Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Gabonetan ere euskararekin konprometitzea eskatu du. Euskarazko produktuak erosi leloa hedatuko duen postala sortu du. Horrekin, Euskal kulturako ekoizpenen eta euskarazko produktuen jatorrizko bertsioa erosiko dut lehentasunez norbanakoen konpromisoa betearazi nahi du.
Eguberriak garai aproposa dugu euskararen alde lanean jarraitzeko, adierazi du Idazkari Nagusiak, Xabier Mendigurenek. Egun hauetan produktu gehiago erosten ditugula kontuan izanda antolatu dute kanpaina berri hau. Gure helburua ez da kontsumismoa bultzatzea, baina badakigu garai honetan ospakizunak eta opariak direla eta gauza gehiago erosten ditugula, eta uste dugu euskarazkoak lehenetsi behar ditugula, hizkuntzak balio erantsia ematen dielako, argitu du Mendigurenek.
Kontseiluak 25.000 postal inprimatu ditu Euskal Herri osoko ehun bat herri eta auzotan banatzeko. Etiketak, publizitatea eta produktuen informazio guztia euskaraz duten produktuak lehenestea eskatzen diegu herrietarrei, azaldu du Kontseiluko Ekintza Planeko Arduradunak, Mikel Balentziagak.
Postalak herrietan banatuko dira eskuz esku banatzeko. Helburua herritarrek haien senide eta lagunak
zoriontzeko erabiltzea da. Horrela, urte berria eta Gabonak zoriontzearekin batera euskararen aldeko mezua hedatuko du gizabanakoak.
Ekintza hau norbanakoen konpromisoak bultzatzeko urteko hirugarrena da. Kontseilua 2005ean hirutan agertu da kontzientziazio kanpainekin. Lehendabizi errenta aitorpena euskaraz egiteko eskaera luzatu zuen. Bigarren kanpaina eskutik euskara izan zen, euskaldunei eta euskara ikasten ari zirenei lagun edo senideren bat euskara ikastera animatzeko helburuarekin. Oraingoa euskarazko produktuak kontuan izatekoa dugu, norbanakoak animatzeko hirugarren pausoa, esan du Balentziagak.
Hurrengo urtean, bukatzear dagoen 2005 honetan bezala, Kontseiluak jarraituko du denon konpromisoak hedatzen, bai nire konpromisoa kanpaina orokorrak aspalditik planteatu dituen 29 konpromisoak lortzeko, bai berriak proposatzeko. Halaber, gizabanakoek konpromiso zehatz bakoitza hartzeaz gain, euskararen aldeko bidean jarraitzea nahi dugu, ohartarazi du Xabier Mendigurenek.
Kontseiluak bere web gunean konpromisoa idatziz hori hartzeko aukera ematen du bere webgunean. Hain zuzen ere, honako helbidean: http://www.kontseilua.org/denon_konpromisoa.cfm?hizkuntza=0&atala=norbanakoa
Ez dakit, baina nekatzen hasia naiz hainbeste konpromiso eta inplikaziorekin. Gabonetan ere euskarazko produktuak konpromisoaren erosi behar ditugu? Martir eta sufrimenduaren kontzeptu judeokristaua barruraino sartuta dugu euskalgintzan.
Erosi behar bada produktu ona delako eta gustatzen zaidalako erosiko dut. Euskarazkoa delako soilik izateak ez nau motibatzen eta gainera konpromisoa hitzarekin gutxiago. Marketinaren ikuspegitik eta euskaltzale bezala kanpaina txarra.