Gijondik bueltan hona hemen Fundamentos Web delakoan erabilgarritasunari buruz entzun genituenak. Jakob Nielsenek bere betiko pauten errepasoa egin eta oraindik ere, duela 5 urte erabiltzaile testetan detektatzen ziren errore berdinak egiten direla azpimarratu zuen. Teknologikoki sarea asko aurreratu da, deskarga denborak askoz motzagoak dira eta erabiltzaileak ere lehen baino adituagoak dira baina oraindik ere garatzaileok errore berdinak errepikatzen ditugu:
Home edo sarrera orriari buruz ere aritu zen. Jendeak Interneten ez du irakurtzen, eskaneatu egiten du, letra handienetan idatzita dauden lehenengo hiru hitzak irakurtzen ditu eta bila dabilena ez badu topatzen beste norabait doa. Horregatik sarreran benetan garrantzitsua dena ipini behar da. Zer azpimarratu nahi dugun erabaki eta hori bakarrik ipini.
Galdera erantzunen tartean egoera nahiko deseroso bat sortu zen aurreko egunean: irisgarritasunari buruz aritu zen John Slatin hizlari itsuak komentario bat egin eta Nielsenek irisgarritasunak dirurik ematen ez zuela erantzun zionean.
Hala ere, Nielsen izan da hizlari guztietatik gehien gustatu zaidana bere xelebrekeria, keinu, melenita orraztu-orraztu, jaka horroroso, gerriraino igotako praka eta tik guztiekin.
Zeldman entzuteko aparteko ilusioa neukan. CSSekin lanean hasi nintzenetik bera izan baita maisua baina, Nielsen ez bezala, oso hizlari txarra da Zeldman. Ideia batetik bestera salto egiten zuen logika handiegirik gabe eta ez zuen asmatzen gauzak ondo azaltzen. Hala ere hona hemen esandako batzuk:
Edukia (HTML) eta diseinua (estilo orriak edo CSS) bereiztu beharra dago. Horren abantailak:
Guzti honek webgunearen garapena asko merketzen duenez, aurrekontuaren zati bat eduki hornitzaile batentzako edo ilustrazio edo eta argazki batzuk erosteko erabili ahal izango dugu.
Kode garbi eta markatze semantikoaren alde ere hitz egin zuen, eta honek bilatzaileei eta irisgarritasunari egiten dion mesedeaz. Google da erabiltzaile itsu garrantzitsuena.
Explorer 7.0ri buruz ere hitz egin zuen eta behin betiko estandarrak jarrai ditzaten Microsoftekin egindako bileretaz, baina ez zigun ziurtatu oraingoan ere hanka sartuko ez dutenik.
Nolabait laburbilduz. Webgintzaren hiru oinarri nagusiak estandarrak, erabilgarritasuna eta irisgarritasuna direla esan dezakegu. Web erabilgarriak egiteko berebiziko garrantzia dute erabiltzaileekin egindako testak. Erabiltzailean pentsatuta diseinatu beharra daukagu. Bestalde, abenduaren 31tik aurrera, legez, gobernu erakundeen webgune guztiak irisgarriak izan behar dira. Datorren urtetik aurrera modako berba bihurtuko da irisgarritasuna erabilgarritasunarekin batera. Webgune erabat irisgarriak egitea zaila bada ere, estandarrak erabiliz eta erabilgarritasunari erreparatuz hurbil ibiliko gara.
Erantzun
Sartu