Teknologia albisteak

Literatur solasaldia: Iñaki Segurola filologoa hautsi-mautsian (euskal) mundugauzaren beirategian

Erabiltzailearen aurpegia
Joserra Beloki - Donostiatik
2005-12-16 : 16:12

Liburu interesgarria, inondik ere, zirikatzailea, argigarria, mingarria asko eta askorentzat eta jasangaitza hainbatentzat, seguru asko. Jendea indiferente utziko ez duena; ez euskal jendea, behinik behin, seguru.
(Luze-antxeko mezua, aipua gehien-gehiena).

“Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo” liburua izango dugu solasgai astelehenean, hilak 19, Donostian, arratsaldeko 19:30ean, Udal Liburutegiko Ekitaldi aretoan (San Jeronimo kalean), Donostia Kulturak antolatuta.

Solasaldirako propio-propioa den liburua, irakurri duenak jakingo duenez, eta behean apartatu diren aipamenak irakurtzen dituenak ikusi ahal izango duenez. Hurbiltzen dena ongi etorria izango da.

Jada izenburutik (gaur ere ez... hiltzeko eguraldia...), jada aurkibidetik (“puska izendunen aurkibidea”), susmoa har dezake batek liburu handik edo nondik berezi baten aurrean egotea gerta dakiokeela.

Eta “Atariko ateko abisuak” gero liburuan arrazoitu(nahi)ago, esan-zabalago aurkitu dugunaren benetako abisu-aurrekariak dira; hona abisu horietako batzuk, elkarren segidan jarrita.

“Izenak asko behar du eta asko jaten du; gizenkorra da. Izenak esana jaten du... Kultura botalarri bat da...Pentsatzeari kontra egiteko koherentzia asmatu zuten... Hizkuntza bizia izandako hizkuntza baten eskeleto hiper-arautuan idazten dut; ‘eusbakofha’ deitzen diot barrurago: euskara bakandu ofizial hiper-arautua. Hitzez ezin harrapatuzko munduaren aurrean ixiltzea da nobleena”.

Eta gero, barrurago, zera, gorago esan duguna, zer pentsatua ematen duten esan asko, euskara miragarri batean, eta zirt eta zarta ugari, euskara miragarri batean beti ere:

Hona horietako batzuk, nolabaiteko erakuskari gisa; testuingurutik aterata daude, noski, halabeharrez, baina espero dut egileak esan nahi ez zuenik esanarazi ez izana; nolanahi ere, orrialde zenbakia jarri dut bakoitzaren azkenean, nahi duenak erreferentzia eduki dezan. Kakotxik ez dut jarri, lehenengo esaldiaren hasieran eta azkenekoaren azkenean izan ezik, bitarte guzti horretan denak dira Sarasolak idatziak (edo ekarriak), litekeen akatsen bat izan ezik.

Hona, beraz, esan horietako batzuk:
_________________________________

“Orain dena da akordioa, adostasuna, elkar hartu beharra, ongi etorri beharra, eta arrosario zuri hori bizitasun falta latz baten, bizi-beldur baten, seinale da, zahardadezko eritasun batena, eta, ni beldur, erremateko gaitz batena... Eta hemen gabiltza denok elkarrekin zuri-zuri, haurridetasun eri batean itoak guk geuk gure geurekikoa gutartuz eta geuretartzakotuz: horretarainoxe exkaxtu gaitu Etsaiak, edo etsai bat izan beharrak. Ez zegoen polizia hoberik asmatzerik euskaldun jendea txepeltzeko eta lehenaz gainera idiotatzeko”. (81-82. oo.)

Gauzak diren bezala esango ditut, ez beltzerako nagoelako, baina are gutxiago zurirako... (83. o.)

