Aste honetan inauguratuko da Donostian Espai Catalunya Topalekua, Euskal Herriaren eta Kataluniaren arteko topagune izan nahi duen egitasmoa. Webgunea eraikitze lanetan dago oraindik, lokalaren antzera. Erlojuaren aurka ari omen dira obrak bukatzeko asmoz. Inaugurazioa abenduaren 16an izango da. Eguerdiko 12:30etan prentsaurrekoa, 13:30etan ekitaldi ofiziala.
(artikulu hau Harrikadak blogetik hartua dago, hango CC lizentziari esker).
Notizia ona iruditu zitzaidan kontatu zidatenean. Kataluniak Euskal Herrian izango duen delegazio baten antzera funtziona dezake. Ea ondo ateratzen den.
Komunikabidetan azaldu da informaziorik. Adibidez, Berriak ia orrialde osoa eskaini dio, Cristina Lagéri eginiko elkarrizketa barne.
Proiektu hau sortzeko asmoa zegoenaren lehenengo notizia pasa den maiatzean izan nuen. Orduan ezagutu nuen Cristina Lagé, egitasmo honen arima. Garai hartan kultur etxera etorri zen aholku batzordearen bilera egin nahi zuelako. Ideia eta bultzatzaileak nortzuk ziren adierazi zidan Cristinak.
Izaronews-en agertzen den bezala,Gorka Knörr da presidentea eta Josean Larrañaga "Urko" presidenteordea. Hiru hauek landu omen dute proiektua. Donostian bizi diren zenbait profesional katalan ere badago: Cuque Illa, Hesperia Donosti hoteleko zuzendaria; Montserrat Coder, Groseko tabernaria; Montserrat Vila, Televisió de Catalunya-ko delegatua Euskal Herrian; Ghislaine Sala-Patua, liburuzaina; Josep Piera medikua; Toni Strubell eta Dani Gómez kazetariak.
Eta euskal herritarrak? Katalunian ibilbide arrakastatsua egin zuten Txiki Begiristain eta Jose Mari Bakero futbolariak; Bixente Rekondo, Mitxel Ezquiaga eta Juan Carlos Ramírez-Escudero kazetariak; Rafael García-Santos, gastronomoa.
Euskal Herrian dauden katalanak biltzeko tokia izango da? Bai, baina ez hori bakarrik. (Portzierto, egunkarian irakurri dugunez, jada 100 lagun baino gehiagok eskatu dute bazkide izatea).
Gorka Knörrek, elkarteko presidenteak, zera dio: "Euskal Herrian bizi diren katalan guztien topaleku izan nahi du. Katalanen kultura, turismoa eta komertzioa sustatu nahi ditugu eta, era berean, euskal kultura eta katalan kultura trukatzeko gunea izatea nahi dugu".
Lau gune izango ditu lokalak, beraz: kultura, informazio turistikoa, merkataritza eta elkartzeko tokia.
Generalitat erakundeak jartzen du dirua, baina Donostiako lokala hartzeko ezinbestekoa izan da Via Fora jatetxe katea. Bertan zabalduko duten jatetxean Euskal Herriko eta Kataluniako sukaldeak batzeko asmoa dute.
Knörr-ek dio: "Katalunian 30 lokal inguru ditu eta horietan Kataluniako gastronomia eskaintzeaz gainera, mota askotako kultur ekintzak antolatzen dituzte".
Donostian egingo duten lehenengoetarikoa Un català entre bascos liburu argitaratu berriaren aurkezpena izango da, Toni Strubell idazlearena. Hasiera batean, abenduaren 20an zen egitekoa (eta horrela dago iragarrita Via Foraren webgunean), baina atzeratu egin dute 2006ra.
Kultur Etxeak ere badu asmoa elkartearekin harremana izateko. Dena ondo badoa, laster izango duzue horren berri.
Egoitza Federico Garcia Lorca pasealekuan izango du, 10. zenbakian. Donostiako 4. zubiaren aldamenean, trenbidea eta Urumea ibaiaren artean.
Inaugurazio egunean, eta hurrengo egunetan, bertan ikusteko aukera izango dugulakoan.
Erantzun
Sartu