza, taifas erreinu batean agertu beharko duela gidari. Baina LFk ederki daki non sartuko den, idarra sobran du, gainera. Eta gehiago esango nuke: usteltzera emana den egoera bat sendatzeko egin diote dei. Zentzu apur bat jartzeko, urteekin egonkortu den zenbaiten interes pribatuen aurrean.
Izanak izan, tarteko bat halako leku goren batean ikustea, zeharo pozgarria egiten zait niri. Geroak esan beza, baina, bertsolari, idazle, sukaldari eta kirolariez gain, badugu besterik ere. Non, eta arte komertzioaren gora-beherak erabakitzen diren gailurretako batean.
Erantzunak kargatzen...