KABROI BAT GARA. Komeni zaik jakitea kabroi bat haizela. Berdin ziok zer egiten duan edo nolakoa haizen. Kabroi bat haiz, ez heurez (hik ez duk deus egin, gizajo horrek, bazekiat), baina bai berez: sexu gogor, gogorkor eta altxakorraren ordezkaria haiz betiere giza-eme baten aurrean... (88)

(Baina ez pentsa erregimenak behazun beltza eta tristura beltzagoa debekatzen dituenik. Erregimenak ez du gaur ia deus debekatzen. Maite ere maite ditu gauza ilun, oker, arrazoigabe, gaizto, ero, radikal eta terroristenak. Ez ditu galarazten; asimilatu egiten ditu, irentsi jan. Dena har dezake ontzat, bai... baina kultura gisa, arte edo literatura gisa. “Kultur adierazpideen eskaintza” zabaltzen dute gainera, eta merkatua indartzen...) (114)

BUCLE-2: LETRA... Gezur errazaren erakusgarritzat aski eta gehiegi da “Bucle”aren autoreak idazten duen lehenbiziko esaldia hartzea... “La ortografía eusquérica ha atravesado una centuria caótica desde que Sabino Arana Goiri publicara sus ‘Lecciones de ortografía del euzkera bizkaíno’ en 1896”. Autorearen aurreneko esaldi hori irakurtzea aski behar luke izan irakurle zuhurrarentzat, gehiago letra bat bera ere ez irakurtzeko edo, norbaitek Testamentu Berriagatik esan zuen bezala, eskularruak jantzita irakurtzeko bederen, hango zikinik eta zornerik kutsa ez dakigun... Ez dut gizabanako jakinen ardura eta kulpetan gehiegi sinesten, baina behingoagatik, eta kasuaren nabarmenegiak halaxe eskatzen duelako, ezin nagoke esan gabe ezen Don Bucle dela, ez txoroflauta bat, ez txoropanderoa ere, baizik-eta guk teknikoki “txorogaixtoa” esan ohi diogun klaseko giza aletto bat, Egiaren Ministerioak gizanditua eta gizurendua. (115-116)

Dena da kaka. Goi horietatik erakusten eta saltzen diguten hori, kaka da dena, eta ‘ez, ez eta ez: nik ez dut kakarik jango’ ...Baina denborarekin, denboraren kaka-lanarekin...Kaka bat aukeratzen du. “Hauxe da nere kaka”... (119. o.)

Gaztea ez da gaur egun gixaki zoro egingabea eta axolagabea, edo hagitz gutxi dira behintzat klase eder horretakoak: halakoek ez dute sekula esango beren buruez “gaztea naiz”, “gazte gara gazte”, “gu gazteok”, “gazteria gara” eta antzeko zahar esanik. Gisa horretako esanekin lainezaz hasi zirenek lortu dutena da gazte egina dela dakien gazte bakoitzaren patrikan Gazte-txartel bana sartzea; estatuaren, politikoen, bankuen eta merkatuaren Gazte Sailek oso kontuan hartzen baitute gazte egindako gaztearen “duintasuna”. Eta horrela entretenitzen da gaztea gazte-informazioarekin bere burua janzten, gazte-planetan bere burua eta diru-txamarrak uzten, gazte modan mozorrotu eta gazte-guneetan gazte-musika entzuten... (125. o.)

Zoriontasunaren propagandarik txarrena gizabanako (eta gizabinako) zoriontsu ofizialak eta ezagutuak dira; haiei begira pixkatean egotea aski, zoriontsu izateko gogo denak alde egiteko lotsa pixkat duen edonori... Zoriontsua da zoriontsua dela “erabaki” duena (halaxe esan ohi dute gainera lotsagaldu askotxok), eta zoriontasunari buruzko inkesta batean garbi-garbi eta batere lotsarik gabe baietz erantzuten duena; hargatik irakurtzen dira gero fedabideetan honelako berriak: “Ezdakitnongo biztanleen %33,3 zoriontsua da”. (129)

