Teknologia albisteak

Bilboko Goi Bilera: Aitorpen Politikoa

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu - Bilbao 2005. Euskalduna Jauregitik
2005-11-12 : 19:11

Bilboko Goi-bileran bildu ziren alkate eta eskualde eta toki erakundeetako ordezkariek Informazioaren Gizarteari buruzko Hiri eta Agintari Lokalen Munduko II. Goi-Bilerako aitorpen politikoa sinatu zuten. Besteak beste, Software Librea sustatu, e-tokiko agendak bultzatu, Ipar eta Hegoaren arteko arraila desagerrarazteko borrokatu edo e-inklusiorako baliabideak jartzera konprometitu dira. Hemen duzu aitorpena.

Sinatutako dokumentuak 44 puntu ditu:

  • bederatzi puntuko Sarrera,
  • hamar puntutan bildutako Printzipio eta Balioak, Bilboko Dekalogoa alegia,
  • hamaika Konpromiso, Tokiko eta eskualde esparruetan eta Mundu mailan hartzekoak,
  • hamairu Eskaera eta azken puntua:
  • Jarraipen eskakizuna

Konpromisoak honako hauek dira:

  • Berehalako konpromisoa eskatuko diegu mundu osoko hirietako ordezkariei eta agintari lokalei, beren esku dagoen guztia egin dezaten herritarrak Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien abantailez balia daitezen, eta bereziki, jakintza eta kulturaren sarbide unibertsala bidera dezaten;

Tokiko eta eskualde esparruetan

  • Gure herri eta eskualdeen garapenaren alde aktiboki lan egingo dugu, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak bitarteko gisa erabiliz garapena iraunkorra izan dadin dimentsio guztietan, baita ere komunitate guztientzat, eta, ildo horretatik, Ipar eta Hegoaren arteko arraila desagerraraz dadin, eta, bazterkeriaren eta gizarte zatiketaren kontra borroka dezagun;
  • Gure hiri eta eskualdeetan ezarriko dugu Tokiko Agenda Digitala (e-tokiko agenda), alegia, Informazio Gizartea sustatzeko diseinatua eta herritarren eta gizarte eragileen parte-hartzean oinarritua, beti ere, ingurune sozio-ekonomiko eta kulturalari bereziki adituz eta azken helburu modura garapen iraunkorra hartuko dugularik;
  • Indartu egingo dugu tokiko eta eskualdeetako gobernuek teknologi azpiegitura egoki eta segurua bermatzeko duten betekizun aktiboa, eta, aldi berean, IKT aplikazioak sustatuko ditugu teknologi azpiegituren baitan doazen zerbitzuetarako;
  • Software askea sustatuko dugu eta e-inklusioa eta elkartasun digitala errazten duten beste lanabes batzuk ere bultzatuko ditugu;
  • E-inklusiorako baliabideak mugiaraziko ditugu eta, behar izanez gero, finantzaketako mekanismo berrietara ere joko dugu;
  • Aitorpen honetan hartutako konpromisoak gauzatzera animatuko ditugu Informazio Gizarte zuzenagoaren garapenean inplikatuta dauden tokiko eta eskualdeetako erakunde guztiak.

Mundu mailan

  • Hirien, tokiko eta eskualdeetako gobernuen eta mundu osoan zehar dituzten elkarte guztien arteko lankidetza deszentralizatuko programak bultzatuko ditugu, arrail digitala gainditzeko;
  • Elkarrekin lan egingo dugu, agintari lokalen eta interesaturik dauden beste alderdi batzuen arteko lankidetza ekimenetan aktiboki parte hartuz; horretan Estatuak, sektore pribatua, nazioarteko finantza erakundeak eta Nazio Batuen sistema ere sartuko lirateke;
  • Elkartasun digitala sustatuko dugu, honelaxe:

a) Elkartasun Digitaleko Fondoari babesa emanez, eta boluntarioki finantzatzen lagunduz, finantzaziorako mekanismo egokien bitartez, adibidez, Genevako Printzipioaren bidez;

b) finantzaziorako edozein mekanismo deszentralizatu garatuz, boluntarioki ezarritako berdinen arteko lankidetza programen testuinguruan, non beste lankidetza metodo batzuk ere sartuko diren, hala nola, jakintza, prestakuntza eta aholkularitza teknikoa partekatzea, besteak beste;

c) elkartasun digitalaren aldeko beste fondo batzuk babestuz;

  • Elkartasun Digitalaren Agentzia, IT4ALL Sarea eta antzeko beste ekimen batzuk bezalako bitartekoak sustatuko dira, elkartasunezko programa horiek finantzatzen dituzten proiektuak bideragarriagoak izan daitezen.

Bilboko Aitorpen osoa hemen eskuratu dezakezu (Adi .rtf formatoa 174 KB)

Erantzun

Sartu