UEUk kudeatzen duen euskal komunitate zientifiko-intelektualaren datu-basea, INGUMA, bi berrikuntzekin jantzi da. . Dagoeneko datu-base honetatik dokumentuen kontsulta zuzenak egin eta material digitalizatuak aurkitu daitezke, unibertsitate-mailako ikerketa, irakaskuntza edota kontsulta erraztu eta aberasteko helburuarekin.
Inguma, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz, UEUk sortu eta garatutako Euskal Komunitate Zientifikoaren datu-basea da. Bertan azken 35 urteotan unibertsitate mailako zientzia eta jakintza-alor bakoitzean euskaraz ekoitzi denari buruzko oinarrizko informazioa eskaintzen da. Era honetan, Inguma datu-basean Euskal Komunitate Zientifikoan oinarri diren produktuak eta egileak bildu dira.
Ahozko (hitzaldi, ikastaro, irakasgai,...) zein idatzizko (liburu, artikulu, edizio, kritiko, itzulpenen...) dokumentuen oinarrizko informazioa eskaintzeaz gain, Ingumak, Euskal Komunitate Zientifiko sakabanatua trinkotzea du helburu. Xede horri jarraikiz, Inguman komunitate zientifikoan parte hartzen duten egileen posta elektronikoak (edo/eta web-orriak, blogak ) jaso dira, beraien arteko ezagutza eta komunikazioa ahalbidetzeko.
Hauek dira INGUMAk eskaintzen dituen zerbitzu berriak:
ZIURTAGIRIAK Inguma datu-basea unibertsitateko kideen curriculum-garapenerako lanabesa bihurtzeko aukera sortu dugu. Une honetan Inguma datu-basean, Euskal Komunitate Zientifikoaren datu-basean egile gisa erregistratuta dagoen pertsona orok bere ekoizpen zientifiko-kulturalen ziurtagiria eska dezake. Ziurtagiria PDF formatuan posta elektroniko bidez igortzen zaio zuzenean egileari.
EUSKARAZKO PRODUKZIOAREN OINARRIZKO ERREFERENTZIA Inguma datu-basean ia 25.000 dokumenturen oinarrizko erreferentzia dokumentala jaso da. Idatzizko dokumentuak kasuan urrunago jo du UEUk eta obraren erreferentzia bibliografikoarekin batera (izenburua, egilea/-k, ekoizpen urtea eta erakundea eta sailkapena), dokumentuaren URLa edo sareko esteka eskaintzen da, ekoizpenaren gaineko kontsulta telematikoa ahalbidetzeko. Horrela, zuzenean irakur daitezke 2.577 artikulu, 70 HAA (liburu-aipamen, hitzaurre, liburu-atal edo edizio kritiko), 28 liburu, 99 itzulpen eta 2 doktorego-tesi. Guztira une honetan Inguma datu-basetik 2.807 idatzizko dokumenturen kontsulta zuzena egin daiteke.
DOKTOREGO-TESIEN ARGITALPEN ELEKTRONIKOA Inguma datu-basean euskaraz egindako 233 doktorego-tesi katalogatuta daude. Kontutan hartuta dokumentu-mota honek euskarazko produkzioaren sustapenean eta komunitate zientifikoaren trinkotzean izan dezkakeen garrantzia, Udako Euskal Unibertsitateak, euskarazko doktorego-tesiak euskarri elektronikoan (PDF formatuan) argitaratzen dihardu. Doktorego-tesien argitalpen digitala, egileen baimenaz egiten da, ISBN zenbaki dauka eta Inguma datu-basetik zuzenean eskura daiteke. Une honetan Inguma datu-basean 8 doktorego-tesien argitalpen digitala kontsulta daiteke.
Erantzun
Sartu