Teknologia albisteak

Eusko Ikaskuntzak Garapen Iraunkorrari buruz sortutako Gazte Foroan pate hartzeko epea zabalik

Erabiltzailearen aurpegia
Eider Ruiz - Verbax Komunikazio Aholkularitza
2005-10-17 : 13:10

Eusko Ikaskuntzak Garapen Iraunkorrari buruzko Kongresua antolatu du. Kongresua, azaroaren 29 eta 30ean eta abenduaren 1ean ospatuko da Bilboko Euskalduna Jauregian. Kongresuaren azken eguna Gazte Forora eskainiko da, eta ikasleek bertan pate hartzeko epea zabaldu da.

Kongresuko antolatzaileek eta unibertsitate desberdinetako Ikasle Kontseiluek Garapen Iraunkorraren Kongresuan gazteen iritzia entzutea garrantzitsua dela adierazi dute. Horregatik, Gazteen Foro paralelo bat sortu da, Euskal Herriko gazte unibertsitarioek Garapen Iraunkorraren inguruan beraien iritzia eta ikuspuntua eman dezaten.

Gazte Foroa aurrera eraman ahal izateko, Euskal Herriko Unibertsitate guztietako ikasleen laguntza beharrezkoa da.

Urriaren 21erarteko epea

Gazte Foroaren funtsa ikasleek garapen iraunkorraren inguruan iritzi propioa izatea da, beti ere, beraien jakintza eta ikasketak kontutan hartuta. Horretarako, ondorengo lan egutegia zehaztu da:

1) Urriaren 21ean amaitzen da lan talde desberdinetan parte hartzeko izena emateko epea.

2) Urriaren 24tik 28ra fakultate bakoitzeko lan taldeak tematikoki elkartuko dira. Bilera honetan, tutore edo Eusko Ikaskuntzako kide batek egoeraren analisi laburra egingo du. Ondoren, parte hartzaileek lana banatzeari eta informazioa jasotzeari ekingo diote.

3) Azaroaren 7tik 11ra, bigarren bilera izango da. Bertan, ikasleek garapen iraunkorrari buruzko iritziak emango dituzte, lortutako informazioa elkartrukatuz eta ondorengo galderei erantzunez:

“Zer gertatzen ari da?”

“Zer gerta liteke?”

“Zertan eta nola erasaten digu?”

4) Azaroaren 14tik 18ra, azken bilera izango da. Bilera honetan, egindako lanaren ondorioak laburbilduko dira eta fakultate eta lan talde bakoitzeko ordezkariak aukeratuko dira.

5) Ordezkariak, beste fakultate eta unibertsitatekoekin elkartuko dira azaroaren 24an UPV-EHUko Leioako Kanpusean. Bertan, ikuspuntu orokorra landuko da. Bilera eta debate honetatik irtengo diren ondorio eta ikuspuntu desberdinak dira Gazte Foroan planteatuko direnak abenduaren 1ean Bilboko Euskalduna Jauregian. Ideia hauek, administrazio, enpresari eta Euskal Herriko gizarte osoaren aurrean planteatuko dira Kongresu egunean.

Lan Taldeak

Lan taldeak Eusko Ikaskuntzak sortutako berdinak izango dira:

• Lurralde eta bere Baliabideen Antolaketa eta Kudeaketa

• Gizarte Arloa

• Enpresa Dinamismoa

• Ekonomia eta Fiskalitatea

• Energia

• Garraioa

Hala eta guztiz ere, ikasle kontseilu bakoitzari autonomia ematen zaio gai berriko lan taldeak sortzeko. Biosanitario, erizain, mediku etab.en iritziak eta irakasle eskolakoak oso lagungarriak izan daitezkeela deritzogu. Hortaz gain, Komunikazio eta Gizarte Zientzietako ikasleek proiektuaren difusioan ere lagundu dezakete. Lan talde berri bat sortzeko baldintza bakarra 10 ikaslez osatuta egotea da, eta horietako bat ordezkaria izatea, lan taldeak ateratako ondorioak beste lan taldeei ezagutarazteko.

Kongresua eta Gazte Foroa ezagutzera emateko, Ikasle Kontseilu bakoitzak Kongresuko kartelak ipiniko ditu. Bestalde, ikasleek Kongresuan parte hartzeagatik aukera askeko kredituak jasotzeko informazioa ere zabalduko da. Lan talde hauetan parte hartzeagatik baita ere diplomak jasoko dituzte ikasleek.

Gazte Foroan parte hartzeko interesa duzuenok informazio gehiago ondorengoetan aurkitu dezakezue: gazteforoa@gmail.com eta 94 601 26 16 telefonoan.

Erantzun

Sartu