Bihar hamar urte Deleuze hil zela. Parisko bere etxeko leihotik Bizerte karrika bakartira jauzi egin zuen, arnasa arazoek ahiturik.
Joan den mendean kristau pertsonalismoak eragin handia izan zuen euskal pentsalarien artean, baita existentzialismoak ere, eta marxismoak. Aspaldion, berriz, Deleuzeren lorratza besteak beste irudikatzearen gaineko Fito Rodriguezen gogoetan sentitu dugu, Joseba Tobar-Arbuluren finantza jario eta dirugintza trumoitsuan eta Imanol Galfarsororen erromesaldi subalternoetan.
Misterio bat: handia izaten da Z batek deitura apaintzen dien filosofoen kontzeptuen indar askatzailea, edertasun soil bat dario beren idazkerari: Lukrezio, Spinoza, Nietzsche, Azurmendi, Deleuze. Honek dioenez, Zig-zag azkar batek eman zien hasiera gauza guztiei, Z bat marraztu zuen euliaren hegaldi antzinakoak.
Bihar hamar urte Deleuze hil zela. Parisko bere etxeko leihotik Bizerte karrika bakartira jauzi egin zuen, arnasa arazoek ahiturik. Jasangaitzak zitzaizkion karrika ilun hartan (non Verlaine ere bizi izan baitzen) zakurra paseatzera ateratzen zutenen mintzamoldea abereari.
Deleuzeren filosofiaren puntu garrantzitsu bat: etxean zakurra edo katua duena, ergela da. Berak katua zuen. Katuei leporatzen zien beti igurtzi eta igurtzi ibiltzea. Zakurrei, ostera, zaunka, animalien erresuma zabaleko hotsik lotsagarriena.
Aberedunaren ergelkeria, zakurrari gizatasunez mintzatzean datza. Umeek ez dute horrelakorik egingo. Umea zakur bilakatuko da. Bilakatze hori ez da imitatzea zehazki, ezta eredu bati egokitzea ere. Sorgin kontua da gehiago, eta Deleuzeren filosofiaren funtsetako bat: emakume bilakatzea, ume, animalia, molekula.
Izatea eta bilakatzea bereizi ditu betidanik filosofiak eta Deleuzek Izatea, Unibertsala eta Batasuna utzi egingo ditu, Lukrezio, Spinoza eta Niezscherekin batera, eta bilakatzetik abiatuko da, singularretik, aniztasunetik.
Horrexegatik egiten zuen jurisprudentziaren alde eta giza eskubide unibertsalen aldarrikapen zuriaren aurka. Aldarrikapen mota hau intelektualentzako diskurtso gorrotagarritzat joko du, filosofian deus balio ez duena eta zuzenbidean are gutxiago.
Adibide bat jarri zuen 1989an: bada armeniarren barruti bat Turkian. Turkiarrek jo eta txikitu egin dituzte, genozidio bat. Ihes egitea lortu dutenak Errusiako beste esparru armeniar batera iritsi orduko... lurrikara! Triskantza berriro. Giza ezpataren ondoren, naturarena.
Orduan mendebaldeko intelektualek giza eskubideak errespetatu behar direla erabakiko dute eta bizirik irten baina hilzorian dauden armeniarrak goitik behera ditu hunkituko horrelako lagunen jakinduriak eta eskuzabaltasunak.
Deleuzek uste du armeniarren eguneroko bizimodua ez eskubide abstraktuek baizik legegintzak lagun dezakeela konpontzen, jurisprudentziak. Lan xehe horrek zinez sor lezake kokagune bizigarri bat armeniarrentzat. Bizitzarekin bat datorren legegintza zehatz arduratsuak askoz ere gehiago egin du jendearen alde, edozein unibertsalkeria txintxok baino.
Hamaika Lautada liburuan nabari duenez, Deleuzeri uzki hegalariak interesatzen zitzaizkion eta, horrenbestez, baita euskaldunak ere: Frantziaren eginbeharrik premiazkoena deszentralizazioa irudituko zaio, ezarririko Estatuetatik ihes egin nahi duten herriak aldeztuko ditu, gutxiengo etnikoen umore berezia goraipatuko du eta Giscard DEstaing-en harridura oroitaraziko: hara, badirudielarik nolabaiteko oreka erdietsia dugula Mendebaldearen eta Ekialdearen artean, hor altxatuko zaizu korsikar bat, euskaldun bat, palestinar bat, hegoalderen bat, finkatua zirudiena berriro kordokatuz. Hegoaldea, noski, hemen ez da geografikoa, guztiok dauzkagu gure hegoaldeak, gure basamortuak eta uharte desertuak.
Nire buruaz hitz egiten ausartuko naiz: liburuen iruzkinak egiteko orduan metodoari dagokionez Bob Dylanek eragin dit gehien. Eta jarreraz denaz bezainbatean, Deleuzek: honen lema asmatu eta egin nahi duzuna izan liteke, San Agustinena pixka bat aldatuz.
Deleuze ez da maisu akaparatzaile bat, ez zuzenki ez lerroartean ez dizu iradokitzen berari buruz idatzi beharko zenukeela, ez zitzaion burutik ere pasatu eskolaren bat edo antzekorik antolatzea, nahiz eta aitatxoren baten beharrean zen anitz gazte hurbildu zitzaion bere burua dizipulu gisa eskainiz.
Ez, Deleuzek arrapostu, zoaz, ikasi bakarrik egoten, ez galdu denborarik eztabaidetan, kontuz ibili lagunekin, tentuz batez ere komunikatiboekin.
Habermas Parisa zetorrelarik Foucault (honetan ere Deleuzeren ezpaleko) ezkutatu egiten zen, Jürgenen telefono deiaren beldurrez.
Erantzun
Sartu