Bilbon egon naiz bi egunez, erabat off-line. Halabeharrez, Informazioaren Gizartea esango dizute, baina egon naizen nazioarteko biltzarrean, ez dut ordenadorea piztu eta munduari zer ikusten eta sentitzen dudan adierazteko aukerarik izan. Patxi Gaztelumendi Kultur Politiken Nazioarteko Biltzarrean izan da Bilbon, eta kronika idatzi du, honaxe kopiatua bere blogetik han duen lizentziari esker.
Wi Fi sarearen propaganda egingo dizu SPRIk han eta hemen. Diru publikoa erabilita, sarea jarri du Euskaltelek han, eta konektatu gura izan ezkero, platikozko txartelagaz ordaindu behar. Ez daukat plastikorik soinean, kazetaria naiz… sentitzen dugu, izorra nadin…
Eta belarriak zabaldu ditut, antenen ordez. Hitzaldiz hitzaldi egon naiz, entzule. Entzun ditut mahai berean Ibarretxe eta Armand Mattelart. Euskara, kulturaren ardatza dela esan zuen euskaraz, we are a nation aipatu zuen ingelesez, eta beste hamaika ideia korrekto Informazioaren Gizarteaz, jakintza eta kulturaz. Bretxa digitala gainditzea helburu, Laudiokoak. Belgikarra UNESCOren txostenari buruz jardun zitzaigun, Salbuespen kulturalaz, eta beste hamaika ideia interesgarriren gainean. Ibarretxeren jarduna baino Mattelartena interesgarriagoa egin zitzaidan.
Ez ordea hara bildu ziren telebista kamara guztiei, a ze espantada! Diskurtso ofiziala -lehendakariarena- bukatu eta arrapalada baten alde egin zuten guztiek. Salvador Allenderen komunikazio aholkulari izandakoa, han geratu zen, hizlari. Guri. Eta gu adi, berari. Bere hitzei. Adi adi.
Aditu nuen ostean, Enrique Bustamanteren Komunikazioa eta kulturari buruzko jarduna -oso hitzaldi interesgarria ordu erdi azkar batean- edo Quebeceko komunikazioaren behatokiaz zeozer ulertu dut Serge Bernier ekonomilariaren ahotik.
Euskararen eremuak
Politikari eta antolatzaileek konklusio txostenak erredaktatzen zituzten bitartean, Anjel Lertxundiren hitzak, argiak bezain zuzenak, beharrezko bezain aholkugarriak iruditu zaizkit, kultur planak diseinatzen eta gauzatzen jarriko ei garen honetan. Eremu libreak eremu konpartituak bere hitzaldiak, gogoetarako zubi asko eraiki ditu, berez, txostena irakurtzeari ekingo diot, beste behin, eta bere berbetan murgilduko naiz. Gaur gauez, eta bihar goizean. Irakurri eta gogoeta egin, euskarari buruz, eremu libreaz, eremu konpartituaz. Munduaren neurriaz.
Andu Lertxundi agurtu, 8. herrialdeko lagunak garela elkarri aitortu, eta kafe bat hartu dugu gero, eta berbetan jarraitu dugu, aspaldiko lagunak bagina bezala. Bere aurkezle lana baino gehiago egin du Juan Mari Torrealdaik. Polito. Duin. Eta nazioarteko biltzarrekoak baino gai hagitzez garrantzitsuagoak hartu ditugu kafearen usainean, zinez. Aritu gara telebistaz, eta balizko ikusentzunezko kontseiluaz, irratiaz eta programazio arduradunetaz, literaturaz eta munduaz. Eta berba egin, eta kafea amaitu da. Eta orduan nork bere bidea hartu du. Nik, Ikusentzunezko komunikabideen erronkak nituen entzungai. Eta hitzaldiak hemen, hitzaldiak han.
Eta amaitzeko Frantxis Lopez Landetxeren saiora joan naiz, eta aurretik izan du jardun horretan Bartzelonako Diputazioko kultur arduraduna, Eduard Miralles. Eta Estatut osteko kultur jardueraz ere mintzatu da, eta hontaz, eta hartaz. Frantxis ere 8. herrialdeko ezagun nuen, behinola elkarrizketa egin nion irratia.com-en, eta kultura eta sarearen logikaz esan dituenak asko gustatu zaizkit. Gertuko adibideak jarri ditu, eta orain badakit KM kulturuneak zergatik daukan, daukan arrakasta. Gipuzkoa, erreferentzia da teknologia berriak eta kulturgintzaren alorrean, eta ulertu dezaket zergaitik. Izango da aurrerantzean ere. Periferian izango gara gu, hemen, wifi barik.
Kulturaren euskal planaz jardun dira, besteak beste, hemen. Euskal planaren kultura dela hau aipatu genuen behin lagun artean, aspaldi ez dela, antzoki batean, garagardo artean; zelan ostantzean. PVC deitu diote gaztelania korrekto batean -hizkuntza ofizialena biltzar honetan-. Eta bai, plastikozkoa ematen du planak, vasco ere bai, cultura eta kultura biak bultzatzea ditu xede. Hemen. Off.
Erantzun
Sartu