Goizean hiru Osoko bilera saio edo plenarioak Auditorioan, eta arratsaldean Euskalduna Jauregiko aretoetan zazpi Gaikako Lan-taldeen batzarrak eta bi Esperientzia Lokalen aurkezpen mahaiak egin dira. Neka-neka eginak bukatu dute nazioarteko ordezkariak gaurkoan. Bitxia: Software Librea lan taldeko ponentziak software jabedunean egin behar izan dira.
Ezinezkoa egin zaio jendeari aurreikusitako egitarau guztia jarraitzea. Ondorioz, goizean osoko bileratako hiru saioetara joan eta arratsaldean bakoitzak gustoko, interesgarri edo beharrezkoen dituen gaiak jorratzen diren batzarretara joan da.
Bilboko Goi Bilerako antolakuntza maila oso altua dela nabaria da. Horrela, antolatzaileek ia ekitaldi guztiak grabatzen dituztela eta grabaketen bideoak sarean ipintzeko asmoa dagoela jakin izan dugu.
Beraz, gaurkoan denetan egotea ezinezkoa egin bazaigu ere, egun gutxitan sarean egongo dira aurkezpen gehienak eta bertatik ikusteko aukera izango dugu.
Goi-Bileraren atal interesgarrienetarikoa gaikako lan taldeak dira. Gaurko lan taldeak honako hauek izan dira:
Lan taldeetako ondorioak plenarioetara eramango dira.
Beste guztietan bezala, Software libreko lan taldean aurkeztu diren ponentziak, - Brasilgoa, Boloniakoa, Burkina Fasokoa, Suediako, Extremadurakoa eta Buenos Aireskoa - oso interesgarriak izan dira. Partaidetzarako ez zegoen denbora larregi, baina izan dira ekarpen gehigarriak.
Baina, lan talde honetako aurkezleen ponentziak windows eta powerpoint bezalako software jabedunetan egiten ikustea benetan bitxia iruditu zaigu.
Nonbait, Martín Deira argentinarrak publikoki esan duenez, aurkezpenak Open Office-n prestatuta zituzten, baina antolakuntzak Microsoften power point formatoan aurkeztera derrigortu ditu.
Erantzun
Sartu