Teknologia albisteak

200. emailua heldu zaigu e-posta bidez

Erabiltzailearen aurpegia
Iban Arantzabal - Sustatu
2005-11-17 : 10:11

Gustura jasotzen ditugu emailuak postaz eta fin dihardute lanean Armiarmakoek ere. horren seinale 200 emailu jaso izana. Zenbaki borobila aitzaki hartuta elkarrizketa egin diegu Armiarmakoei e-posta bidez. Zorionak, noski, ekimenagatik.

  • Mailu bat, e-posta bat, literatura... zer demondre da hau?

    Emailuak , Susan duela zenbait urte e-mail bidez zabaltzen hasi ginen literatur albistegiak dira. Literaturaz berba egiten dugu, posta elektroniko mezuak dira, gure irakurleen artean zabaltzen direnak, ez bakarrik argitaletxearen berri emateko, baizik eta literaturaren sarean nabigatzeko baliabide moduan.

  • Mailu batek danba egiten du, eta danba berriz. emailuak? liburuek astintzeko balio dutela onartuta... balio dute emailuek?

    Poesia mailu bat da idatzi zuen Gabriel Arestik. Eta bai, guretzat mailua poesia da, literatura. Mailu elektronikotzat dugu tresna hau, literaturaz jarduteko balio digutenak. Buruan jo barik, gogoratzeko kolpeak dira gureak. Aizu! Hemen da literatura, liburu hau, idazle hori, gai hau, errezitaldi bat, iragarri eta mezuak pasatzen ditugu, literaturaz beti ere.

  • Lehena 2002ko urtarrilean izan zen. Ordutik 200. Literatura ekimenak iragartzetik harantzago egin da emailuen bidez:

    Iragarri baino gehiago, sarean bertan literaturaren presentzia sustatu dute Emailuek. Balio izan dute, asteroko dinamika bat pizteko, adibidez gure artean. Emailuek balio izan digute literaturaren sarean murgiltzeko, astero liburu oso bat sarean jarri eta iragartzeko, gure poeten ahotsa grabatzen jarraitzeko, literatur ekimenei bultzada egiteko. Gaur egungo gure literatur jarduera, ezingo genuke ulertu Emailu barik. Armiarma.com literaturaren sarean murgiltzeko, mezuak dira Emailuak.

  • Efemerideetan lan handia. Izango du paperean jarraipenik lan honek? Egutegi bat? Egunkarietan egiten dira normalean holakoak... gureetan hutsuneren bat nabaritu duzue lan hau hartzeko?

    Efemerideetako lana, paperetik sarera ekarri dugu. Hemen eta han sakabanaturik zeuden datuak, elkarren ondoan jarri, konparatu, zuzendu eta astero banatzen ditugu. Emailuetan efemerideak eskaintzen hasi, eta Zubitegia sortu genuen gero. Jaiotza eta heriotza data nahikoa da, egile bakoitzaren obrara zubia eraikitzeko, egile horrek idatzi duenaz ez eze, egileari buruz idatzi denari buruz jakiteko. Zubitegia eta Emailuak egun, eskutik doazen ekimenak dira.
    Paperez ezer egitea ordea, ez dugu pentsatu. Baina ikusten dugu –entzun gehiago- Emailuak edota Zubitegia bera erabiltzen direla adibidez, kultur irratsaioetan edo erreportajeetan. Blogetan ere, asko linkatzen dira idazleen izenak bere zubitegiko orrira, eta horretaz oso pozik eta harro gaude. Gurea kultur zerbitzu publikoa da, literaturaren eremukoa. Hori da gure papera.

  • Joaneko mezu zaparrada da beti emailua. Feedback-a lortzeko aukera ez duzue faltan nabari?

    Eta ematen da. Jendeak idatzi egiten digu, proposamenak luzatu. Jaiotegunak zehaztu, galderak egin, Emailua beste lagun batzuei ere igortzeko eskatu. Feedback keinurik garrantzitsuena irakurtzen jarraitzea da hala ere, eta uste dugu Susako liburuek ere, maila batean eskertzen dutela Literatur Emailuen jarduna. Zertxobait gehiago saltzen da orain liburu bakoitza, tendentzia globalen kontra. Badakizue, orain liburu gehiago eta tirada txikiagokoak argitaratzeko joera dago, guk ordea, liburu bakoitza arean gehiago saltzen dela frogatu dugu, eta pozik gaude zentsu horretan ere.

  • Funtzionatzen du buletin estiloak. Blog formatua izan dezakeela ere badirudi...

    Gure artean sarritan berba egiten dugu horretaz. 200 astez jo ta su lanean arituta, tentazioa izaten dugu Emailuen bloga sortzeko ere. Baina, horrenbeste gune ditugu elikatzeko, horrenbeste gauza digitalizatzen ari gara... nork bere bloga ere badugu armiarmako batzuk, eta Emailuak e-posta bidez egiten jarraituko dugu, momentuz behintzat. Jende askorengana iristen gara, eta jarraituko dugu.

  • Ez zarete e-postako letretan bakarrik geratu. Loturak egiten dira askotan: artikulu zabalagoetara, poetak entzun daitezke errezitatzen... hor badago egitura sendo bat: susa-literatura.com

    Bai, hipertestuan sakontzea da gure aukera. Aukera oso ona da Emailua hipertesturako ere. Igorri genuen lehen mezutik, loturaz betetako mailukadak bialdu ditugu. Apurka, gero eta lotura gehiagotara link egiteko aukera daukagu gainera. Zentsu horretan susa-literatura.com eta armiarma.com bera ere hazten joan dira denbora guzti honetan. Euskal literaturak gero eta eremu handiagoa osatzen du Internet sarearen baitan, eta poztekoa da hori. Abiatu ginenean, inbidiaz ikusten genituen beste literatura batzuk, galiziarra eta kataluniarra adibidez, sekulako liburutegi digitalak zituzten, idazleei buruzko webguneak eta... Eta hara ere loturak egiten genituen. Ohartzeko, konturatzeko. Eta gu geu ere, gure sarea hedatzen –ehuntzen- joan gara. Emailuak akuiluak izan dira zentsu horretan.

  • Amaitzeko: "literatura albistegi hau gure lagun batek jaso gura badu":

    Mezu bat igorri susanews@armiarma.com gunera, zure lagun batena, zure ikaskideena, lankideena, literaturzalea bada, ziur atsegin handiz hartuko duela, ahal dala behintzat, jakinaren gainean jarri ezazu zure lagun hori, ez diezaiogun balizko Spamik igorri. Literatur oparitzat hartu dezan. Gure hartzaileen kopura apurka-apurka handitzen ari da. Eta konturatzen gara, gure liburuen irakurleak direla azken finean, gugandik gero eta gertuago daudenak, komunikazio kanal bat ere badutenak. Eta gero komunikazio kanal hori, idazleengana ere heltzen da, edo beste egileengana, editorialera... hamaika bide hartzen dute Emailuek, duda barik.

Erantzun

Sartu