Hilaren 28an (astelehenez), Literatur Solasaldien 3. saioa izango dugu, Donostian, Harkaitz Canok gidatuta. Saio berezia izango da: poesia eta poetikari buruzko liburu bat izango delako solasgai, eta bi poeta izango direlako bertan, solaskide eta errezitatzaile.
Komentatuko den liburua, Poetikak & Poemak, poesiari buruzko eta poema liburua.
Iban Zaldua paratzaile, gogoeta egiten dute euren poemagintzari buruz (eta poetikari buruz, oro har) bost poetak: Rikardo Arregi Diaz de Herediak, Miren Agur Meabek, Joseba Sarrioaindiak, Castillo Suarezek eta Kirmen Uribek (egia esan, Sarrionaindiak berak ezin eta Aitzpea Azkorbeitia arduratu da haren poetikaren funtsari buruzko zenbait arrasto adierazteaz, iurretarraren hainbat testu, pasarte eta poemaren bitartez).
Poetaren/Poesiaren zeregina; zergatik/zertarako idazten da poesia? zerk du axola poesian-poetikan, eta zer ez? poesia ulerkorraren kontua (alegia, poesia, euskaraz ala egunkarieraz?); hitzen toxikazioa/destoxikazioa, garbitze-lana; adierazia/adierazpidea; poema/kanta (liburua al da poesia transmititzeko bide bakarra?); hitzak/keinuak... Horiek eta beste horrelako gai batzuk tratatzen dira liburuan.
Harkaitz Cano solasaldiaren gidatzaileaz gain, Castillo Suarez eta Kirmen Uribe izango ditugu solaskide, eta poesiari buruzko beren ikuspegiaren-esperientziaren adierazle (edo zalantza argitzaile (?), behinik behin).
Solasaldiaren ondoren (Rikardo Arregiri kasu eginda) Lurrera jaitsiz, eta garrantzizkoagoa denez emaitza pobre eta erreala hausnarketa teoriko eta zerutiarra baino, ... hainbat poema irakurriko dituzte Suarezek eta Uribek.
LITERATUR SOLASALDIA-ERREZITALDIA
Liburua: Poetikak & Poemak (Erein argitaletxea)
Gidatzailea: Harkaitz Cano
Parte hartuko dute: Castillo Suarez eta Kirmen Uribek.
Eguna: azaroaren 28a (astelehena)
Ordua: 19:30
Lekua: Udal Liburutegiaren Ekitaldi Aretoa (sarrera, San Jeronimo kaletik)
Antolatzailea: Donostia Kultura
Gustuko duena, ongi etorria, jakina.
Erantzun
Sartu