Teknologia albisteak

LANERA! Urola Kostako enpresak euskalduntzeko plana abian jarri da

Erabiltzailearen aurpegia
Miel Guridi - Urola Kostako Udal Elkartea
2005-11-20 : 19:11

Urola Kostako sei enpresak euskararen erabilera gehitzeko "Lanera!" egitasmoan parte hartzeko hitzarmenak sinatu dituzte. Egitasmoaren sustatzaileak Urola Kostako Udal Elkartea eta Aia, Getaria, Orio Zarautz eta Zumaiako Udalak izan dira eta Aholkularitza teknikoa Elhuyar Aholkularitzaren ardura izan da.

Urola Kostako Udal Elkartea 2001ean hasi zen lan-munduan euskara sustatzeko egitasmoa lantzen. Enpresen ordezkariekin, sindikatuetako ordezkariekin eta prestakuntzako eragileekin hainbat lan bilera egin ondoren, Lanera! egitasmoa diseinatu eta martxan jarri du.

2005ean eskualdeko 38 enpresarekin jarri gara harremanetan, programan parte hartzeko eskaintzarekin. Uztaila eta irailean egindako bisita eta elkarrizketen ondoren, eskualdeko 6 enpresak euskara plana diseinatzeari baiezkoa eman diote: EVAI, ARIN Y EMBIL, ELECTRICIDAD ERNE, GKN DRIVELINE, KORTA eta GUASCOR.

Oro har enpresen harrera oso ona izan da, eta hitzarmena sinatu duten horiez gain, asko dira datorren urtean egitasmoan parte hartzeko borondatea agertu dutenak.

Lanera! egitasmoaren helburua Urola Kostako herrietan euskara lan-munduan bultzatzea da, euskarak aurrera egin dezan, gizartean egiten dituen aurrerapausoak lantegietan ere egin ditzan.

Egitasmoaren ezaugarriak:

Hitzarmen bidez bideratzen da egitasmoa. Enpresek, Udal Elkarteak eta Udalek hitzarmenak sinatu dituzte:

  • Enpresek euskara enpresaren jardunean integratzeko plan bat diseinatzeko konpromisoa hartu dute.
  • Udal Elkarteak eta udalek, prozesu hori bultzatzeko laguntza emateko konpromisoa hartu dute. Hau da, aholkularitza-zerbitzuaren kostua diruz lagunduko dute. Zerbitzu horrek barne hartuko ditu: euskararen egoeraren diagnostikoa, euskara-planaren diseinua eta garapena, HPSko diru-laguntzen kudeaketa, planen garapenaren koordinazioa, etab.

Hurrengo urratsak:

Udal Elkartea eta Elhuyar Aholkularitza enpresekin lanean hasiko dira berehala bertan, eta honakoak bideratuko dituzte:

  • Enpresa bakoitzak bere enpresan euskara sustatzeko plana diseinatuko du (hurrengo bi hilabeteetan)
  • Ondoren plana garatuko du (neurriak martxan jarri eta ebaluatu)
  • Enpresetako planek 3 urteko iraupena dute

2006an beste 6 enpresa:

Lanera! egitasmoak hurrengo bi urteetan ere, hau da, 2006. eta 2007. urteetan ere, zabaltzen jarraituko du eta beraz, Urola Kostako gainerako enpresek aukera izango dute euskara-plana martxan jarri eta Udal Elkarteak horretarako emango dituen laguntzak bereganatzeko. 2006an beste 6 enpresa sartzeko helburua du Udal Elkarteak. Udal Elkartea itxaropentsu dago, enpresekin izan dituen harreman eta bisitetan enpresa asko agertu baita datorren urtean programan sartzeko prest.

Erantzun

Sartu