Teknologia albisteak

Internet, euskaldunen zortzigarren probintzia

Erabiltzailearen aurpegia
Luistxo Fernandez - Eibar.org
2005-11-29 : 11:11

Internet, ezinbesteko esparru bat, iraungo badu euskarak. Ideia bera, bi pentsalariren testuetan. Lehenik Anjel Lertxundiren hitzaldi batean; ondoren Serafin Basauri euskaltzain urgazlearenean.

Joan den astean aurkeztu zen Eibarko Euskara lan mardula (hona kronika bat). Aurkezpen ekitaldian, Serafin Basaurik euskaltzain urgazle eibartarrak testu sentitu bat irakurri zuen. Bazkide duen elkarteak, Eibar.org-ek sarean jarri du testu hori, hemen

Eibarko euskaraz 21. mendean

Hona Serafin Basauriren testuaren pasarte bat:

Lehenguan irakortzen netsan Andu Lertxundiri, Bilbon Kultur Politiken Nazioarteko Konferentzian esandakuak, internetan desafixuari begira: euskarak zortzigarren lurraldea konkistatu behar du; teknologia berriena eta Internetena. Lurraldetasun fisikoaz gainera garrantzi betea du lurraldetasun birtuala ere bilatzea ziberespazioan. Hor ez dagoena ez da; hor ez bagaude, gureak egin du?

Ba honen harira esan gura neuke, badaguala eibarrespazioan Eibartarrak posta-zerrenda deritxon posta elektronikoz funzionatzen daben lekua, euskeraz edozeren gaiñian jardun zeinkiana, jentian arteko informaziñua trukatzeko, eta abar. Eibarko euskaraz idazteko aukera politta da, euskeria erabiliz eta idatziz ikasteko. Aukera bat da. Zerrendia bizi bizixa da eta asko ikasten da, euskerian gaiñian zein bestelakuen gaiñian.

Anjel Lertxundik eman zuen hitzaldi bat hartu zuen Basaurik erreferentziatzat. Hitzaldi haren testua Erabili.com gunean dago osorik. Jarraian, Interneti dagokion alorra kopiatzen dugu:

Lurraldetasuna edo gu gara zortzi probintzi

Alarma-dei ugari entzuten ari gara teknologia berriak direla-eta. Egunotan, azkena: Unescoren ustez, gaur egun munduan hitz egiten diren sei mila hizkuntzetatik ia gehienak hilda egon daitezke mende hau bukatzerako, eta prozesu horretan Internetek eragin sekulakoa izango omen du. Aurreikuspen apokaliptiko horren aurrean nik ez daukat hemen aldarri bat egitea beste biderik: gu gara zortzi probintzi. Edo, beste modu batean esanda, euskarak zazpi lurralde naturalak izateaz gainera, zortzigarren bat konkistatu behar du: teknologia berriena, Internetena.

Orain arte lurraldetasun fisikoak ­"gu gara zazpi probintzi" kantatzeak­ indar handia zuen, horrekin lurraldetasunari ematen ari gara gure etorkizunaren giltza. Ez naiz auzi horri garrantzia kentzen hasiko, baina lurraldetasun fisikoaz gainera, garrantzi betea du lurraldetasun birtualaren konkistak ziberrespazioan. Hor ez dagoena ez da; hor ez bagaude, gureak egin du. Joanak dira familiak, kaleak eta elizak hizkuntza baten transmisioa guztiz ziurtatzen zituzten garaiak. Aspaldi ikusten ari gara eskolak, eman dezakeen guztiarekin ere, badituela bere mugak transmisioari dagokionez. Badakit teknologia berriak ez direla panazea, baina badakit ziberrespazioan geure zortzigarren lurraldea bilatu gabe ez dugula ezer lortuko.

Euskarari eta euskal kulturari eutsi nahi badiegu, ezin dugu beste hizkuntzen eta beste iniziatiben maizter izan. Iniziatiba partikular askok ikusi du hori eta ezingo diegu sekula behar bezala eskertu gaur egun euskarak eta euskal kulturak Interneten duten tokia. Ez da, ordea, inondik ere aski. Hor gero eta presentzia handiagoz egoteaz gainera, egote horri etekin kulturalak eta etekin ekonomikoak ateratzen jakin behar dugu. Baliabide ekonomikoak behar ditu euskarak, baina, aldi berean, gero eta gaiago da euskara aurrez egindako inbertsioak itzultzeko. Teknologia berriek eta Interneten bide horretan jarri behar dute, Internet, beste gauza askoren artean, bai baita merkatua ere.

Erantzun

Sartu