Zoriontasunean esistitzea eskizofrenia klase bat dela idoro badugu, lotsa eta nazka ematen badigu, bizi-pasa batean ezin gaitezkeela bizi eta gertatuan ezin daitekeela deus gerta ohartu baldin bagara, zoriontasuna aspaldi ikusitako film aspergarri, beti-bera eta jasangaitza bada guretzat, zer egingo dugu?, nora joko dugu bizi bila, zerbait gertatzen den leku horren bila? Ba -esaten digu logika garbiak--, zorigaitzera eta tristurara; han zerbait gertatzen da, han bizirik sentitzen da bat. Eta hari ederresten diogu...
... Eta atera gara tristuratik. Atera gara haren logikaren mendetik. Joan da gure gaitz beltza, zuria ez ezik. Diren eta ez diren zuri-beltz guztiak gorritu dira, denboraren enborra mutxikindu dugu, eta orain giro dago hemen, eta esateko moduan gaude: ez gara zoriontsuak eta ez gaude triste; ez gara normalak eta ez gara anormalak. Honek ez du izenik, eta urak eta umoreak har ditzaketen kolore guztiak ditu, eta dozena erdiren bat usain diferente. Baina ez du izenik, eta ixiltzen naiz. (132-135)

Hemengo ez-legezko kuadrilla armatuari gagozkiola, des-estatu baino gehiago estatu izan da oro har, hots, estatuaren osagarri edo indargarri, azken-alderago eta areago... (153)

Xiudadekumeak sineskorrak eta toleranteak direla genioen, eta halaxe dira, bai, informazioarentzat, zientziarentzat eta, nola ez!, artearentzat. Izan ere, non da gaur egunean (bankuetatik kanpora, jakina) artean bezain lazki loratzen fedearen beharra? (171)

“EGIA ESANDA”. Egia esanda, hau jasango duen amaren umerik ez dago.
Eta Gezurra esanda, hau mundu zoragarri bat da. Beraz, ixildu egiten naiz, eta ea zer gertatzen den, ezer ez esanda (179. o.)”.

Hala utzi zuen idatzita Einsteinek: “Tontoen nagusitasuna saihestu ezina da, eta segurtatua dago garai guztietarako”. Duen balioa – balio etsigarri askoa!— kendu gabe ere, esaldi horrek zerbait falta duelakoan nago, ez baitu, nere gusturako, behar bezala argitzen nagusitasuna tontoena dela, bere izatez tontoen gauza delako nagusitasuna, hots, gauza tontoa delako. Eta hargatik dago munduan urrea kakaren neskame. (193. o.)

Segi dezadan kaka botatzen, badago premia galanta eta. Har ditzagun euskaltzaleak, gaur egunekoak zehazkiago, hots “euskalgintza” edo “euskararen mundua” (ex-unibertsoa), hau da, euskararen gainean eraikitako industria euskararekin berarekin nahasten dutenak. Gaurko euskaltzale garatuaren “zale” hori esnezalearen “zale” hori berori da, esne-saltzailearena: euskararen balio erantsia, fakturazioa eta abar zikin bat. Ama euskara putatu, prostitutatu, irabazian jarri eta haren proxeneta bihurtu..." (237)

_______________________________________

Horrelako (eta bestelako) “harrikadak” (besteak beste) botatzen dituen liburua honelako eskaintza fin, baina ez belaxka, batekin hasten da:

OLATX
mundura jaio zen egun berean
arnasarik hartu ezinez ito zen umeari;
ordu batzuk bixirik pasa
eta, bere gorputzñoa bertan urtu beldurrez,
ixiltxorik lurpean utzia izan zenari;
ez legekizun eta ez elizkizun,
inon ofizialki pertsonatzat ezagutua ez izanik,
esistitu ere egin ez den aingeruari:
EGUNDO MUNDUAN IKUSI EZ NUEN ARREBARI
ESKAINIA DAGO LIBURU HAU











Erantzun

Sartu