Teknologia albisteak

Arrue azterketaren inguruko bilera, Donostian

Erabiltzailearen aurpegia
Pablo Suberbiola - Soziolinguistika Klusterra
2005-11-04 : 11:11

Soziolinguistika Klusterrak, Hezkuntza Saileko Euskara Zerbitzuaren lankidetzaz, lan-bilera teknikoa egin du joan den azaroaren 2an. Donostian egin da lan-bilera hori, EHUren Ibaetako campusean. Bere izenburua honako hau izan da:“Haurren eta gazteen erabilera ikertzen”.

Izenburua ezezik, helburu nagusia ere horixe izan du bilerak: haurrek eta gazteek eskola-giroan egiten duten hizkuntza-erabilera ikertzea. Konkretuki, Arrue proiektuaren bidez zer egin den azaltzea eta, batez ere, hizkuntza-erabilera ikertzeko metodologian aurrera egiten saiatzea.

Horretarako, esan bezala, Donostiako Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean elkartu dira bilerakideak: ikerketa horretan parte hartu duen zenbait aditu bertaratu da batetik, eta Soziolinguistika Klusterreko kide diren erakundeetako ordezkariak bestetik.

Soziolinguistika Klusterra 2004ko apirilean sortua da. Azken urte honetan, besteak beste, soziolinguistikarekin eta erabileraren neurketekin loturiko proiektuak landu ditu. Proiektu horietariko batean, Arrue programan hain zuzen, eskola-umeen hizkuntza-erabilera neurtzeko metodologia berariaz landu da: hori izan da, beraz, lan-bileraren aztergai nagusi. Ikerketa horretan, euskararen erabilera ikertzen lagundu duten hogei bat aditu ari izan dira Donostian, talde-lanean. Nor bere esperientziaren berri ematen, besteen esperientziak eta ikuspegiak ezagutzen eta, talde-dinamikaren bidez, ikerketa-eremu horretarako metodologiak proposatzen eta adosten saiatu dira bertara bilduak. EHUko Filologia, Pedagogia eta Psikologia eta Soziologia sailetan, Mondragon unibertsitateko HUHEZIn eta Deustun irakasle eta ikerlari-lanean ari direnak bildu dira, besteak beste, Donostian. Lantalde horien koordinazio- eta bateratze-lana Klusterrak berak egin du.

Asteazkenean egindako lan-bilerak, beraz, izaera teknikoa eta metodologikoa izan du batik bat. 2004-05 ikasturtean erabilitako metodologia eta maila esperimentalean lortutako emaitzak aztertu dira bertan, eta haurren eta gazteen erabilera hobeto neurtzeko eman litezkeen urratsak berariaz eztabaidatu dira. Euskararen soziolinguistikan eta erabileraren ikerketa-gaietan oso urriak izaten dira metodologiazko eztabaidak, foroak eta hobekuntza-taldeak. SL Klusterrak eta Hezkuntza Saileko Euskara Zerbitzuak positiboki baloratzen dute, horregatik, Arrue programa jardun-esparru horretan egiten ari den ekarpena. Urteak beharko dira, seguruenik, horrelako jakintza-sail teoriko-praktiko batean arnas zabaleko aurrerapauso sendorik egiteko. Horretan ere ibiliaz egiten da, ordea, bidea. Eta ibilian dabil, hain zuzen, Arrue proiektua.

SL Klusterrari dagokionez, bertako bazkide diren erakundeei ere gonbita egin zaie lan-bilera horretarako. Une honetan 16 erakunde dira Soziolinguistika Klusterreko bazkide (www.soziolinguistika.org), guztiak aldez edo moldez euskararen normalizazioarekin edota soziolinguistika-gaiekin lotura dutenak. Jardunaldian, ikerlariekin batera, ondorengo erakunde hauetako ordezkariak izan dira: EMUN, Elhuyar Aholkularitza, Eusko Ikaskuntza, EHUko Pedagogia, Soziologia eta Psikologia sailak, Urtxintxa Eskola, Artez, Euskara Elkarteen Topagunea, NeTELE (Nafarroako Euskara teknikarien elkartea) eta Hernaniko Udalaren Euskara Zerbitzua. Eta horiekin batera, esan bezala, SL Klusterra eta Euskara Zerbitzua.

Arrue programan egin litezkeen hobekuntzak aztertu eta eztabaidatzearekin batera, soziolinguistikazko ezagutza elkarri azaltzen eta garatzen saiatu nahi izan da, talde-lana indartuz. Hartarako urratsa ere izan nahi zuen lan-bilera horrek, SL Klusterraren asmoan. Helburu biak, halako neurri batean, ondo bete direla uste da.

Erantzun

Sartu