Gazte Sortzaile Sarien bigarren edizio honetako lehiaketa Eibarren izango da, abenduaren 17an. Guztira, hamasei lan grabatuko dituzte 80 bat gazte euskaldunek. Eibarrera gerturatuko direnek, gainera, euskarazko film labur ezagunenen maratoia ere ikusi ahal izango dute.
Euskaren erabilera sustatzea du helburu Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak. Horregatik, gazte euskaldunei zuzendutako Gazte Sortzaile Sarien bigarren edizio honetan, Euskal Herriko 1. Ikus-entzunezkoen Rallya antolatu du Topaguneak. Bide beretik sortu zen Graffiti Lehiaketak izan duen bide oparoa ikusita, Ikus-entzunezkoek gazte euskaldunak erakartzen dituztela ere egiaztatuta geratu da, askok Rallyan parte-hartzeko nahia azaldu baitu. Gazte euskaldunen izaera artistikoa eta sormena sustatu nahiz gizarteratuko ditu abenduaren 17ko Rallyak.
Gazteek talde homogeneorik osatzen ez dutela azaldu du Topaguneko Gazte Saileko arduradun Sonia Perez Anguerak. Horregatik, Graffiti Lehiaketak giro urbanoari erreparatu zion bezala, Ikus-entzunezko Rallyak zaletasun hori duten gazteen sormena gizarteratzeko balioko duelakoan dago Perez Anguera.
Rallyak oso erantzun ona izan du. Guztira, hamasei taldek euren lanak grabatu, editatu eta proiektatuko dituzte, abenduaren 17an (larunbata).
Hortaz, euskaraz egiten diren ekoizpen gutxirekin alderatuta, 2005ean euskarazko beste hamasei lan aurkeztu ahal izatea arrakastatzat jo du Topaguneko Gazte Saileko arduradunak.
Parte-hartzaileek hiru minutuko ikus-entzunezko lana grabatu eta editatuko dute, euskaraz. Edozein formatu onartuta dago: film laburra, spot-a, bideoklipa, animazioa etab. Lanak Eibarren grabatuko dira, lehiaketa egunean, eta bertako ezaugarriak islatuko dituzte. Ikus-entzunezkoen Rallyaren gaia abenduaren 17an bertan jakitera emango da.
Gazteak ikus-entzunezko lanak grabatzen eta editatzen dauden bitartean, Eibarrek zinemazaleak hartuko ditu. Gauean Rallyan grabatutako lanak proiektatuko badira ere, arratsaldean hainbat zinema zuzendariren film laburren maratoia antolatu dute. Horrela, parte-hartzaileak ez ezik, gainerakoak ere euskarazko ikus-entzunezkoen mundura gerturatzea dugu helburu, ...Eta Kitto! Eibarko Euskara Elkarteko koordinatzaile Koldo Mitxelenak azaldu bezala. Hona hemen, 17:00etatik aurrera, Portalea Kultur Etxean izango diren hamabi film laburrak: Txotx (1997, Asier Altuna eta Telmo Esnal), Haragia (1999, Begoña Vicario), Sarabe (1999, Beatriz de la Vega), 40 ezetz (1999, Asier Altuna eta Telmo Esnal), Basurdea (2002, Ane Muñoz Mitxelena), Terminal (2002, Aitzol Aramaio), Belarra (2002, Koldo Almandoz), Dortoka uhartea (2002, Maru Solores), Topeka (2002, Asier Altuna), Lepokoa (2003, Safy Nebbou), Osaba Jaxinto (2003, Iñaki Beraetxe) eta Amuak (2004, Koldo Almandoz).
Maratoia eta gero, 19:30etik aurrera, filmen zuzendariekin solasaldia egongo da. Ondoko zuzendariek parte hartuko dute:
Zuzendariok Ikus-entzunezkoen Rallyko epaimahaia osatuko dute. Lehiaketan sortutako lan guztiak 20:30etik aurrera emango dituzte eta ondoren, 22:00etan, sari banaketa egongo da. Guztira, 900 euroko hiru sari emango dira: lanaren osotasunari saria, ikus-entzunezkorik originalena eta gaia ondoen islatu duen lana.
Rallyan sortutako lanen bigarren emanaldia abenduaren 18an, igandean, izango da, arratsaldeko 19:00etan, Eibarko Portalea Kultur Etxean. Sarrera doan izango da.
Erantzun
Sartu