Euskararen Nazioarteko Eguna paradoxikoki baliatu behar izan dute tokiko hedabideek, Eusko Jaurlaritzak administratzen dituen diru-laguntzen murrizketak eragindako bizirauteko trabak azaltzeko. Topaguneak eta bertan federatutako 43 hedabidek agerraldia egingo dute gaur, Donostian.
Eusko Jaurlaritzak "euskarazko hedabideak sendotu, garatu eta normalizatzeko" banatu berri dituen 2005eko diru-laguntzek murrizketa nabarmena ekarri dute. Horregatik, euskararekiko jarrera horrek gure lanean dakartzan bizirauteko trabak azalduko ditugu gaurko agerraldian Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak eta bertan federatutako 43 tokiko hedabidek. Honakoak dira gure kezkak:
- Diru-laguntzarik jasoko dugula eta horren zenbatekoa zein izango den azaroaren 17an jakin ditugu. Ebazpen ofiziala atzo argitaratu zen. Dena den, oraindik ez dakigu noiz helduko den egokitutako 2005eko diru-laguntza.
- Hedabideentzako aurrekontuaren diru-saila ez da aspaldian hasi. Kultura Sailaren 2006. urterako aurrekontu proposamena ere ez da nahikoa. Euskarazko hedabideekin bete nahi ditugun beharrak ezin dira 200.000 euro gehiagorekin estali.
- Topagunean federaturiko EAEko tokiko aldizkariek jasotako diru-laguntzen zenbatekoaren kopuru erlatiboa %6 murriztu da 2002. urtetik, urteroko KPIa kontuan hartuz. Zabalkundeari dagokionez, aldizkariok 2002an baino etxe gehiagotara heltzea lortu dugu (zabalkundea %11 hazi da). Egun, Topagunean federaturiko tokiko aldizkariek 150.000 aleko zabalkundea dute.
- Tokiko telebistei dagokienez, une erabakigarrian gaude. Jaurlaritzako Kultura Sailak banatzen duen diruarekin euskarazko tokiko telebistek ezin diote digitalizazioari aurre egin, ez eta telebista berririk sortu. Gaur egun tokiko telebistei eskainitako 150.000 euroekin ezin da behar bezalako euskarazko tokiko telebisten sarerik osatu, are gutxiago, diru hori euskara hutsezkoak ez diren telebistekin partekatu behar badugu.
Kezka horiek eraginda, ondokoak dira tokian tokiko hedabideek alderdi politikoei eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariei Euskararen Nazioarteko Egunean egingo dizkieten eskariak:
- Tokiko hedabideok ziurtasuna behar dugu lanean jarraitu ahal izateko. Tokiko hedabideok euskaldunon etxeetara tokiko informazioa euskaraz eraman nahi dugu, ahalik eta gehienengana helduz, euskarazko hedabideak kontsumitzeko ohitura bultzatuz eta autonomiaz diharduten euskarazko erreferente informatiboak sortuz. Sektoreak laguntza egonkor eta jarraitua behar du, gure eginkizuna jarraitua eta epe luzekoa baita.
- Eusko Jaurlaritzak euskarazko hedabideen diru-laguntzen banaketaren politika aldatu beharra du. Urtetik urterako aurrekontuak aztertuta, datuek sektore batzuetan gero eta diru gutxiago aurreikusten dela esaten digute, eta ez da nahikoa euskararen garapenean urrats esanguratsuak emateko.
- Euskararen erabilerak duen garrantzia aurrekontuan isla dadila eskatu nahi dugu. Euskara Biziberritzeko Plan Nagusian erabileraren garrantzia azpimarratzen da, baina orain arte ez da aurrekontuetan islatu. Euskaraz ekoizten dena zabaltzeko bideak eta helburu horretara zuzendutako irizpideak behar ditugu.
- Urtetik urtera diru-laguntzak jasotzeko jasaten ari garen atzerapen larriak berriro ez daitezela errepikatu ere eskatzen dugu.
Erantzun
Sartu